Eduki publikatzailea

2017ko Zientzia Asteak inoiz baino jarduera gehiago izango ditu

Azaroaren 8tik 12ra Bilbon eta Barakaldon egingo da, 9tik 12ra Gasteizen, eta 9tik 11ra Donostian

Lehenengo argitaratze data: 2017/11/08

Irudia

UPV/EHUko Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren XVII. Astea, Zientzia Astea, gaur bertan inauguratu da, azaroaren 8an, Bilboko Bizkaia Aretoan, denentzako moduko jarduera ludiko eta pedagogikoez betetako egitarau batekin. Jarduera horien guztien helburua da euskal gizartea zientziaren eta teknologiaren mundura erakartzea eta zientzia entzutera, dastatzera, aztertzera, usaintzera, ukitzera eta sentitzera gonbidatzea. Zientzia Astea azaroaren 8tik 12ra bitartean egingo da Bilboko Bizkaia Aretoan.

Inaugurazioan parte hartu dute Patxi Juaristi Larrinaga, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordeak, José Luis Martín González, UPV/EHUko ikerketa arloko errektoreordeak, Oihane Agirregoitia Martinez, Bilboko udaleko gazteria eta kirol saileko zinegotzi ordezkariak, eta Miren Artaraz, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko Unibertsitate Politika eta Koordinazio zuzendaria.

Aurtengo Zientzia Asteak eskaintza oparoa dakar: zientzia txokoak, tailerrak, txangoak, erakusketak, bisita gidatuak, lehiaketak eta, nola ez, zientzia, musika eta umorea uztartzen dituen Zientzia Clubaren bakarrizketak. Jarduera guztiak doakoak dira, eta tailerretarako, txangoetarako eta bisita gidatuetarako baino ez da beharrezkoa izena ematea (plaza gehienak beteta daude, baina oraindik ere gelditzen dira batzuk). Doan eman daiteke izena, www.zientzia-astea.eus webgunean.

Bigarren Hezkuntzako ikastetxeentzat antolaturiko bisiten barruan, gaurtik aurrera, Bizkai osoko 3.500 ikasle inguruk Bizkaia Aretora hurbilduko dira eta, besteak beste, matematikari, arkeologiari, astronomiari eta genetikari buruzko txokoak ezagutuko dituzte Zientzia Astean, taldetan banatuta eta begiraleek lagunduta. Ikasleez gain, beste edonork ere txokoak bisitatu ahal izango ditu, ordutegi honetan: asteazken eta ostegunean, 9:30etik 14:00etara eta 15:30etik 18:30era; ostiralean, 9:30etik 14:00etara eta 15:30etik 20:00etara; larunbatean, 10:00etatik 14:30era eta 16:00etatik 20:00etara; eta igandean, 10:00etatik 14:30etara.

Zientziaren arlo guztiak, edonoren eskura

Bizkaia Aretoan, azaroaren 8tik 12ra, asteazkenetik igandera, 22 txoko egongo dira guztira, zientziaren eta ezagutzaren hainbat arlo jorratzeko: matematika, bioteknologia, robotika, ekosistemen osasuna, superbakterioen ehiza, eta telebista eta haren trikimailuak, besteak beste.

Tailerrak ere emango dira. Horietako batean, Lego Serious Play metodoarekin, Legoko fitxak erabiliz, gure sormen guztia ustiatuko dugu, eta paleontologia eta arkeologiako tailerrean, bestalde, hondakin fosilak aztertuko ditugu arkeologo profesionalak bagina bezala. Horrez gain, zeruak ezkutatzen dituen altxor ugariei beha diezaiekegu prestatuak ditugun eguzki behaketen, gaueko behaketen eta urruneko behaketen bidez. Eta, urtero bezala, Zientzia Astea Bizkaia Aretotik kanpo ere ibiliko da, hala nola "Bizkaiko urrea" delakoaren bila, Gorrondatxe hondartzatik egingo den txango geologiko gidatu batean; gainera, Bilboko itsasadarretik itsasontzian ibilaldi bat eginez, gizadiaren historia azalduko digute.

