Eduki publikatzailea

Arrantza-sektoreko emakumeen lana agerian

UPV/EHUko ikerketa batek Euskadi eta Galiziako saregile, enpakatzaile eta neskatilen ahalduntzea eta lanbideen erregularizazioa lotu ditu

Lehenengo argitaratze data: 2017/08/18

Irudia

Euskadin eta Galizian arrantza-munduan lan egiten duten emakumeen lanbideak erregularizatu dira berriki, eta horrek lanaz harago doazen aldaketak ekarri ditu zenbait kasutan. Izan ere, erregularizazio-prozesuetako parte-hartzeak eragina izan du emakume horien ahalduntzean eta ikusgaitasunean, UPV/EHUko Zientzia Politikoa eta Administrazioa Sailean egindako ikerketa baten arabera.

Arrantza-sektorean lan egiten duten emakumeek ekarpen handiak egin dituzte, bai maila produktiboan, bai beren komunitateen euskarri gisa. Hala eta guztiz ere, oso gutxitan aintzatetsi zaie egindako lana. UPV/EHUko Zientzia Politikoa eta Administrazioa Sailean ikertu dute Galizian eta Euskadin oinezko itsaski-bilketan aritzen diren emakumeek, saregileek, enpakatzaileek eta neskatilek (ontziak deskargatzeaz eta hornitzeaz arduratzen diren emakumeak) zer aldaketa izan dituzten beren lanbideak erregularizatzeko mekanismoetan parte hartu ondoren, eta parte-hartzeak haien ahalduntzean izan duen eragina aztertu du. Hala, ikerketak "ekarpen bat egin nahi du emakume hauen ikusezin izateari utz diezaioten. Ikusezintasun hori generoaren araberako lan-banaketaren ondorio da: emakumeari lotutako rolak eta balioak baztertu egiten dira, kasu honetan, lehorrean gelditzea; itsasora irtetea da produktiboa eta baloratuena", adierazi du Patricia Martínezek, lanaren egileak.

Emaitzek erakutsi dutenez, langile-elkarteak sortzeak eta emakume hauek beren lanbideen erregularizazio-prozesuetan parte hartzeak aldaketa sakonak ekarri ditu. Parte-hartze horrek, profesionaltasun-ziurtagiria lortzearekin hasita, hainbat gauza egitera eraman ditu bigarren mailan zeuden emakume hauek, "kongresu batean jendaurrean hitz egitera, beste emakume langile batzuekiko harremanak egitera... Ahalduntze handia izan da norbanako mailan; gaitasun sozialak eskuratu dituzte, eta konfiantza hartu dute beren buruekin; beldurrak galdu dituzte", esan du Martínezek. Izan ere, Galizian eta Euskal Herrian kostaldeko emakumeak oso indartsuak izan arren, desberdintasuna indartzen duten rolek eta portaerek bere horretan diraute; esate baterako, Galizian parte hartu duten emakumeetako batzuk "ordura arte ez ziren inoiz etxetik irten senarrik gabe". Ikerketa-lan honek ondorioztatu du gauzatutako prozesuek negoziazio-gaitasuna eman dietela emakume hauei. "Lehen, uste zuten armadoreek esandako guztia egin behar zutela; orain, beren baldintzak jartzen dituzte, adibidez, asteburuan lan egiteari dagokionez", azaldu du Patricia Martínezek. Emakumeak ahaldundu egin dira, eta horrek hainbat aldaketa ekarri ditu, "baina prozesuak lantzeko ikuspuntua lan-munduari oso lotua izateak mugatu egin du ahalduntze kolektibo bat lortzeko aukera, emakume hauen bazterketa alor politiko, sozial eta kulturalari eragiten dion fenomeno integral eta konplexu gisa hartzea, alegia".

Etorkizuna zalantzan

Aldaketa horiek guztiak gertatu arren, "arrantza-munduan lan egiten duten emakumeek ez dute haien lanarekin jarraituko duen ondorengorik. Lan-baldintzak txarrak dira, hobera egin duten arren. Lan gogorrak dira fisikoki, eta ez zaizkie eskubide guztiak onartzen, lan-gaixotasunei dagokienez, esaterako". Bestalde, garai zailak dira arrantza-sektorearentzat. "Europar Batasunaren arrantza-politikak multinazionalei egiten die mesede, eta artisau-arrantza itotzen ari da. Horrek emakumeei ere eragiten die". Patricia Martínezen ustez, ikerketa honek "osatu egiten du beti erakutsi izan zaigun koadroa, gizonezkoen istorioa kontatzen duena; emakumeok ez gara inoiz agertu izan".

Informazio osagarria

Azterketa hau Patricia Martínez García (Vigo, 1983) ikertzailearen doktoretza-tesiaren barruan egin da. ‘Empoderamiento femenino en contextos de gobernanza. Las experiencias de las trabajadoras de la pesca en Galicia y Euskadi' izenburua du tesiak, eta Rafael Ajangiz Sánchez, UPV/EHUko Zientzia Politikoa eta Administrazioa Saileko irakasle titularra izan du zuzendari, eta Xosé Mahou Lago Vigoko Unibertsitateko irakasle kontratatua zuzendarikide. Landa-lana Euskadiko eta Galiziako kostaldeko herrietan egin da.