Eduki publikatzailea

Ibai eta estuarioetako kutsatzaile organikoen determinazio azkar, sentikor eta aldiberekoa

Ingurumen-uretan disolbatzen ez diren kutsatzaile organikoak detektatu eta kuantifikatu ditu UPV/EHUk, ingurumena errespetatzen duten metodoen bidez

Lehenengo argitaratze data: 2017/08/22

Irudia

UPV/EHUko ikertzaile Óscar Posadak laginketa pasiboko prozedura bat lortu du uretan disolbatzen ez diren mikrokutsatzaile organiko batzuk estuarioko uretan eta araztegietako efluenteetan lagintzeko, bai eta ingurumena errespetatzen duten zenbait metodo sentikor eta kostu txikikoak diseinatu eta garatu ere. Horien bidez, mota horretako poluitzaileak detektatu eta kuantifikatu dituzte euskal ur-inguruneetan, baliabide-kontsumoa eta denborak minimora murriztuz.

Gizakiaren eguneroko jardunaren ondorioz ingurumenera mikrokutsatzaile organikoen kantitate handiak askatzen direnez, uretan aurkitzen diren kutsatzaile organikoen inguruko legeria berritu eta eguneratu behar izan dute herrialde askok. Halako kutsatzaileek ur-inguruneetan iraun egiten dutenez eta prozesu naturalak oztopatzen dituztenez, nahitaezkoa da haiek monitorizatzea. Nolanahi ere, erronka analitiko handia da, oraindik, uretan oso-oso kantitate txikitan dauden kutsatzaile organikoak (litro bat uretan, nanogramotan edo ng/L-ko kontzentrazioetan daudenak) doitasunez determinatzea, laborategia eta ingurumena errespetatzen duten erauzketa-metodoak erabiliz.

UPV/EHUko Kimika Analitikoa Saileko ikertzaile Óscar Posadak ur-inguruneetako, bereziki estuario-uren eta araztegietako efluenteen, laginetan azaltzen ari diren mikrokutsatzaile organiko asko determinatzeko metodo analitiko egokiak garatu ditu, bai eta laginak hartzeko prozedura pasibo bat diseinatu eta eraiki ere.

Jatorri antropogenikoko hainbat poluitzaile apolar, estatus ekotoxikologikoaren inguruan araututa ez daudenak, izan ditu ikergai Posadak, hala nola musk lurrin sintetikoak (gorputza garbitzeko produktuetatik eta detergenteetatik eratorriak), pestizida organokloratuak eta organofosforatuak (lindanoa eta haren deribatuak), alkilfenolak (detergenteetatik eratorriak) eta ftalatoak (plastikoei gehitzen zaizkien substantziak). Posadak azaltzen duenez, "horrelako substantzia apolarren ezaugarrietako bat da uretan disolbagarritasun txikiagoa dutela, eta, beraz, kontzentrazio txiki-txikietan daude".

Baliabide-kontsumoa eta denbora murriztea

"Garatu dugun lagin-hargailu pasiboa batere energia-iturririk gabe dabil eta ez du gizakiaren manipulaziorik behar -azaldu du Posadak-. Ur-ingurune batean kokatu behar da, denbora-tarte jakin batean, eta material polimerikoak erabiltzen ditu fase absorbatzaile gisa". Hala, sistema berez doa kutsatzaileak metatzen. Litro bat uretan gramo baten mila milioiren bateko kontzentrazioetan (alegia, 0,000000001 g/L-ko kontzentrazioetan) aurkitzen diren substantziak ere metatu ditzake sistemak. Saileko ikertzaileek egiaztatu dute sistema hauek bideragarriak direla bai ur gazietan, bai ur gezetan, bai estuarioko uretan, non gazitasuna aldizka aldatzen baita. Galindoko eta Gernikako araztegietan eta Plentziako Itsas Estazioan erabili dute sistema.

Laginketa egin ondoren, sistema laborategira eramaten da analisia egiteko. Posadak garatutako eta baliozkotutako metodo analitikoak "metodo sentikor, sinple eta merkeak dira, eta ingurumena errespetatzen dute". Posadaren iritziz, "orain arte erabili izan diren metodo klasikoetan, disolbatzaile gehiago eta ingurumenari kalte egiten dioten beste material batzuk erabili behar izaten dira". Ikerketa honetan garatutako sistemaren beste abantailetako bat da "analisi bakar eta sinple baten bidez uretan dauden substantzien batezbesteko balio bat eman daitekeela", betiere ikertzaileak ikertutako substantziak badira.

Ikertzaileak dionez, "ikerketa honi esker, kutsatzaile organiko asko analizatu ahal izan dugu eta haietako askoren monitorizazio eraginkorra egitea lortu dugu laginketa-puntu garrantzitsuetan". Nabarmendu beharra dago laginketak egin diren puntuetan ikertzaileek ikergai izan dituzten zenbait substantzia poluitzaile detektatu dituztela, baina denak "legeak markatutako mugetatik behera daudela". Ikertzaileak adierazi duenez, "hemendik aurrera, beste konposatu organiko apolar batzuk monitorizatu beharra dagoen ikerketetan erabili ahal izango dira sistema hauek. Lagin-hargailu pasiboak garatzen lortu dugun esperientziari esker, beste konposatu-mota batzuekin erabiltzeko aukera zabaldu zaigu, hala nola ingurumen-uretan dauden konposatu farmazeutikoekin".

Informazio osagarria

Ikerketa Óscar Posada Uretaren (Barakaldo, 1986) doktore-tesiaren barnean sartzen da. Tesiaren izenburua ‘Non-polar contaminants in estuarine waters: new extraction methods and passive sampling choices' da, eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Analitikoko Sailean egin du, Néstor Etxebarria eta Maitane Olivaresen zuzendaritzapean.