Zientzia Astea Barakaldoko Clara Campoamor Zentroan ere egingo da, Bilboko egun berberetan. Azaroaren 11, larunbata, edonork parte hartzeko moduko jarduera zientifiko eta teknologikoez beteta egongo da. Nabarmentzekoa da IMag 341 kohetea: ontzi horren barnean, Lurra ikusi ahal izango dugu 80.000 kilometroko distantziatik. Esploratzeko grina dutenek, gainera, ingurumenari buruzko "ikerketa" bat egin ahal izango dute Gorostizako urtegian, eta Ramón Rubial Lorategi Botanikoan dendrokronologia jorratuko dugu, zuhaitzen adina kalkulatzeko. Motostudent Bizkaia taldea Barakaldoko kaleetan zehar ibiliko da bere motozikleta prototipoarekin, eta Ricardo Hueso UPV/EHUko astrofisikariak, berriz, gizakiak espaziora iristeko duen nahiari buruz jardungo du hilaren 9an emango duen hitzaldian.

Bestalde, Zientzia Astea Donostiako Tabakaleran egongo da azaroaren 9tik 11ra bitartean, besteak beste robotikari, geometriari, astronomiari, nanozientziari eta birziklapenari buruzko jarduera, jolas eta erakusketak ekarriko dituzten 17 txokorekin. Tabakaleraren inguruko soinu kutsadura neurtuko da zenbait tailerretan, txango geologikoak egingo dira Donostiako kaleetan barrena, eta Aquariuma barrutik ezagutu ahal izango da.

Gasteizen, azkenik, Zientzia Astea Bibat Museoan egingo da azaroaren 9tik 12ra, eta hala nola nanoteknologiaren eta elikaduraren gaiak landuko ditugu modu dibulgatiboan, 13 txokoren bidez. Tailerretan, adibidez, kriminalistikan jardungo dugu detektibeen pare, frogak prozesatzen. Zentzumenen ebaluatzaileek, bestalde, gazta, olio, ardo eta gatz dastatzeak zuzenduko dituzte. Eta txangoei esker, beste hainbat jardueraren artean, leku ugari ezagutu ahal izango ditugu: upategi bat eta dolare bat; Añanako Gatz Harana; Sorginaren Txabolako trikuharriak; eta Gasteizko kaleen sekretu geologikoak.

Zientzia Asteko egitarauaren barruan, zientzia ikuskizun bat aurkeztuko da lau hirietan, eta lau lehiaketa jokatuko dira: Argazki Geologikoen IX. Lehiaketa, "Elur Pilota Matematikoak" lehiaketa, "Irudikaturiko Munduak" lehiaketa eta "Saridun Buruketak" lehiaketa. Bestalde, aurreko urteetako arrakasta handia ikusirik, Zientzia Cluba beste gai eta bakarlari batzuekin dator berriro. Umorea, musika eta, noski, zientzia; horiexek dira

Zientzia Club formularen hiru osagaiak, UPV/EHUko adituek gai zientifikoen inguruan emango dituzten hitzaldi laburren bidez. Lau saio egingo ditu Zientzia Clubak: azaroaren 9an, osteguna, Barakaldon; azaroaren 10ean, ostirala, Gasteizen; eta azaroaren 11n, larunbata, Bilbon eta Donostian. Sarrera doakoa da, leku kopurua bete arte. Ikuskizuna 18:00etan hasiko da Barakaldon, eta 19:00etan hiru hiriburuetan.

Informazio gehiago: www.zientzia-astea.eus.

Bizkaian, UPV/EHUk FECYT - Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioarekin, Eusko Jaurlaritzarekin, Bilboko Udalarekin, Barakaldoko Udalarekin, Euskaltelerekin, Euskotrenerekin, Kutxabankerekin, Metro Bilbaorekin eta Senerekin  batera antolatzen du Zientzia Astea.