Eduki publikatzailea

«Zientzia ez litzateke existituko dibulgazio zientifikorik gabe»

Javier San Martínek irratiko dibulgazio zientifikoari buruzko estatuko aurreneko tesia defendatu du

Lehenengo argitaratze data: 2017/11/09

Irudia
Javier San Martín. Argazkia: UPV/EHU.

UPV/EHUko doktore Javier San Martínek irratiko dibulgazio zientifikoaren ezaugarriak eta ereduak deskribatzen dituen estatuko lehenengo doktorego tesia defendatu du. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Unibertsitateak berak lagundu dute diruz ikerketa, "La Divulgación Científica a través de la Radio. Estudio Comparativo entre Diferentes Modelos" izenekoa (Dibulgazio zientifikoa irratiaren bidez. Hainbat ereduren arteko azterketa konparatiboa), eta epaimahaiko 5 kideek bikain cum laude saria eman diote aho batez.

Javier San Martínek aztertu du Espainiako irrati kate nazional zein autonomikoetako 25 irratsaiok nola ematen duten zientziaren berri, eta Britainia Handiko Radio 4 – BBC irrati publikoko irratsaioekin konparatu ditu. Radio 4 – BBC, hain zuzen ere, Erresuma Batuan gehien entzuten diren irratien artean bigarrena da, irratsaio aspaldikoenak dituena. Guztira, 13 irrati etxeren 230 saio aztertu ditu, denera 10.000 minutu inguru.

Ikertzaileak hainbat alderdi ikertu ditu: besteak beste, zientziari buruzko saio edo blokeek azterturiko irrati bakoitzean duten iraupena; irratsaio horien maiztasuna; emititzeaz arduratzen den giza taldea; kolaboratzaileak; kazetaritza generoak; eta zientzia hobeto ulertzeko erabilitako baliabideak.

San Martínen ikerketak hankaz gora jartzen ditu gizarteak zientziaren gainean duen ikuspegiari buruzko inkestetako mito batzuk, hala nola saio zientifikoak irratietan botatzen diren orduarekin lotutakoak; izan ere, uste denaren kontrara, arratsaldean ematen dira zientzia saio gehienak, eta ez goizeko ordu txikietan. Tesiak, halaber, fenomeno kezkagarri bat azaleratzen du: irrati publiko batzuetan, eduki zientifikoen aldeko apustua eta era denetako sasizientzien eta fenomeno paranormalen aldekoa maila berean daude.

San Martínek, gainera, azaltzen du Espainiako irratien eta BBCren artean alde handiak daudela zientzia jorratzeko moduari dagokionez. Denborarekin lotutako aldeak eta irratsaioaren arkitekturarekin lotutakoak ez ezik (Britainia Handiko irratian, adibidez, ez da jartzen aurkezpen sintoniarik), San Martínek giza baliabideekin lotutako aldeak aurkitu ditu, besteak beste esparru hauetan: "aurkezleen ibilbide profesionala, saio bat behar bezala eramateko daukaten prestakuntza maila, kolaboratzaileen kalitatea, irratsaioak egiteko modua, gaiei ematen zaien garrantzia, edota zientzia lurralde edo hizkuntza bati lotu gabeko jakintza unibertsala delako ustea".

Krisiaren eraginak

Tesiak, halaber, krisi ekonomikoak kazetaritzan eta bereziki zientziaren komunikazioan izan dituen eraginak aztertzen ditu. Hedabideetako enplegua erregulatzeko espedienteek eta kazetari eta soinu teknikarien kaleratzeek profesional kualifikatu gutxiago utzi dituzte zientziaren komunikazioan, eta gelditzen direnek, gainera, beste lan batzuk egin behar izaten dituzte, askotan euren lanorduetatik kanpo.

Egin behar diren lanen eta lanoz arduratzen den taldearen artean izugarrizko desoreka dago, eta, hori dela eta, kolaboratzaile anonimo mordoa hasi da irratietan. Kolaboratzaile horiei buruz ez da erreferentziarik ematen; "blogariak" direla baino ez da esaten, eta horrek ez du bermatzen ematen dituzten informazioak edo egiten dituzten komentarioak fidagarriak edo egiazkoak direnik.

