Anexo I

2017 Deialdia

Oinarriak

IKASTARO ON LINE MASIBO ETA IREKIAK (MOOC), MiriadaX plataforman, DISEINATZEKO, PRESTATZEKO ETA ARGITARATZEKO IV. DEIALDIA (2017)

SARRERA

Informazio eta komunikazio teknologiak unibertsitateetan, bai irakaskuntzan bai ikerketan, apurka-apurka ematen ari den aldaketa baldintzatzen ari dira. Oraintsu agertu den irakaskuntza ereduetako bat, Sarea eta informazioa beste era batera ulertzetik sortutakoa, MOOC ikastaroena da.

MOOC (Massive Online Open Course) ikastaroak urrutiko prestakuntzako ikastaroak dira, ezagutza modu irekian, doan eta online eskuratzea oinarritzat hartuta ahalik eta erabiltzaile gehienengana heltzea helburu dutenak, horretarako elkarlanean aritzeko metodologia parte hartzailea erabiliz.

Azken urteotan nazioarteko hainbat ekimen sortu dira era horretako prestakuntza eskaintzaren inguruan, eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak deialdi hau sustatu du bere online ikastaro eskaintza handitzeko.

1. DEIALDIAREN HELBURUA

UPV/EHUk mota honetako ikastaroak egiteko IV. deialdia argitaratzen du, online ikastaro masibo irekiak (MOOC) diseinatzeko, prestatzeko eta argitaratzeko eta horiek, UNIVERSIArekin 2015ko urtarrilean (MiriadaX plataforma) onartutako hitzarmenaren arabera ezartzeko eta ebaluatzeko helburuarekin .

2. ONURADUNAK

Eskaera egiteko momentuan UPV/EHUko arduraldi osoko edozein irakaslek proposatu ahalko du 2017-2018 ikasturtean emateko online ikastaro bat.

Proposamenak taldeka egingo dira, taldeko zein kide izango den proiektuaren ardura izango duen koordinatzailea adieraziz .

Onartua den taldeak proposatutako online ikastaroa gutxienez 2 ediziotan eskaintzeko konpromisoa hartzen du.

3. MOOC MOTAKO ONLINE IKASTAROEN EZAUGARRIAK

MOOC izena ematen zaio osorik online ematen den eta ezaugarri nagusitzat irekia eta "masiboa" izatea dituen ikastaroari. Online ikastaroen eskaintzaren barruan UPV/EHUko MOOC ikastaro bat bereizten duten ezaugarri nagusiak honako hauek dira:

  •  Irekia izatea: ez da aurretik baldintzarik bete behar ikastaroan sartzeko eta edonork parte har dezake bertan; nahitaez egin beharreko gauza bakarra erregistratzea da, materiala eta baliabideak erraz eta doan eskuratu ahal izateko.
  • Online izatea: ikastaro osoa urrutiko irakaskuntza modalitatean ematen da. Ordenagailua, interneteko konexioa eta nabigatzaile bat baino ez da eduki behar. Ikastaro hauek antolatzeko ardatz nagusiak dira ikasketa prozesuan laguntzeko ikus-entzunezko materiala erabiltzea, ikasleen aurrerapenak neurtzeko jarduera eta ariketak egitea, eta zalantzak azaldu eta ikastaroan modu aktiboan parte hartzeko eztabaida eremu bat eskaintzea.
  • Masiboa izatea: ahalik eta erabiltzaile gehienengana heltzeko pentsatuta dago, aurretik ezarritako parte hartzaile kopuru mugaturik gabe. Hedapen zabala du eta interes eta helburu desberdinak dituzten ikasleei zuzenduta dago.
  • Autonomia ematea: ikastaroaren egitura ikasleek modu autonomoan ikasteko pentsatuta dago, eta, baliabide ugari erabiltzen dira, besteak beste, bideoak, estekak eta dokumentuak, baita eztabaida eta komunikazio guneak ere.
  •  Parte hartzailea izatea: ikasleek ezagutzak eta esperientziak partekatu ahal izateko komunitateak sortzeko pentsatuta dago, elkarlanerako sareak eta proposatutako intereseko gaiei buruzko elkarrizketak sortzeko.

UPV/EHUko ikastaroen eskaintza bateratzeko asmoz eta ikastaro horiek definitu eta abian jartzeko, ikastarook II. eranskinean jasotako ezaugarrietara izan beharko dituzte.

4. BALDINTZAK

Eskaeran irakasle taldeek ondoko baldintzak onartu beharko dituzte:

Edukia originala eta norberak sortutakoa izan behar da eta proiektuaren ardura duen irakasleak bermatu egin behar ditu argitaratuko den materialaren egile eskubideak. Salbuespen modura, posible da norberak sortutakoak diren eta OCW atarian argitaratu diren baliabideak erabiltzea, betiere, Creative Commons lizentziarekin.

Ikastaroa emateko erabiliko diren materialak plataforman argitaratzeaz gain, materialak UPV/EHUk eduki irekietarako dituen erakunde atarietan argitaratu ahal izango dira.

MiriadaX plataformaren ezaugarriak direla eta, ikastaroak gaztelaniaz edo ingelesez gauzatuko dira. Laster UPV/EHUk Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetan argitaratzea ahalbideratuko duen berariazko plataforma eskuragarri jarriko du.

