Ogi apurrak

asteartea, 2017ko martxoaren 21a

Gure historia industriala harri bihurtuta

UPV/EHUko ikertzaile batzuek beachrockak aztertu dituzte, Bilboko itsasadarreko industria-iraultzaren erregistroa barruan gorde duten harriak

UPV/EHUko Kimika Analitikoko Saileko ikertzaile batzuek argitaratu duten ikerketa-lan batean, beachrockak aztertu dituzte, jarduera metalurgikoko hondakin industrialak barruan gordetzen dituzten hondar zementatuzko formazioak. Garapen industrialaren inpaktuaren eta kostaldean izan duen eraginaren lekuko dira harri berezi horiek.

"Zenbait fenomeno geologikoren ikerketak ingurumen-iragana berreraikitzen eta gizakiak izan duen eragina zehazten laguntzen digu, dena erregistratuta geratzen baita. Klima-aldaketak izan ditzakeen eraginei aurre egiteko ere informazio baliotsua eman dezakete", azaldu du Nikole Arrietak, beachrockak aztertzen dituen ikerketa-lanaren egileak. Marearteko eremuetan sortzen diren harri-egiturak dira beachrockak. Normalean, eremu tropikal eta subtropikaletan sortzen dira. Hala ere, Bizkaiko kostaldean ere badira halakoak. Aztertutako beachrockak egitura berriak dira, eta, Nerbioi-Ibaizabal estuarioaren eskuinaldean egonik, giza jardueraren eragin handia jasan dute. "Oso arraroa da gurea bezalako latitude epeletan aurkitzea; munduan 8-10 kasu daude", gehitu du Arrietak. Egitura sedimentario horiek zementu karbonatatuen (CaCO3) pikor arteko prezipitazioaren ondorioz sortuak dira. "Sedimentuen artean, zementua sortu da. Hala, hondarra ez dago solte, beste hondartzetan bezala, eta harri horiek sortzen diru", azaldu du Arrietak. Edonola ere, beachrockak osatzen dituzten zementuak karbonatatuak izan ohi diren arren, gure kostaldeko egitura geologikoek burdin zementuak dituzte. Egitura zementatuetan harrapatutako zepek disoluzio-prozesuak izan dituzte meteorizazio-prozesu edo prozesu atmosferikoen ondorioz (euri azidoa, esaterako), eta berriz prezipitatzen dira poroetan, burdin gatz disolbaezin gisa.

Argitaratutako lanean egindako ikerketaren ardatza zementu horien karakterizazioa da. Alde batetik, zementu-motak aztertzeko, teknika espektroskopiko berritzaileak erabili dira, fase minera guztiak zehatz-mehatz aztertzeko. "Eskala mikroskopikoan, zenbait zementu-kapa agertzen dira, eta haietako bakoitzak informazio bat ematen du prezipitatu diren garaiari buruz, zer kondizio zeuden, etab.". Bestalde, zementu horietan harrapatuta dauden materialak aztertu dituzte, eta "industria-iraultzaren garaiko galdaketa-zepak aurkitu ditugu, bai eta Europako enpresa batzuen zigiluak dituzten hondakinak ere; barkuetan etorri, eta hemen botatzen zituzten zepak. Horregatik, teknofosilak edo giza jardueraren aztarnak aurkitu ditugu hondartzetan; kasu honetan, nazioarteko enpresen hondakin industrialek beachrockaren adina zehazten laguntzen digute".

Antropozenoaren ebidentziak

Hori guztia Antropozenoaren garai geologikoaren erregistro geologikoaren adibide bat izan liteke. Gaur egun, mundu osoko espezialisten arteko eztabaidagaia da Antropozenoa. Izendapen horren aldeko zientifikoek diotenez, Lurra garai geologiko berri batean dago, "gizakiaren eran"; giza jarduerak aldaketa handiak eragiten ditu, eta horrek aztarna uzten du Lurraren geruza geologikoetan. Izendapenaren kontrakoek, berriz, argudiatzen dute kontu politikoa dela zientifikoa baino gehiago. Aro geologiko horrek Kuaternarioaren periodo berriena hartuko luke, eta mundu osoko adituen interesa erakartzen ari da gaur egun. "Tunelbokan, ikerketa egin den estuarioaren eskuinaldeko kala batean, dauden geruzak mundu mailan aztertu dira, Antropozenoaren ebidentzia gisa", aipatu du Arrietak. Izan ere, mundu mailan latitude epeletan fenomeno hau duten eremu gutxi izateaz gainera, "are gutxiago dira hemengoen ezaugarriak dituztenak; barnean duten zepa-kantitatea sekulakoa da. Estatu Batuetako eta Australiako unibertsitate batzuetako ikertzaile entzutetsuekin lankidetzan aritu naiz, eta zur eta lur gelditzen dira guztiak argazkiak edo materialak ikusten dituztenean".

Nikole Arrieta azterketaren egileak dioenez, "ezinbestekoa da gure kostaldean dugun fenomeno geologiko berezi honen ikerketa aktibo mantentzea, egitura hauek duten ingurumen-interesagatik eta interes geokimiko, eta historikoagatik, ingeniaritzan eta leheneratzean izan ditzakeen aplikazioengatik, Antropozenoa definitzeko izan dezakeen garrantziagatik, eta, zergatik ez, baita hura osatzen duten materialen interes arkeologikoagatik ere".

Informazio osagarria

Azterketa hau Nikole Arrieta Irazabal (Bilbo, 1985) ikertzailearen doktoretza-tesiaren barruan egin da. ‘The study of an unusual temperate latitude beachrock formation. Characterization of the Azkorri beach and Tunelboka cove locations' du izena tesiak, eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Analitikoa Sailean egin da. Juan Manuel Madariaga Mota UPV/EHUko katedraduna izan du zuzendari, eta Irantzu Martínez Arkarazo UPV/EHUko irakasle titularra zuzendarikide. Ikertzaileak egonaldi bat egin zuen Kansasko Unibertsitatean.

Erreferentzia bibliografikoa

Arrieta, N., Iturregui, A., Martínez-Arkarazo, I., Murelaga, X., Baceta, J.I., de Diego, A., Olazabal, M.A., Madariaga, J.M.. Characterization of ferruginous cements related with weathering of slag in a temperate anthropogenic beachrock. Science of The Total Environment, 581-582, 49-65 (2017). DOI: http://dx.doi.org/10.1016/j.scitotenv.2016.12.132.
Nodoa: liferay2.lgp.ehu.es