Eduki publikatzailea

UPV/EHUko 500 ikaslek lan-mundura txertatzeko eta ekintzailetzarako laguntza berriak jaso ahalko dituzte

Eusko Jaurlaritzak eta hainbat hezkuntza-erakundek gaur sinatu duten hitzarmen-markoari esker bi jarduerok indartzeko bidea ireki da.

Lehenengo argitaratze data: 2017/07/19

Irudia

Hitzarmen-marko garrantzitsu bat sinatu da, eta horren helburua da lanbide-trebakuntza hobetzea, hezkuntza-mundutik lan-mundura igarotzeko diru-laguntzen eta ekintzailetzarako diru-laguntzen bitartez. Diru-laguntza horiek jaso ahalko dituzte 2016/2017 ikasturtean unibertsitate-gradu bat gainditu dutenek, 2017/2018 ikasturtean azken urtean matrikulatu direnek edo Lanbide Heziketako titulua lortu dutenek.

Akordioa sinatu dute Iñigo Urkullu lehendakariak, Eusko Jaurlaritzaren ordezkari gisa, eta Nekane Balluerkak, Euskal Herriko Unibertsitatearen ordezkari gisa. Halaber, Deustu eta Mondragon unibertsitate pribatuetako ordezkariak, Ikaslaneko (Lanbide Heziketako Institutu Publikoetako zuzendarien elkarteko) ordezkariak eta Heteleko (gizarte ekimeneko lanbide heziketako ikastetxe pribatuak eta itunpekoak biltzen dituen elkarteko) ordezkariak ere bertaratu dira.

Ezarritako laguntza-programak bi motatakoak dira. Alde batetik, "lan-mundurako hezkuntza-trantsizioak" hiru hileko esperientzia praktikoa eskaintzen du, hezkuntza-mundutik lan-mundura igarotzeko. Eta, beste aldetik, "gazte-ekintzailetza" programaren helburua da enpresa-tailerrak garatu eta hezkuntza-zentroetan sortutako enpresa berriak sustatzea. Lehenengo programak hiru milioi euroko laguntza du eta bigarrenak milioi batekoa.

Hitzarmen horri esker, UPV/EHUk 450 ikasleri, gehienez, eskaini ahalko dizkio laguntzak. Eta bigarren programari dagokionez, unibertsitateko 45 proiektuk jaso dezakete laguntza.

Lehenengo programaren diru-laguntzak, ikasleko, 1.500 eurokoak izango dira, eta ikasleek enpresa batean garatu ahalko dute jarduera, dagokion akordioa UPV/EHUren eta enpresaren artean sinatu ostean. Jarduera hori, gainera, unibertsitatearen behar bezalako jarraipenaren bitartez garatuko da. Programan parte hartu ahal izango dute 2016/2017 ikasturtean unibertsitateko gradu ofizial bat lortu dutenek eta 2017/2018 ikasturtean ikasketa horien azken urtean matrikulatu direnek.

Bigarren programari dagokionez, kultura ekintzailea sustatzea helburu, UPV/EHUko ikasleen artean sor daitezkeen enpresa-ekimenak lagundu nahi ditu. Diru-laguntzak 6.600 eurokoak izango dira proiektuko eta tutoreen laguntza izango dute, enpresaren prestakuntza-prozesuaren jarraipena egiteko. Programa horretan parte hartu ahalko dute 2014/2015, 2015/2016 eta 2016/2017 ikasturtean unibertsitate-titulu bat UPV/EHUn gainditu dutenek (diplomatura, lizentziatura, ingeniaritza, arkitektura, gradua edo unibertsitate masterra), edo 2017/2018 ikasturtean ikasketa horietan azken urtean matrikulatu direnek.

Informazio gehiagorako, jarri harremanetan UPV/EHUko enplegu-zentro hauetako arduradunekin (https://www.ehu.eus/eu/web/enplegua/arduradunak) eta hurrengo zerbitzuekin:

Helbide elektronikoa: ehualumni@ehu.eus
Telefonoa: 946 017 150.   
WhatsApp: 688673757
Helbidea: Lehendakari Agirre, 81 48015 Bilbao

Arabako Enplegu Gunea
Elurreta Eraikina - Edif. las Nieves
Nieves Cano, 33
01006 VITORIA – GASTEIZ
Telefono-zenbakia: 945-014-436
Helbide elektronikoa:  enpleguaraba@ehu.eus

Bizkaiko Enplegu Gunea - Sarriko
Basoko Etxea - Sarriko Parkea Agirre Lehendakariaren etorbidea, 83
48015 BILBAO
Telefono-zenbakia: 946-013-679 / 946-013-681
Helbide elektronikoa:  enplegubizkaia@ehu.eus

Bizkaiko Enplegu Gunea - Leioa
Apia bidea
Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko behealdea
Sarriena auzoa z/g
48940 LEIOA
Telefono-zenbakia: 946-017-973
Helbide elektronikoa:  enpleguleioa@ehu.eus

Gipuzkoako Enplegu Gunea
Ignacio Mª Barriola eraikina (Gelategia, bigarren solairua, igogailu parean)
Elhuyar Plaza, 1
20018 DONOSTIA - SAN SEBASTIAN
Telefono-zenbakia: 943-015-946 / 943-018-069
Helbide elektronikoa:  enplegugipuzkoa@ehu.eus