ostirala, 2017ko irailaren 29a

Ideia politikoek diskriminazio handiagoa eragiten dute beste irizpide batzuek baino

UPV/EHUko irakasleek parte hartzen duten nazioarteko ikerketa berri baten arabera, pertsonek konfiantza handiagoa izan ohi dute ideologia bereko pertsonekin, bestelako ideiak dituztenekin baino

Beste estereotipo batzuk pixkanaka-pixkanaka atzean uzten goazen heinean, ideia politikoak pertsonen artean konfiantza edo mesfidantza sortzeko arrazoi gero eta handiagoa dira. Ondorio hori atera dute, besteak beste, duela gutxi European Journal of Political Research aldizkari ospetsuan argitaratutako artikulu batean ("The tie that divides: Cross-national evidence of the primacy of partyism").

Artikuluko ikertzaile nagusia Dartmouth Collegeko Sean Westwood da, eta gainerako egileen artean daude Standfordeko eta Antwerpeko unibertsitateetako eta Berlin Social Science Centerreko ikertzaileak, baita UPV/EHUko Rarael Leonisio eta Luis Miller irakasleak ere.

Artikuluak abiapuntutzat hartzen ditu Estatu Batuetan "konfiantzazko jokoa" delakoa erabiliz egindako azterketa esperimentalak. Konfiantzazko joko horretan bi jokalarik parte hartzen dute: A jokalariak 10 dolar ditu, eta erabaki behar du 10 dolar horietatik zenbat bidaliko dizkion B jokalariari. Bidaltzen duen zenbateko oro hirukoiztu egingo zaio B-ri. B jokalariak, azkenik, erabaki behar du zenbat diru itzuliko dion A-ri. Horrela, A-k zenbat diru bidaltzen duen kontuan hartuta ikusiko litzateke zenbateko konfiantza daukan A-k B-rengan; hau da, diru horrek erakutsiko luke A-k zenbateraino uste duen entregatutako diruaren zati bat itzuliko diola B-k.

Azterketa horretan, egileek egiaztatu zuten parte hartzaileak gutxiago fidatzen zirela (diru gutxiago bidaltzen zieten) beste ideologia bat zutenekin (demokratak edo errepublikanoak), ideologia berekoekin baino. Horrenbestez, jokoan ikusi zen banaketa alderdikoiak eragin nabarmena zeukala konfiantzan, baina ez zen sumatu bestelako arraza jatorri bat zuten pertsonak elkarrekin aritzeak era berean eragiten zionik konfiantzari. Hortik ondorioztatu zuten ideologikoki aurkakoak diren pertsonenganako gorrotoa handiagoa dela beste arraza bateko pertsonenganakoa baino.

Estatu Batuetako gizartean egindako azterlan horren ondoren, orain aurkeztutako lan honekin esperimentu hori bera probatu nahi izan da Estatu Batuetakoaz bestelako sistema politikoak dituzten hiru gizartetan: Erresuma Batuan, Belgikan eta Euskadin, ideologiaren araberako emaitzak beste parametro batzuen araberako emaitzekin konparatuta: erlijioa, Erresuma Batuaren kasuan; eskualdea, Belgikaren kasuan; eta jatorria (bertako arbasoak edo kanpokoak), Euskadiren kasuan.

Azterturiko beste lurraldeetan bezala, egiaztatu da Euskadin oso txikia dela irizpide etnikoan oinarritutako diskriminazioa, alderdi politikoen aldeko joerak eragindakoa baino askoz txikiagoa. Era berean, ezkerra-eskuina eta nazionalista-konstituzionalista parametro bikoitza kontuan hartuta, egiaztatu da bi ardatzetako batean gertu egoteak arindu egiten duela joera alderdikoaren ondorio negatiboa.

Orduan, diskriminazio alderdikoia zergatik ari da oraindik ere areagotzen, bestelako diskriminazioak gutxitzen ari badira? Rafael Leonisioren eta Luis Millerren iritziz, "bestelako diskriminazioen kontra arau sozialak daude, baina diskriminazio alderdikoiaren kontra ez. Hala, arau sozialek zigor gogorrak ezartzen dituzte arrazan edo generoan oinarritutako diskriminazioaren aurka, baina ez da presio bera egiten diskriminazio alderdikoiaren kasuan. Espainiako eta gure inguruko beste herrialde batzuetako eztabaida eta solasaldi politikoek egunero erakusten diguten moduan, gure ideia politiko berberak ez dituztenenganako areriotasuna eta aurreiritziak erabat onartuta daude gizartean, eta ez gara ia lotsagorritu ere egiten aurreiritzion ondorioz. Izan ere, alderdietako lider gehienen erretorika ikusita, badirudi guztiz onargarria dela aurkari politikoak mespretxatzea".

Erreferentzia bibliografikoa

Westwood, S, Iyengar, S, Walgrave, S, Leonisio, R, Miller, L y Strijbis , O.. The tie that divides: Cross-national evidence of the primacy of partyism. European Journal of Political Research. DOI: 10.1111/1475-6765.12228.