Eduki publikatzailea

XXXVI. Uda Ikastaroen azken balantzea

Gogobetetze handia ikasle eta iraslegoaren artean

Lehenengo argitaratze data: 2017/09/15

Irudia

UPV/EHUk antolatzen dituen Uda Ikastaroen azken balantzearen aurkezpena egin da. Ekitaldian izan dira: Agustin Erkizia UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordea, Carmen Agoués Uda Ikastaroen zuzendaria eta Igor Álvarez zuzendariordea. Bertan izan da ere Vicente Gascón Uda Ikastaroen idazkari akademikoa.

Lehenik eta behin, nabarmentzekoa da aurten egindako jardueren kopurua, bai eta parte hartzaileen kopurua ere. 181 jarduera egin dira, ekainaren 7an hasi eta gaur arte (irailak 15). 12.346 pertsonak parte hartu dute.

Parte hartzaileen (ikasleak zein irakasleak) gogobetetze maila oso handia izan da aurten ere; aurreko urtekoak baino iritzi hobeak jaso dira, gainera.

Jarduerak Euskal Autonomia Erkidego osoan zehar gauzatu dira. Nahiz eta ikastaroen gunerik garrantzitsuena Miramar Jauregia izan, Bizkaian eta Araban ere egin dira jarduerak, parte hartze handiarekin egin ere.

Euskal lurralde historikoetako hiru hiriburuetan jarduteaz gainera, hainbat udalerritara ere hurbildu gara; hala nola Irun, Tolosa, Eibar, Oñati, Donostia, Hendaia, Baiona, Donibane Lohizune, Bilbo, Arratia, Gasteiz eta Agurainera. Eta tokiko inguruneetako lurralde, ekonomia eta kultura ahalmenak erakusten eta goraipatzen ahalegindu gara.

EUSKARAZ antolatutako jardueretan, 1.674 pertsonak parte hartu dute. Datu hori oso adierazgarria da, gure ikastaroetan euskarak geroz eta toki handiagoa duela erakusten baitigu.

Online ikastaroak: 20 ikastaro eskaini ditugu, eta 600 pertsona inguruk parte hartu dute horietan. Ildo honek izan duen hazkundea ere agerikoa da.

Jarduera irekiak: herritar guztiei irekitako 18 jarduera egin ditugu, eta 900 pertsonak parte hartu dute; pertsona horiek, hain zuzen, landutako gaiei buruzko gogoetak partekatzera eta trebatzera etorri dira uda ikastaroetara. 15 hitzaldi ireki eta 3 erakusketa izan dira, orotara.

Aurten landutako gaiei dagokienez, nabarmentzekoa da gaiak askotarikoak eta gaurkotasunezkoak izan direla: haurren transexualitatea, zahartua dagoen gizarte baten erronkak, osasun digitala eta osasun komunitarioa, basoko bioekonomia edo kimika berdea, tokiko talentuaren balioa, Googleren boterea, energia eraginkortasuna arkitekturan, zurezko eraikuntza, ekonomia zirkularra, energia biltegiratzea, gobernantza publikoa edo ziberdelinkuentzia.

Asko eta asko izan dira 100etik gora ikasle izan dituzten ikastaroak.

Ikastaroak, hain justu, gurea bezalako gizarte konplexu bateko errealitatearen inguruan egindako eztabaidak eta gogoetak jasotzeko, eta, beraz, zabaltzeko gunea izan dira.

Horren lekuko dugu "Ciberdelincuencia y Seguridad de la información de la empresa en el S XXI" ikastaroa. Bertan, ziberkriminalitatean espezializatuta dauden Gipuzkoako Auzitegi Probintzialeko fiskaltzako Javier Zaragoza eta Jorge Bermúdez fiskalek parte hartu zuten.

Genero indarkeriaren gai lazgarria, berriz, ""Violencia de Género" " ikastaroan landu da aurten. Adela Asúak, Auzitegi Konstituzionaleko lehendakariorde ohiak, gogorarazi zuen geroz eta zorrotzagoa den zigor zuzenbidea aplikatzeak ez duela desagerraraziko arazoa.

Dagoeneko ohikoa den "Climate Change" ikastaroan, "Artikoko izotzari" buruzko adituetako batek parte hartu zuen, Peter Wadhams-ek, Cambridgeko Unibertsitatekoa bera.

