Ogi apurrak

astelehena, 2014ko irailaren 1a

Kepa Sarasola da Informatika Fakultateko dekano berria

Kepa Sarasola Hizkuntza eta Sistema Informatikoen Saileko irakasle agregatua UPV/EHUko Informatika Fakultateko dekano aukeratu dute. Bere ibilbide akademikoan, dekano berriak estatu zein Europa mailako ikerketa proiektuetan parte hartu du, IXA Taldeko kide den aldetik.

Eginkizunak betetze aldera, dekano berriak zuzendaritza talde honekin partekatuko ditu ardurak:  Maite Oronoz Akademia Antolakuntzako dekanordea izango da, Olatz Arbelaitz Kanpo Harreman eta Ikerketarako dekanordea, eta Elena Lazkano, berriz, idazkari akademikoa eta Euskara arduraduna.

Zuzendaritza talde berri honek bi xede ditu: batetik, fakultatearen bilakaera positiboari jarraipena ematea; bestetik, ikasle berriak matematika arloko prestakuntza hobearekin iristea lortzea.

"UPV/EHUko Informatika Fakultateak goraldia bizi du une honetan, irakaskuntza zein ikerkuntza mailan. Irakaskuntzan, lehenengo mailan matrikulatzen diren ikasleek prestakuntza hobea dute matematiketan, gure ikasketak bigarren hezkuntzako zentroetan aurkezten ditugunean gomendatu ohi dugun moduan. Horrek prestakuntza egokiagoa ekartzen du, eta azken proiektuen kalitatea hobea izatea. Ikerkuntzari dagokionez, irakasleen % 90 doktorea ere bada, eta ikastegiak urtero lau proiektu europarretan parte hartzen du. Gure ingurune soziala horren jakitun egotea nahi dugu, eta, horregatik, informatikaren irudi erakargarria eta fakultatean partekatzen dugun espiritu sortzailea hedatu nahi dugu" azaldu du Kepa Sarasolak. "Horrez gain, gure informatikarien artean komunitate espiritua sortzeko ere lanean ari gara, sare sozialetan espazio digitalak bultzatuz. Bat, fakultate mailan (DIFusioa bloga), eta bestea ikasle ohien parte hartzea eta jarraipena lortzeko (@txiomatika Twitter eta LinkedIn atarietan)."

Nodoa: liferay2.lgp.ehu.es