Eduki publikatzailea

Oraingo herrien lehenaldia ezagutzen

Aurreneko emaitzek aditzera ematen dutenez Gipuzkoako herri batzuk erromatar garaikoak izan daitezke

Lehenengo argitaratze data: 2017/11/13

Irudia

Euskal Herriko Unibertsitateko Ondare eta Kultura Paisaietako Ikerketa Taldeko ekipo bat arkeologiako proiektu bat garatzen ari da Gipuzkoan, oraingo herrien eta, bereziki, baserrien eta landako parrokien sorburuak ezagutzeko.

Aizarnan (Zestoako udalerria, Gipuzkoa) ari dira lanean, eta aurreneko proiektua da oraindik habitatuta dagoen herri bat arkeologiaren ikuspegitik aztertzen duena. Eusko Jaurlaritzako Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren bekadun Josu Narbarte Hernández egiten ari den doktorego tesiaren esparruan sartzen da ikerlana, eta bi diru-laguntza jaso ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentutik 2016an eta 2017an arkeologiako lanak egiteko.

Geoarkeologia, prospekzioa, indusketa, ahozko eta idatzizko iturrien azterketa eta toponimia konbinatzen dituen metodologia berritzaile baten bitartez, soro landuak, gune habitatuak, baso eremuak eta, azken batean, herri tradizionalen osagai guztiak aztertzen ari dira. "Aurreneko emaitzak ikusita litekeena da Gipuzkoako herri batzuen sorburuak erromatar garaikoak izatea. Hala, agerian geratzen da gaur egungo landako paisaiek garrantzizko balio arkeologikoa dutela, orain arte behar bezala balioztatu eta aintzat hartu ez dena", dio Josu Nabartek, ikerlanaren arduradunak.

Eskueran dauden datuekin frogatu ahal izan denez, Aizarnako lehenengo etxe okupazioa Ka I. eta Ko I. mendeen artekoa da, garai hartan datatutako egitura baten aztarnak aurkitu baitira bertako parroki elizaren inguruan. "Oraindik berri gutxi badugu ere Goi Erdi Aroan jatorria dutenak, jakin badakigu garai hartan okupazioak jarraitu egiten zuela oraindik, eta Gipuzkoa osoko Goi Erdi Aroko lehenengo soro landua aurkitu da bertan", egiaztatu du Nabartek. Hala eta guztiz ere, Behe Erdi Aroan lekuaren erabateko eraldaketa gertatu zen, baserri ugari eraiki baitziren inguruan, eta gaur egun bertan diraute neurri handi batean.

Ikerlan hauetan aritu den UPV/EHUko Ondare eta Kultura Paisaietako Ikerketa Taldeko ekipoak adierazi duenez, proiektuaren aurretiazko emaitzak oso onak dira, kontuan izanik bidea irekitzen digutela gure lurraldearen eremuan gutxi aztertu izan diren hainbat problematika historiko eta arkeologikori heltzeko. Lehenik, gure oraingo herrien bereizgarri den zabaltasun diakronikoak erronka bat adierazten du herri horiek aztertzeari ekiteko, interbentzio arkeologikoa eskatzen baitu gaur egun habitatuta dauden testuinguruetan, eta horrek zaildu egiten du metodologia ohikoenen erabilera. "Aizarnan aurrera eramaten ari garena bezalako programa bat, interbentzio ‘kirurgikoetan' oinarritua, dentsitate handiko erregistro baten presentziagatik edo bere adierazgarritasunagatik garrantzi berezia duten guneetan, alternatiba fidagarri bat izan daiteke, eta horren erakusgarri ditugu Europako beste herrialde batzuetan aurrera eramaten arin direnak", nabarmendu dute ikertzaile taldekoek.

Bigarren, halako ikerketa proiektu bat oraindik okupatuta dauden herrietan garatzeak ateak irekitzen ditu tokiko komunitateekin elkarrekintza eraginkor baterako. "Horrek pizgarri izan behar luke proiektu berriak aurrera eramateko ondarearen ikuspegitik gure ingurunearen balioa nabarmentzea helburutzat hartuta, gure paisaiek gordetzen dituzten istorio konplexuen garrantzia azpimarratzean eta beren garapen iraunkorrerako tresnak sortzean", adierazi dute amaitzeko.