Eduki publikatzailea

Zitek, unibertsitateko enpresa hazitegien dekanoa

Duela 18 urte jaio zen hazitegia, Portugaleten, UPV/EHUko kideen artean enpresa espiritua sustatzeko egitasmo aitzindari gisa

Lehenengo argitaratze data: 2017/09/22

Irudia

1999. urtean, Portugaleten, garai bateko Nautika Eskolan (gaur egungo Bilboko Ingeniaritza Eskolan) Ziteken egoitza instalatu zen, Euskal Herriko unibertsitate enpresen lehenengo hazitegia. Proiektu hura berritzailea zen Europan ere, eta helburu zuen enpresak sortzen laguntzea eta unibertsitateko komunitatearen artean kultura ekintzailea sustatzea.

Urte hartan 13 proiektu aurkeztu ziren, tartean Neurki Calibración; gaur egun, beste 14 proiektu daude martxan Portugaleteko hazitegian, hala nola Arquinea. Denera, hazitegia sortu zenetik gaur arte, 92 enpresa jaio dira Ziteken.

Euskal Herriko Unibertsitateak, Ezkerraldeko Udal Elkarteak, BBK Gazte Lanbidean fundazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Sustapen Ekonomikoko Sailak indarrak batu zituzten Bizkaiko Campusean enpresa egitasmoak bideratu ahal izateko. Hasieran, hazitegia Abiatu Programa izendatu zuten, baina 2007an Zitek izena jarri zioten; marka horrek, halaber, barne hartzen ditu Leioako hazitegiak (2007) eta Bilbokoak (2011), eta gaur egun UPV/EHUk, BEAZk eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen dute.
Zitek sortu zenean, apenas zegoen unibertsitate hazitegirik; Kataluniako, Madrilgo, Galiziako eta Valentziako unibertsitate gutxi batzuek baino ez zituzten hazitegiak. Europako unibertsitate gehienek ere ez zeukaten horrelako proiekturik. Horregatik, Europako Batasunak Portugaleteko obren % 50 lagundu zuen diruz, FEDER funtsen bitartez, egitasmo berritzailea zelako. Eta, 2015etik, Zitek programak Europako finantzaketa ere jasotzen du.

"Orain 18 urte, UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitateak ZITEK programaren alde egin zuen apustu, unibertsitatean sortutako ezagutza gizarteari helarazteko beste bide bat sortzeko helburuz. 18 urte hauetan, ZITEK programak hainbat garai eta egoera igaro ditu: oparoaldi ekonomikoa eta krisialdia bizi izan ditu, bazkide berriak gehitu zaizkio, eta beste erakunde batzuek lagundu izan diote (Bilbao Ekintzak, adibidez). ZITEK programa, gaur egun, unibertsitateetan enpresak sortzeko eta kultura ekintzailea sustatzeko programa garrantzitsuenetariko bat da estatu osoan, eta, horregatik, lan horretan aurrera egin asmo dugu", azaldu du Patxi Juaristik, Bizkaiko Campuseko errektoreordeak.

Zitekekin ekinez

Ekintzaile programarekin bat egiteko, nahikoa da ideia edo proiektu berritzaile eta bideragarri bat edukitzearekin eta unibertsitateko kide izatearekin (ikaslea, irakaslea, ikertzailea edota administrazio eta zerbitzuetako langilea), edo, bestela, Ehualumni izatearekin, hau da, UPV/EHUn titulatua edo graduatua izatearekin. Horrela, hasieratik, Ziteken parte hartu dutenek zerga eta lan aldetik aholkuak jaso dituzte enpresak sortzeko eta laguntzak eskuratzeko. Gainera, ideia batek oinarri teknologikoa eta berritzailea baldin badu, BEAZ programan sartzen da. Azken batean, Zitekek egitura bat, zerbitzuak eta aholkularitza ematen dizkie ekintzaileei, euren ideia gara dezaten eta enpresa merkatuan egon dadin. Oraindik garatzeko bidean dauden proiektuak ekintzaile gelan ibiltzen dira urtebetez; behin enpresa eratutakoan, inkubazio moduluetako batean sartzen dira, asko jota bost urterako.

