Eduki publikatzailea

50 urte 50 liburu, Alianza Editorial argitaletxearen "El Libro de Bolsillo"

Erakusketa Gipuzkoako Campuseko Bibliotekan

Lehenengo argitaratze data: 2016/04/26

Gipuzkoako Campuseko Bibliotekak "50 urte, 50 liburu" erakusketa antolatu du, apirilaren 23an ospatzen den Liburuaren Eguna dela eta. Alianza Editorial argitaletxearen "El Libro de Bolsillo" bildumako 50 lan aukeratu dira, Bibliotekan eskuragarri daudenen artean, erakusketa osatzeko. Argitaletxeak berak eta bere bildumarik esanguratsuenak 50 urte betetzen dituzte. Hainbat belaunaldiren irakurketen sinbolo dira biak, argitaletxea zein bilduma, eta herri-kulturari dagokionez benetako iraultzatzat har ditzakegu.

Alianza Editorial 1966an sortu zen, José Ortega Spottorno (José Ortega y Gasset filosofoaren semea), Javier Pradera eta Jaime Salinasen eskutik. "El Libro de Bolsillo" bilduma ezagunak 2000 obra baino gehiago argitaratu ditu, gai askotarikoak, bai literatura klasiko edo garaikide arlokoak, bai akademia eta unibertsitate arlora zuzenduak. Bildumako liburu salduena Simone Ortegaren "1080 recetas de cocina" da, saldutako 3 milioi alerekin. Simone Ortega José Ortega Spottorno argitaletxearen sortzailearen emaztea zen, eta editoreak modu barregarrian azaltzen zuen hasiera batean Ortega y Gasseten semea izateagatik zela ezaguna, baina 1973an liburua argitaratu ostean, egilearen senarra izateagatik ezagun izatera pasa zela. 

Aipamen berezia merezi dute "El Libro de Bolsillo" bildumako azalek. Daniel Gil diseinatzailearen lana argitaletxearen identitate-marka bihurtu zen, eta argitalpenaren munduan ildo bat ireki zuen. Azal deigarri horietako batzuk "50 urte, 50 liburu" erakusketan ikusi ahal izango dira. Alianza argitaletxeari egin diogun omenaldi hau maiatzaren bukaera arte egongo da Ikaskuntzarako Aretoan, Bibliotekako beheko solairuan.