Ogi apurrak

asteartea, 2017ko maiatzaren 30a

"El Jueves": 40 urte umore satirikoz blai

Erakusketa. Bizkaiko Campuseko Biblioteka. Leioa, 2017ko maiatza-iraila

El Jueves 1977ko maiatzaren 27an agertu zen lehen aldiz kioskoetan, umore grafikoa zerabilen argitalpen satiriko eta isekaria, baina berehala lortu zuen 40 urteotan oso fidela izan zaion jarraitzaile andana. Eta bien arteko loturak indarrean dirau hainbat pertsonaiari esker: Martínez el facha, El profesor Cojonciano, Makinavaja, … Karikaturok agertu, bilakatu eta aldatzen joan dira urte hauetan guztietan, baina beti ildo berari eutsiz, umore kritiko eta zirikatzailea bultzatuz, eta unean uneko gizarte errealitatea islatuz.


Izandako ibilbidean bahitu, kritikatu eta zentsuratu egin dute aldizkaria. 1977an abiatu eta urte horretan bertan jasan zituen zentsuraren ondorioak. 2007ko uztailaren 18an 1573. zenbakia bahitu izanak oihartzun handia izan zuen gizartean. Izan ere, argitalpenaren azalean Asturiasko printzearen eta printzesaren karikatura bat ageri zen, biak harreman sexualak mantentzen ari zirelarik.


Aipatutakoak gorabehera, 2013an Espainiako umorezko aldizkari zaharrena bilakatu zen. Egun ere lanean jarraitzen du aldizkariak, noizean behin eztabaida pizten badu ere. Aipatu berriaren adibide dugu 2014an Erregeak abdikatu zuela-eta argitaratutako azala. Azal hori RBA argitaletxeak −horren barruan dago aldizkaria− zuzen emandako aginduz zentsuratu zen eta kolaboratzaile batzuek alde egin zuten.


Orain, 2017ko maiatzean, "El Jueves" aldizkariak 40 urte betetzen ditu. Ospakizun horren ondorioz eta dohaintza garrantzitsu bat jaso dugunez (aldizkariaren urte batzuetako zenbakiak barne), Bizkaiko Campuseko Bibliotekak omenaldi txiki bat egin nahi dio "politikoki zuzena ez den umore" horri, argitaratutako zenbaki esanguratsuen erakusketa baten bitartez.


Era berean, esker ona adierazi nahi diogu Mª Isabel Miyar Arrieni, urteak joan urteak etorri, gure bilduman sartzeko "El Jueves" aleen dohaintza egiteagatik, baita eskerrak ere Carlos Flores Calleri, hark egindako dohaintza baliagarri izan baita aldizkariaren urte batzuk osatzeko. Ekarpen horiek eman ezean, ezin izango genituen aurkeztu erakusketa honetan hainbat zenbaki.

Nodoa: liferay1.lgp.ehu.es