Ogi apurrak

astelehena, 2017ko uztailaren 10a

Unibertsitatea laborategi bizidun bilakatu nahian

Hainbat ikaslek UPV/EHUren iraunkortasun arazo errealen ebazpenean oinarritutako GRALak aurkeztu dituzte

Euskal Herriko Unibertsitateko hainbat ikaslek, Gradu Amaierako Lanak idazteko, UPV/EHUn detektaturiko iraunkortasun arazoen ebazpena hartu dute oinarri. Campus Bizia Lab programarekin aurkitu ahal izan dituzte arazoak; programa horrek ikasleak, irakasleak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak inplikatzen ditu, eta campusak benetako laborategi bizidun bilakatu nahi ditu. Aurtengo ikasturtean, ekonomia zirkularraren, eraldaketa energetikoaren eta elikadura iraunkorraren alorrean hobekuntzak proposatzen dituzten 25 lanetik gora aurkeztu dira, unibertsitateko eguneroko bizimoduan aplikatzeko modukoak.

Gradu desberdinetako ikasleak aritu dira kasuak ebazten; horretarako, diziplina askotako taldeak osatuz, ezagutza arloak, metodologiak eta jardunbideak partekatu dituzte, helburu bera lortzeko.

Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Eibarko ataleko Sonia García eta Alex Ezquerra ikasleek eta Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Estíbaliz Treviño eta Sara Belver ikasleek Campus Bizia Laben erronketako batean parte hartu dute. Hain zuzen ere, Ekonomia eta Enpresa Fakultatearen karbono arrastoa aztertzen eta arrasto hori murrizteko formulen bila ibili dira.

Soniak eta Alexek, neurketen eta simulazioen bitartez, eraikinaren analisi termikoa eta energetikoa egin dute, eta hobetzeko proposamenak eman. Sarak eta Estíbalizek, bestalde, aztertu dute neurri horiek ekonomikoki bideragarriak diren eta Fakultateak zenbateraino konpentsatuko lukeen bere karbono arrastoa. Emaitza gisa, Fakultatearen jokabide energetikoaren diagrama egin dute, eta bai energia kontsumoa bai karbono arrastoa murriztuko lituzkeen ekintza plan bat osatu dute.

Albiste osoa: Campusa

Nodoa: liferay2.lgp.ehu.es