Ogi apurrak

ENERGIA

ENERGIA KONTSUMOAK INGURUMENEAN ZER ERAGIN DUEN EZAGUTU ETA INGURUMENA ZAINDU NAHI DUZU?

Irakurri eta hausnartu...

Gaur egun, erregai fosilak kontsumitzen (petrolioa, gasa eta ikatza) eta energia modu irrazionalean erabiltzen duen energia-ereduan oinarritzen da gure bizimodua. Ondorioz, atmosferara Berotegi Efektuko Gas (BEG) kantitate handiak isurtzen dira, klima-aldaketa eragiten dutenak, alegia.

Zer dago argi-etengailuaren atzean?

Sorgailu elektroniko bati konektatutako ardatza birarazita sortzen da energia elektrikoa. Elektrizitatea energia ez-berriztagarriekin sortzen bada, erregai fosilez elikatutako galdara batean ur-masa handia berotzen da eta bertatik sortutako ur-lurrinak ardatza birarazten du.

Zer dago etxeko ur beroko txorrotaren atzean?

Gas naturala ekoizteko prozesuak etapa hauek ditu:

  1. Arakatu.
  2. Arrokari zuloa egin eta erauzi.
  3. Gas landugabea prestatzeko eta fintzeko tratatu.
  4. Lurrez (gas-hodiak) edo itsasoz (itsasontziak; aldez aurretik, gasa likidotuta) garraiatu.
  5. Lurpeko biltegietan gorde.
  6. Azken erabiltzaileari banatu.

EAEn, energia-sektorea (energia sortzea eta inportatzea) da BEG gehien isurtzen duen eragilea. EAEn isuritako gasen %42 isurtzera iristen da (Iturria: Berotegi Efektuko Gas Isurketen Inbentarioa Euskal Autonomia Erkidegoan 1990-2008. IHOBEk argitaratua).

Nola laguntzen dugu BEGak isurtzen?

Klima-aldaketari eta Berotegi Efektuko Gasen (BEG) isurketei buruzko aipamenak entzuten ditugunean, nahigabe, pentsatzen dugu energia-sektorea, industria-sektorea eta garraio-sektorea direla "errudun" nagusiak.

Haatik, badakizu bizitegi- eta zerbitzu-sektoreetako BEG isurketa EAEko isurketa guztiaren %14 dela?

Hona hemen zergati batzuk:

Isurketa
zuzenak
Erregaiak erabiltzeagatik (Campusean, gas naturala).
Errekuntzak CO2 sortzen du eta gas hori da berotegi-efektu handiena sortzen duena.
Zeharkako isurketak Erabiltzaile gisa kontsumitzen dugun energia elektrikoa ekoizteko prozesuan sortutakoa.
Beraz, gure eguneroko ohiturei, zeharka bada ere, lepora diezaiekegu.

1990. urtearekin alderatuta, bizitegi-sektoreak %13 areagotu ditu BEGen isurketak. Gure esku dago joera hori aldatzea.

Beste datu interesgarri batzuk

  • Aire girogailuaren tenperatura gradu bat igotzen (neguan) edo jaisten (udan) den bakoitzean, %7 igotzen da kontsumo elektrikoa.

  • Baduzu "stand-by kontsumoa" eta "kontsumo mamua" kontzeptuen berri?

Kontsumo mamua

Sare elektrikora etengabe konektatutako gailuek sortutako kontsumoa da.

Zergatik?
Gailu elektronikoek transformadore bat daramate korronte alternoa etengabeko tentsio baxuko korronte bihurtzeko. Transformadore hori etengabe dago sarera konektatuta eta, gutxi bada ere, kontsumitu egiten du.

Zenbat?
Gutxi gora behera, 5 Watt gailuko eta orduko*.

Stand-by kontsumoa

"Egonean moduan" (urrutiko kontrolaz piz daitekeen argi gorria) piztuta dauden gailuek egindako kontsumoa da: Telebista, DVD erreproduzigailua, ordenagailuaren pantaila…

Zergatik?
Argi gorriaren zirkuituaren kontsumoa.

Zenbat?
Gutxi gora behera, 10 Watt gailuko eta orduko*. Horri, kontsumo mamuaren (transformadorea) 5 Watteko gailuko eta orduko kontsumoa gehituta, guztira, 15 Watt kontsumitzen du gailu batek eta orduko.

* Informazio-iturria: Web Ecologic Barna (ingurumena babesteko sistemen enpresa).

Etxean 6 gailu stand-by moduan badituzu (telebista, DVD erreproduzigailua, ordenagailuaren pantaila, inprimagailua, eskanerra eta audio-ekipoa), orduko 90 Watteko kontsumoa dute. Kontsumo hori eta kontsumo baxuko bonbilla batek (11 Watteko potentziakoa) 8 ordu baino gehiagoz piztuta egonda kontsumitzen duena bera da.

Nodoa: liferay2.lgp.ehu.es