"Oraindik ere ez daude blogari gehiegi irratietan, baina aipatzekoa da agertzen hasiak direla. Denborak aurrera egin ahala, eta irratiek dirua aurreztu nahiko dutenez, gero eta gehiago zabalduko dira eta gero eta denbora gehiago hartuko dute zientziari buruzko irratsaioetan", azaldu du Javier San Martínek.

San Martínek adierazi du blogarien presentzia kezkagarria dela; izan ere, "sasizientzietatik ez daude ematen duena bezain urrun. Haien iruzkinek ez dute inongo bermerik –salbu eta eurek beraiek egiten dituztela–, ez dituzte iturriak aipatzen, ez dute informazio pribilegiatua baliatzen, baizik eta prentsan edota erakunde publikoen webguneetan irakur daitekeena, eta, batzuetan, iritzi soila baino ez diren funtsik gabeko baieztapenak egiten dituzte", esan du.

Haren arabera, "entzuleek badituzte subjektu horiengandik babesteko mekanismoak, baina, horretarako, prestakuntza mediatiko egokia behar dute, hori gabe ezingo baitute beren burua babestu nolako jokabide kodeak eta interesak dituzten ez dakigun pertsonaia horiengandik".

Informazio zientifikoa lantzeko prestaturiko langileak murriztearen eraginez, gainera, formatuak eta generoak homogeneizatu egin dira: elkarrizketa gehiegi egin ohi dira, zientzia komunikatzeko bereziki baliagarriak diren beste genero batzuen kalterako (esaterako, erreportajeen kalterako), batik bat azterturiko irrati pribatuetan.

Aldebakarreko komunikazioa

Ikerlanak dioenez, irratiko zientzia komunikazioa oraindik ere aldebakarrekoa da nagusiki; ikuspegi horren arabera, hedabideak sortu egiten du, eta entzuleek jaso besterik ez dute egiten. Azterturiko 25 irratsaioetatik 8tan baino ez dira aintzat hartzen entzuleen ekarpenak, eta 4tan bakarrik hitz egiten du benetako entzule batek.

"Irratsaio zientifikoek ia ez dituzte ezertarako kontuan hartzen entzuleak, ez grabatutako irratsaioetan, ez zuzeneko espazioetan, ez sare sozialetan. Irratiko entzuleak, oraindik ere, edukien kontsumitzaile pasibotzat jotzen dira, esateko ezer ez duten entzuletzat", dio San Martínek.

Ildo horretatik, irrati kate publikoek ez dute benetako apusturik egiten zientzia euren emankizunetan funtsezkoa izan dadin; izan ere, azterturiko irratsaio batzuen jarraitutasuna irratsaio horien babesleen jarraitutasunarekin lotuta dago.

Hala eta guztiz ere, San Martínek uste du "dibulgazioaren urrezko aroan" gaudela, dozenaka egitasmo berri baitaude, lehen ez bezala. "Entzuleak gogaitzeko arriskua dago, eta proposamenek behar besteko kalitatea ez izatekoa", dio. Ikertzaileak nabarmendu du profesionalen prestakuntza eta informazioaren kalitatea oso garrantzitsuak direla, eta adierazi du zientzia ez litzatekeela existituko zientziaren dibulgaziorik gabe.

"Egile askok, akademiatik, baina baita lan honetarako aurrez aurre elkarrizketatu ditudan zientzialari eta teknologoek ere, ideia hau proposatzen dute edo bizi izan dute: batzuek, ikuspuntu pragmatikoan oinarrituta, esaten dute zientzia ez dela dibulgatzen, ez dela ezagutzen eta beraz ez dela finantzatzen. Beste batzuek, pentsamenduan oinarrituta, esaten dute jendeak gertakarien berririk ez badu gertakariak eurak (aurkikuntza edo aurrerapen zientifikoak) ez direla existitzen, gizartean ez direlako zabaltzen aurkikuntza edo aurrerapen hori egin duen pertsonarengandik harago", azaldu du.

Javier San Martínek Kazetaritzako lizentzia eta Irakasle Ikasketetako diploma atera zuen UPV/EHUn; Kazetaritza Zientifikoaren eta Zientziaren Komunikazioaren Masterra UNEDen eta doktoretza UPV/EHUn. 16 urtetik gora eman ditu hainbat irrati katetan lanean, eta Activa Tu Neurona dibulgaziozko bloga eta zientziaren dibulgazioan espezializaturiko izen bereko komunikazio agentzia (UPV/EHUn sortua) zuzentzen ditu.