Eduki publikatzailea

Alexander Mendiburu, Informatika Fakultateko dekano berria

Lehenengo argitaratze data: 2017/10/18

Irudia

Alexander Mendiburu, Konputagailuen Arkitektura eta Teknologia Saileko irakasle agregatua, UPV/EHUko Informatika Fakultateko dekano aukeratu dute. Dekano berriak, bere ibilbide akademikoan, eskolak ematen ditu graduko eta masterreko ikasketetan, konputagailu sareen eta konputazio paraleloko sistemen arloan; halaber, ikerketaren arloan, Intelligent Systems Group (ISG) taldeko kidea da, eta bertan tesiak zuzentzen ditu, baita artikulu zientifikoak argitaratu, ikerketa proiektuetan parte hartu eta enpresekin lankidetzan aritu ere.

Dekano berriak, eginkizunak bete eta erantzukizunak partekatzeko, honako kide hauek izango ditu zuzendaritza taldean: Txus Pérez, idazkari akademikoa eta euskara arduraduna; Itziar Irigoien, Kanpo Harremanetako eta Ikerketako dekanordea; eta Nerea Ezeiza, Akademia Antolakuntzako dekanordea.

Zuzendaritza talde berriaren ardatz nagusiak lau hauek izango dira: graduko eta masterreko ikasketen inguruko hausnarketa egitea, prestakuntza egokia, eguneratua eta erakargarria eskaintzeko; ikastegian egindako lanaren zabalkundea egitea (bai irakaskuntzaren arlokoa, bai ikerketaren arlokoa), gizarteak ezagutu dezan; emakumeak informatikako ikasketak egitera animatzea, estereotipo jakin batzuk apurtzea, eta informatika ingeniari baten benetako profila erakustea; eta, azkenik, euskararen erabilera bultzatzea irakaskuntzan eta gestioan, baita ikerketan ere.