IKTgerentziaordetzarekin elkarlanean gabiltza online ikastaro  ireki eta euskarri eleanizdunak plataforma berri batetan kokatzeko. 2017/18ko lehen lauhilabetean proba "pilotua" egitea aurreikusten da, ondoren 2018ko MOOC motako online ikastaroen  deialdian  erreminta hau eskaintzeko asmoz.

Eskaerek proiektuaren ardura izango duen koordinatzailea Saileko Zuzendariaren bermea eduki beharko dute.

5. AURKEZPENA ETA EPEA

Eskaerek proposatutako online ikastaroari buruzko oinarrizko informazioa - I. Eranskinean adierazitakoari jarraikiz- eta proiektuaren ardura izango duen koordinatzailea Sailaren bermea eduki beharko dute.

Deialdia Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreordetzaren iragarki taulan eta eCampusaren (https://www.ehu.eus/eu/web/ecampus) web orrian argitaratuko da.

Eskaerak aurkezteko epea ekainaren 6tik 26era (biak barne) izango da.

Eskaerak UPV/EHUko Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreordeari zuzenduko zaizkio. Eskaerok Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako campusetako erregistro orokorretan aurkeztu ahal izango dira, hau da, UPV/EHUren 2007ko maiatzaren 28ko Erabakian aipatutako bulegoetan (2007ko abuztuaren 3ko EHAA); edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/92 Legeko 38.4 artikuluari jarraikiz.

Ikastaroen edizioa bukatu ondoren, lehen edizioa, 2017-18 ikasturtean zehar eskainiko da.

6. AUKERAKETA PROZEDURA

Epe barruan eta behar bezala jasotako proposamenak horretarako sortutako batzorde batek ebaluatuko ditu. Batzordea osatuko dutenak honako hauek izango dira:

  • Presidentea: Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko erretoreordea
  • Idazkaria: eCampuseko zuzendaria (UPV/EHUko Campus Birtuala)
  • Kidea: Irakaslana Ebaluatzeko Zerbitzuko zuzendaria
  • Kidea: online ikastaroetan esperientzia duen irakasle
  • Kidea: eCampuseko teknikari bat

Batzordeak jasotako proposamenak ebaluatuko ditu honako irizpide hauen arabera:

- UPV/EHUko online ikastaroei eskatzen zaizkien ezaugarriekin bat etortzea (II. Eranskina)

- Ikastaroaren proposamenaren diseinua eta egokitasuna

- Online ikastaroaren egitura

- Irakasle taldearen gaitasuna, esperientzia eta curriculuma

- Ikus-entzunezko baliabideen eta ikus-entzunezkoen erabilera egokia

- Proposamenaren originaltasuna eta berritasuna

Proposamen guztietatik, gehienez zortzi (8) aukeratuko ditu Batzordeak.

7. DEIALDIAREN EBAZPENA

Aukeraketa egin behar duen batzordearen proposamena ikusi ondoren, Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko erretoreordeak deialdia ebatziko du eta aukeraketaren emaitzaren berri emango du hura unibertsitateko webgunean argitaratuta 20 egun naturaleko gehienezko epean - eskaerak aurkezteko azken egunetik hasita- (https://www.ehu.eus/eu/web/ecampus).

Esleipen erabakiaren kontra aukerako berraztertze errekurtsoa jarri ahal izango da hilabeteko epean erabakia argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango da zuzenean Bilboko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, hilabete biko epean, Estatutuetako 160. artikuluari lotuta Administrazioarekiko Auzien Eskumena Arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak dioenaren arabera.

8. IKASTAROAK GARATU ETA ABIAN JARRI

UPV/EHUko eCampusak (UPV/EHUko Campus Birtualak) aukeratutako proiektuen garapenean laguntza eskainiko du. Aukeratutako irakasle taldeek hiru hilabete izango dituzte gehienez ikastaroak garatzeko. eCampusek irakasle taldeekin gutxi gorabeherako programazioa ezarri ahal izango du, zerbitzuaren baliabideak hobekien aprobetxatzeko asmoz. Edonola ere, ikastaroak prest egon beharko dira 2017-18 ikasturteko bigarren lauhilekotik aurrera ezartzeko.

MiriadaX plataforman argitaratzeko eCampus Zerbitzuaren aholkularitza eta laguntza izango dira. Besteak beste, bideo edo/eta tutorialen grabazioan (polimedia gela) edo material grafikoaren hobekuntzan euskarria izango dute.

Behin ikastaroak garatutakoan, ikastaroaren koordinatzailearen sailak txostena egin beharko du ikastaroa abian jarri aurretik. Sailaren aldeko txostena eta, ondoren, hasierako aukeraketa egin duen batzordearen oniritzia lortu duten ikastaroak baino ez dira abian jarriko.

9. AITORPENA

Online ikastaroetan parte hartzen duten irakasleek dagokien aitorpenerako eskubidea izango dute, eta eskubide hori gauzatzeko, diploma bat emango zaie. Aitorpena parte hartzaile bakoitzari egingo zaio proiektua bukatutakoan.

 

Leioa , 2017ko ekainaren 2an

Ebazpena