Neurki Calibración, kasurako, 1999an inkubagailuan jaio ziren enpresetako bat da. "Hazitegiaren aurkezpenera joan nintzen eta ekitea sortzeko nahia etorri —Loreto Madariaga, Neurki Calibración enpresaren zuzendaria—. Ideia berritzailea bururatu zitzaidan, proiektu aurkeztu eta, onartu zuten!. Han lanean zebiltzan pertsonek babesa eta aholkua eman ziguten; azken finean, gure arlotan teknikoki berebizikoak gara, baina enpresei buruz ez genekien askorik. Duda asko sortzen zitzaizkigun, eta hazitegian argitu egiten zizkiguten, edota motibatu egiten gintuzten unean uneko gorabeherak gainditzeko. Informazioa eta laguntza morala oso garrantzizkoak izan ziren, baita ondoren ere, merkatura jauzi egin nuenean".

Gaur egun, Arquineako arkitektoak antzeko prozesu batean daude murgilduta. Ziortza Alonso, Mirian Fernández eta Amaia Ruiz Portugaleteko Ziteken dabiltza euren enpresa proiektua garatzen. Enpresa gisa aurrera egiten ari dira, eta argi eta garbi daukate zeinen garrantzitsua den enpresa proiektuari hazitegian ekitea. "2013ko ekainean hasi ginen, Bizkaiko zenbait enpresa hazitegi aztertu ostean. Azkenean, zerbitzuak eta kokalekua zirela eta, Portugaleteko Ziteken aurkeztu genuen proiektua, eta onartu egin ziguten. Hasiera-hasieratik, koordinatzaile batek bideratu gaitu eta negozio ideia itxuratzen lagundu digu, baita aurreko fasean ere, hautaketa batzordea gure proiektua aztertzen ari zela. Aurki aldaketa handi bat egin beharko dugu: kalera atera", adierazi du Ruizek.

Neurki eta Arquinea hazitegian jaiotako enpresa proiektuetako bi baino ez dira. Ziteken, horiez gain, beste hainbat enpresa hasi dira: Gïk enpresa (ardo urdina merkaturatzen du) eta elektronikaren, komunikazioen, softwarearen eta bioteknologiaren esparruko beste enpresa teknologiko batzuk (Histocell, Dynakin, System on chip engineering, Innoprot, Sealpath…). Horietako batzuek, gainera, 20 langiletik gora dituzte gaur egun.

Kultura ekintzailea

Zitekek, baina, proiektu bati ekitea erabakitzen dutenei aholkuak eta laguntza emateaz gain, kultura ekintzailea sortzen du unibertsitateko kideen artean. Hala, urte osoan askotariko jarduerak antolatzen ditu kultura ekintzailea bultzatzeko: Etorkizulan (antzerki interaktiboa), B-Cubes (enpresen kudeaketa simulatzeko jokoa), Ekinduz (ekintzailetzari buruzko Triviala), Hasten Ikasten (prestakuntza tailerrak), Ikasberri (zentro jakin batzuetarako ikastaroak), E emprende (enpresa birtual baten kudeaketa) eta Think Big (enpresa ideien lehiaketa). Gainera, 2015ean, Zitekek Enpresa Sustapenaren Europako Sari Nazionala irabazi zuen jarduera horiek antolatzeagatik.

Bestalde, datorren urrian, Unibertsitateko Gazte Ekintzaileen I. Topaketa egingo da, ‘Un millón antes de los 30' lelopean. Zitekek aholkaturiko enpresa juniorretatik sortu da egitasmo hori. Era berean, Sarrikoko ekintzaile gelan, Bilbon, simulazio jokoak erabiltzen hasiko dira eskoletan; zehazki, B-Cubes jokoa erabiliko dute.

18 urte ez da ezer, baina, urte hauetan, Zitek Portugaleten jaio zen, enpresa ugariri lagundu die, hazi egin da eta Leioan eta Bilbon ere kokatu da. Etorkizunari begira, Zitekek lan handiagoa egin nahi du, UPV/EHUko kideen artean kultura ekintzailea sustatzeko asmoz.