Eduki publikatzailea

Haumeak, Plutonen kideetako bitxienak, eraztuna du

Izar estaltze bati esker, gerriko transneptunotarreko planeta ñimiño horren ezaugarri fisiko nagusiak zehaztu ahal izan dira

Lehenengo argitaratze data: 2017/10/11

Irudia

Eguzki Sistemaren bazterretan, Neptunoren orbitatik haratago, izotzez eta arrokaz osaturiko objektuen gerriko bat dago. Objektu horien artean, besteak beste, lau planeta ñimiño daude: Pluton, Eris, Makemake eta Haumea. Haumea guztien artean ezezagunena da, eta mundu osoan kanpaina bat egin da planetari behatzeko, haren ezaugarri fisiko nagusiak zehazteko asmoz. Bada, ikerlanak erakusten duenez, eraztun bat dago Haumea planeta ñimiñoaren inguruan. Andaluziako Astrofisika Institutuko (IAA-CSIC) astronomoek zuzendu dute ikerketa, eta UPV/EHUko ikertzaileek ere esku hartu dute bertan.

Objektu transneptunotarrak oso zailak dira ikertzen, txiki-txikiak direlako, ia distirarik ez daukatelako eta gugandik oso-oso urrun daudelako. Badago metodo bat, oso eraginkorra baina korapilatsua, izar estaltzeak aztertzeko: hain zuzen ere, objektuok hondoko izarren aurretik igarotzen direneko aldiari behatzean datza (eklipse txiki moduko bat da). Metodo horri esker, objektuaren ezaugarri fisiko nagusiak identifika daitezke (tamaina, forma, dentsitatea); Eris eta Makemake planeta txikiekin ere erabili izan da, eta emaitza bikainak lortu dira.

"Iragarri genuen Haumea izar baten aurretik igaroko zela 2017ko urtarrilaren 21ean, eta Europako hamar behatokitako hamabi teleskopiok fenomenoari behatu zioten –azaldu du José Luis Ortizek, ikerketa zuzentzen duen Andaluziako Astrofisika Institutuko (IAA-CSIC) ikertzaileak–. Baliabide horiei esker, zehatz-mehatz berreraiki ahal izan dugu Haumea planeta ñimiñoaren forma eta tamaina, eta emaitza harrigarria lortu dugu: uste zena baino dezente handiagoa da eta ez da hain islatzailea. Gainera, aurretik uste zena baino askoz ere dentsitate txikiagoa du, eta horrek erantzuna ematen die objektu honen inguruan argitzeko zeuden zenbait konturi".

Haumea objektu bitxia da: Eguzkiaren inguruan biratzen da, osatzeko 248 urte behar dituen orbita eliptiko batean (gaur egun, Lurraren eta Eguzkiaren arteko distantzia halako berrogeita hamarrera dago gugandik), eta 3,9 orduan osatzen du bira, Eguzki Sistema osoko ehun kilometrotik gorako beste edozein gorputzek baino askoz ere azkarrago. Abiadura hori dela eta, Haumea deformatu egiten da, eta errugbiko baloi baten antzeko forma elipsoidala hartzen du. Argitaratu berri diren datuei esker, jakin dugu Haumeak 2.320 kilometro inguru neurtzen duela bere alderdirik luzeenean, ia-ia Plutonek bezainbeste, baina ez daukala Plutonen antzeko atmosfera globalik.

Eraztuna duen lehen objektu transneptunotarra

"Haumearen inguruan eraztun bat dagoela deskubritzea izan da aurkikuntza interesgarri eta ustekabekoenetako bat. Duela urte gutxira arte, eraztunak planeta erraldoien inguruan zeudela besterik ez genekien, eta, orain dela oso gutxi, gure taldeak deskubritu zuen Jupiterren eta Neptunoren arteko bi gorputz txikik, zentauroak deituriko objektuen familiakoek, eraztun trinkoak dituztela. Ezusteko handia izan zen hori".

Haumearen estaltzearen ondorioz lortutako datuen arabera, eraztuna planeta ñimiñoaren ekuatore planoan dago, haren satelite handiena bezala (Hi'iaka), eta 3:1eko erresonantzia dauka Haumearen errotazioarekiko. Horrek esan nahi du eraztuna osatzen duten partikula izoztuek bira oso bat ematen diotela planetari, planeta hiru aldiz biratzen den denboran.

"Arrazoi posible batzuk daude eraztuna nola sortu zen azaltzeko; esate baterako, litekeena da beste objektu batekin talka egitearen ondorioz sortu izana, edo Haumearen errotazio bizkorrak gainazaleko material zati bat askatu zuelako sortu izana", adierazi du Ortizek (IAA-CSIC). Objektu transneptunotar baten inguruan eraztun bat aurkitzen den aurreneko aldia da, eta horrek erakusten du uste zena baino eraztun gehiago egon litezkeela hala gure Eguzki Sisteman nola beste planeta sistema batzuetan.

UPV/EHUren parte hartzea

Ikerketan, UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko Agustín Sánchez Lavegak, Ricardo Huesok eta Santiago Pérez Hoyosek parte hartu dute. Zehazki, taldearen tresnak erabili dituzte (EspaZio Gelako teleskopioak eta Calar Altoko Behatokiko teleskopioetan muntaturiko PlanetCam kamera), Eguzki Sistemako gorputzek egindako izar estaltzeei behatzeko, haien ezaugarri fisikoak identifikatze aldera.

Erreferentzia bibliografikoa

  • J. L. Ortiz, P. Santos-Sanz, B. Sicardy, G. Benedetti-Rossi, D. Bérard, N. Morales, R. Duffard, F. Braga-Ribas, U. Hopp, C. Ries, V. Nascimbeni, F. Marzari, V. Granata, A. Pál, C. Kiss, T. Pribulla, R. Komžík, K. Hornoch, P. Pravec, P. Bacci, M. Maestripieri, L. Nerli, L. Mazzei, M. Bachini, F. Martinelli, G. Succi, F. Ciabattari, H. Mikuz, A. Carbognani, B. Gaehrken, S. Mottola, S. Hellmich, F. L. Rommel, E. Fernández-Valenzuela, A. Campo Bagatin, S. Cikota, A. Cikota, J. Lecacheux, R. Vieira-Martins, J. I. B. Camargo, M. Assafin, F. Colas, R. Behrend, J. Desmars, E. Meza, A. Alvarez-Candal, W. Beisker, A. R. Gomes-Junior, B. E. Morgado, F. Roques, F. Vachier, J. Berthier, T. G. Mueller, J. M. Madiedo, O. Unsalan, E. Sonbas, N. Karaman, O. Erece, D. T. Koseoglu, T. Ozisik, S. Kalkan, Y. Guney, M. S. Niaei, O. Satir, C. Yesilyaprak, C. Puskullu, A. Kabas, O. Demircan, J. Alikakos, V. Charmandaris, G. Leto, J. Ohlert, J. M. Christille, R. Szakáts, A. Takácsné Farkas, E. Varga-Verebélyi, G. Marton, A. Marciniak, P. Bartczak, T. Santana-Ros, M. Butkiewicz-Bąk, G. Dudziński, V. Alí-Lagoa, K. Gazeas, L. Tzouganatos, N. Paschalis, V. Tsamis, A. Sánchez-Lavega, S. Pérez-Hoyos, R. Hueso, J. C. Guirado, V. Peris, R. Iglesias-Marzoa
  • The size, shape, density and ring of the dwarf planet Haumea from a stellar occultation
  • Nature (2017)
  • DOI: 10.1038/nature24051