osteguna, 2017ko otsailaren 16a

Ia 10.000 pertsona izan dira Unibertsitate Orientaziorako Azoka arrakastatsuetan

Unibertsitate Orientaziorako Zerbitzua otsailaren 24tik martxoaren 18ra arte ospatuko diren Jardunaldi Irekiak prestatzen hasi da jada

Aurreko larunbatean bukatu ziren Euskal Herriko Unibertsitateko Orientaziorako Azokak eta guztira 9.725 bisitari izan dituzte. Unibertsitate Orientaziorako Azoken helburua da unibertsitate aurreko ikasleen zalantzak argitzea eta unibertsitateko ikasketak aukeratzen laguntzea.

Zehatz-mehatz, Arabako Campusean azoka urtarrilaren 28an izan zen eta 1.998 bisitari egon ziren; Gipuzkoako Campusean otsailaren 4an ospatu zen eta 3.855 pertsona hurbildu ziren; eta, azkenik, Bizkaiko Campusean otsailaren 11ean egin zen, eta 3.872 bisitari hartu zituen. Guztira, beraz, 9.725 bisitari egon dira.

Azoketan, UPV/EHUko ikastegi guztietako irakasleek nahiz unibertsitateko zenbait zerbitzutako langileek informazio zehatza ematen diete ikasleei, bai UPV/EHUk eskaintzen dituen gradu guztiei buruz, baita mugikortasun-programen, graduondokoen, tasa nahiz beken, unibertsitateko ostatu nahiz garraioaren, kirol-jardueren, unibertsitate-orientazioaren eta abarren gainean ere.

UPV/EHUk urtero garatzen du Unibertsitatera Sartzeko Programa, unibertsitate-aurreko ikasleek ahalik eta informazio gehien izan dezaten ikasketak hautatu aurretik, eta Unibertsitate Orientaziorako Azokak programa horren baitan kokatuta daude, haren bigarren fasean, hain zuzen. Lehen fasean, unibertsitate-aurreko ikasleei interesatzen zaizkien graduei buruzko Jarduera Praktikoak burutu ziren. Eta, programari amaiera emateko, Ate Irekien Jardunaldiak egingo dira, otsailaren 24tik martxoaren 18ra arte. Horietan parte hartzeko, otsailaren 13etik 26ra bitartean, bigarren hezkuntzako eta lanbide-heziketako beren ikastetxeetan eman beharko dute izena ikasleek edo unibertsitateko web gunean: www.ehu.eus/sou/jardunaldi-irekiak.

"Laster unibertsitatera etorriko diren ikasle asko hurbildu dira. Ikastegiek, irakasleek eta administrazio eta zerbitzuetako pertsonalak, hau da, unibertsitateak oro har ahalegin guztiak egiten ditu Unibertsitate Orientaziorako Azoketan. Gure erakusleihorik hoberena da eta formularik onena ordu batzuez unibertsitatea gure ikasleak izango direnengana hurbiltzeko. Aurten ere, gure itxaropenak bete dira eta etorri direnen asebetetze maila altua izan da", adierazi du Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreorde Txelo Ruizek.