ostirala, 2017ko ekainaren 16a

Errepresioa eta liluramendua Bilbo hartu ondoren

UPV/EHUko liburu batek frankismoak Bizkaian erabili zituen estrategiak aztertu ditu

1937ko ekainaren 19an gudaroste frankistak mendean hartu zuen Bilbo. Berehala, militarrek arauen eta auziperatzeen sorta berezi bat martxan jarri zuten Bizkaiko disidentzia politikoa erreprimitu eta neutralizatzeko, probintzia hori Eusko Jaurlaritzaren egoitza izan baitzen, eta ez zen bertan estatu kolperik izan. Erik Zubiaga UPV/EHUko doktoreak probintzian ezarritako errepresio mekanismo handienaren funtzionamendua eta eragina aztertu du: jurisdikzio militarra; horretarako, arreta jarri dio kolpatuen ateratako gizarte sektoreen profilari. Halaber, atal batean, gerraoste hasierako erakarpen politikak eta bizkaitarrek agertutako jarrera sozial konplexuak aztertu ditu.

Gaur, ekainak 15, Bilbon egindako aurkezpenean, liburuaren egilearekin batera, Fernando Molina UPV/EHUko Historia Garaikidea Saileko irakasleak eta Javier Gómez Calvo historialariak, Arabako errepresio frankistaren ikertzaileak, parte hartu dute.

Erik Zubiagak prozesatutakoei heriotza edo espetxeratze zigorrak ezarri zizkieten epaiak aztertu ditu, baina largetsiak izan edo absoluzioan bukatutako kasuei ere erreparatu die. Guztira, 1937tik 1945. urtera 32.100 pertsona inguru izan ziren auzipetuak larrialdiko sumarisimo prozesuaren bitartez.

Hori aztertuta ondorioztatzen da Gerra Zibilean gobernuaren alde egin zuten alderdi politiko guztietako indarrak gogor zigortu zituztela; kopuru osoetan, berriz, sozialistak eta euskal abertzaleak izan ziren jurisdikzio militar bitartez gehien zigortutako euskal aukera politikoak.

Ikerketak agerian utzi du erregimen frankistak, errepresio politikekin batera, beste politika batzuk jarri zituela martxan, egileak "erakarpen"ekoak deitu dituenak, "biztanleriaren zati handi baten adostasun eraginkorra eratzera bideratuta". Bi estrategien konbinazioak (errepresioak eta liluramendu edo erakarpenak) erregimen frankista ezarri eta errotzea zituen xedetzat.

Bi moduetatik, errepresioa izan zen, zalantzarik gabe, eraginkorrena. Milaka prozesatu zituzten, ehunka exekutatu, funtzionarioak kaleratu, milaka kanporatu eta erbesteratu, eta oposizio politiko guztia desegina izan zen.

Liburuaren izenburuak, egilearen iritziz, gerraostean jurisdikzio militar frankistak auzipetutako askok jasan zuten errepresioaren ankerkeria, beldur eta larriunea adierazi nahi izan ditu. «Espediente juridiko militarrak irakurriz, igarri egiten dira auzi hauetan harrapatutakoek, baita haien familiek ere, jasan zituzten sufrimendu eta nahigabeak», Zubiagak azaldu duenez.

Azterketak, gainera, erreparatu egin die Bizkaiko gizarteak hasierako gerraostean estatu frankista berriaren aurrean hartutako askotariko jarrerei, gehienean adostasun pasibotik isilpeko arbuiora doan tarte batean kokatuak, "alde gris" zabal bat, helburua biziraupen hutsa zuena, etengabeko zigor mehatxu eta miseria orokorreko giroan.

Emakumeak: zigortu eta berrezi

Errepresio frankistak bi sexuetako disidenteak zigortu zituen. Nolanahi ere, emakumeen kasuan, disidentzia politikoa erreprimitu ez ezik, haiei egokitu zieten bizi ereduaren kontrako edozein jarrera errotik moztu nahi izan zen. Emakumezkoak zigortzeko, kartzela esklusiboak prestatu ziren, baina gainera, zigor bereziak ere ezarri zizkieten, adibidez, burua soiltzea, errizino oliozko purgak edo sexu indarkeria. Giltzapetutako emakumeak "berreziketa" politiken jomuga bihurtu ziren, ugalketan eta familia zainketan soilik jardun behar zutelako ideia sinetsarazteko.

Apaiz disidenteen errepresioari ere beste atal batean erreparatu zaio.  Erregimen frankistak euskal apaizak jo zituen neurri handi batean euskal sinestun ugarik aurkako jarrera hartzearen erruduntzat; horrek eragotzi zuen, izan ere, Gipuzkoan eta Bizkaian altxamendu militarra aurrera ateratzea. Haien kontrako jarrerak, gainera, auzitan jarri zuen erlijioa babesteko gurutzadaren propagandarako arrazoibidea, kolpistek altxamendua bultzatzeko nahi zuten ez bezala. Geroago kontrako apaizei zigorrak berrikusi eta kartzelatik libre geratu ziren arren, errepresio gogorra jasan zuten espetxe eta erbestearen bitartez.

Erik Zubiaga UPV/EHUko historiako doktorea da. Egun, Valentín de Foronda Gizarte Historiarako Institutuan Kontratatutako Pertsona Ikertzaile gisa lan egiten du, Euskal Herriko Unibertsitateari atxikia (UPV-EHU).  ‘La huella del terror franquista en Bizkaia' liburua doktorego tesi baten fruitua da, Luis Castells eta Fernando Molina UPV/EHUko ikertzaileek zuzenduta.