Erromako Tratatuen 60. urteurrenak ere izan du bere eragina, eta uda ikastaroetan izan dira Europa batuaren aldeko hainbat pertsona eta Europako Parlamentuko hainbat arduradun; besteak beste, Guy Verhofstadt, Brexitaren negoziaziorako Europako Parlamentuko ordezkaria.

Finantza eta Zerga Zuzenbideko irakasleen V. Bileran, Juan Miguel Bilbao Ogasuneko sailburuordeak "Ekonomia Itunaren erakundera objektibotasunez eta maitasun zein enpatia pixka batez" hurbiltzeko gonbita egin zien han zeuden 170 parte hartzaileei.

"Construcción y eficiencia energética en madera" ikastaroan, bestalde, eraikuntza material gisa zurak dituen abantailen berri eman zuten, nola akaberari erreparatuta, hala eraikuntza sistema osotuei erreparatuta.

Zahartuta dagoen gizarte baten erronkei buruzko ikastaroan, berriz, Gipuzkoa-Alzheimer proiektuaren berri eman zuen Pablo Martínez-Lage neurologoak. Proiektu horrek, hain justu, gaixotasunaren fase aurre-klinikoak aztertzen ditu.

Gaur amaitu den "Violencia Masiva, Fosas Comunes y Derechos Humanos" ikastaroak, Paco Etxeberria-k eta Laura Pego-k elkarrekin gidatutakoak, Espainiako Gerra Zibilean desagertutakoei buruz orain arte egindako lana izan du ardatz nagusi. Erabilera handiko tresna praktikoa da dagoeneko irekita dauden prozesu judizialetan.

Bizkaian, nabarmentzekoak dira hauek:

  • Kultura, Komunikazio eta Garapenerako 8. Nazioarteko Topaketa, Bilbon egindakoa. Topaketa honen baitan, "Europako Mugak" erakusketa inauguratu zen, Mikel Ayestaran kazetariaren parte hartzearekin.
  • "La salud y la lengua" ikastaroak agerian utzi du, nola ikuspegi akademikotik, hala profesionaletik, zeinen garrantzitsua den hizkuntza osasun arloan eskaintzen den arretan.
  • Abiadura handiko tren ereduaren ekonomia: euskal Y-aren etorkizun (lausoa).

Araban 13 jarduera egin dira, eta hauek dira nabarmentzekoak:

  • Gasteizko Nazioarteko Zuzenbide eta Nazioarteko Harremanen ikastaroetan, 132 ikaslek parte hartu dute aurten, bai eta Mohammed Bedjaoui-k ere (Nazioarteko Justizia Auzitegiko epaile ohia, Aljeriako enbaxadorea Frantzian eta NBEn, eta Aljeriako Kanpo Arazoetako Ministroa).
  • "eGuneratzen. Osasun sexualaz solasean" ikastaroan, Sexu Transmisioko Infekzioen diagnostikoan erabiltzen diren teknika mikrobiologiko berriak ezagutarazi dituzte.

Gure ikasgeletan izan dira, halaber, honako hauek guztiak: Angel Gabilondo, Rafael Santandreu, Juan Manuel de Prada, Javier Sádaba, Javier Urra, Jorge Tizon, Begoña Ibarrola, Mikel Ayestaran, Maialen Lujanbio, Espido Freire (l. Azorín Eleberria Saria, 2017), Santiago Muñoz Machado (Espainiako Errege Akademiako kidea eta Zientzia Moral eta Politika Zientzien Akademiako kidea), Adela Asua (Auzitegi Konstituzionaleko lehendakariorde ohia) eta Miguel Rodríguez-Piñero (Auzitegi Konstituzionaleko lehendakari emeritua eta Estatuko kontseilari iraunkorra).

Dagoeneko ari gara hurrengo urteko ikastaroak antolatzen. Urriaren 9an irekiko dugu aurrez aurreko ikastaroetarako proposamenak jasotzeko epea; beraz, gizarte eragile guztiei eskatu nahi diegu aurkez ditzatela euren proposamenak datorren urteari begira.

Bien bitartean, ikasleengandik hurbil jarraituko dugu, urritik maiatzera bitarte eskainiko ditugun online ikastaroen bitartez.