Eduki publikatzailea

Zientzia Astea, gure zain asteburuon

Zientzia txokoak, txangoak, tailerrak, hitzaldiak eta Zientzia Club: adin guztietarako jarduerak Zientzia Astearen azken txanpan

Lehenengo argitaratze data: 2017/11/10

Irudia

2017ko Zientzia Asteak ateak ireki zituen asteazkenean Bilbon eta Barakaldon, eta atzo, osteguna, Gasteizen eta Donostian. Asteburuon lau egoitzek (Bizkaia Aretoa, Clara Campoamor Zentroa, Bibat Museoa eta Tabakalera) pertsona interesatu guztien eskura, beren adina edozein izanda, makina bat jarduera jarriko dituzte, zientzia entzun, dastatu, aztertu, usaindu, ukitu eta sentitzeko.

Egoitza guztiak kontuan hartuta, Zientzia Asteak guztira 51 txoko zientifiko aurkezten ditu, eta horietara edozein pertsona hurbil daiteke. Stand hauetan, hainbat aktibitate, jolas eta erakusketak proposatzen dituzte biomedikuntza, burmuinean drogek nola eragiten dieten, nanozientzia, landare elektrizitatea, elikadura edo mikroorganismoen garrantzia gure osasunean. Asteburuan ehun bat aktibitate ere egingo dira: txangoak eta bisitak, tailerrak, hitzaldiak eta erakusketak.

Adibidez, UPV/EHUko geologoek antolatutako txango bat egongo da Bizkaia Aretoaren inguruan, eta gure espaloi eta atarien bitxikeria geologikoak ikusi ahal izango dira. Beste bisita batean, Barakaldoko lorategi botanikoan, zuhaitz bakoitza identifikatzen ikasiko dugu, baita bere jatorria ere, argazki bat ateraz. Eta nola erasotzen eta defendatzen ziren erromatarrak gerra garaian? Gasteizen, beranduko erromatar aldiko unitate militar batek Bibat Museoko patioraino gidatuko gaitu gerrako hainbat pieza ikusteko: Scorpio, Onagro, Manubalista, arkuak, geziak eta xabalinak. Donostian eraikuntza tailer/lehiaketan partehartzaileek erantzuna eman beharko dute, 20 minutuan, eraikuntzari lotutako erronkei, pieza estandarizatuak erabiliz.

BHko 6.700 ikaslek parte hartu dute bisita gidatuetan

Hitzaldien artean, Materialen Fisika Zentroko (CSIC-UPV/EHU) Sara Barja ikertzaileak mintzaldi hau emango du Tabakaleran, ostiralean, 19:30ean: ‘Microscopios: de la célula al átomo'. Eta larunbatean, 17:30ean, Bizkaia Aretoan, Kimika Analitikoko IBeA taldeak Ponpeiara (Italia) egin zuen azken espedizioan freskoen atzean aurkitu duenaz hitz egingo du. Hitzaldi interaktiboa izango da, gainera, entzuleek parte hartuko baitute.

Halaber, Jon Kepa Eureka zientzialariaren ikuskizunaren hiru saio egingo dira, 0 eta 100 urteren arteko umeentzat (Bizkaia Aretoan, ostiralean, 18:00etan (gaztelania) eta larunbatean, 17:30ean (euskara); Tabakaleran, larunbatean, 12:00etan (euskara); Bibat Museoan, igandean, 10:30ean (gaztelania) eta 12:00etan (euskara)). Eta Zientzia Clubeko beste hiru saioetan irakasleak taularatuko dira oso gai bitxiei buruzko bakarrizketa labur eta umoretsuak egiteko (ostiralean, Bibat Museoan eta larunbatean Bizkaia Aretoan eta Tabakaleran, guztiak 19:00etan).

Bigarren Hezkuntzako bisitak

Astean zehar, Bigarren Hezkuntzako 6.700 ikaslek parte hartu dute haientzat bereziki prestatutako txokoen zeharreko ibilaldi gidatuetan. Mungiako Larramendi Ikastolako DBHko 3. mailako ikasle Aide Elizaeguik eta Ainhoa Salazarrek Zientzia Astea bisitatu dute lehen aldiz, eta esperientziak beren itxaropenak gainditu ditu: "Pentsatu baino askoz interesgarriagoa da, oso arin ulertu ditugu azalpenak". Ainhoa txunditu du "Formula 1eko kotxe batek barrutik nola funtzionatzen duen" ikusteak eta Aidek ziurtatu du itzuliko dela, gehiago ikusteko gogoz geratu baita. "Larunbatean familiarekin etorriko naiz".

Naiara Uriarte biologoa Aide eta Ainhoaren taldearen irakasle arduraduna da. Biologia eta Geologia irakasgaia ematen du. Zientzia Astea bere kabuz bisitatu du beste edizio batzuetan, baina hau lehen aldia da irakasle bezala. "Zientzia Astea oso didaktikoa eta bisuala da. Askotan ikasleek zientzia pertsona"frikien" gauza dela uste dute, eta ez da horrela. Hemen ikusten dute zientziak esparru asko dituela, mota askotariko pertsonek lan egiten dutela arlo horretan". Bere asmoa urtero itzultzea da beste ikasle talde batzuekin.

Zientzia Asteari buruzko informazio osoa: www.zientzia-astea.eus