ostirala, 2017ko irailaren 29a

EHUkultura, hastear dira jarduerak!

UPV/EHUk eskaintza garaikide eta askotakoa sustatzen du bere campusetan. Programazio horrek jarduera akademikoa osatzen du, eta unibertsitateko kideen produkzioei arreta berezia eskaintzen die. Zinea, antzerkia, musika, dantza, poesia, erakusketak... EHUkulturak beste ikasturte bati ekin dio.

EHUkulturaren helburua da jarduera kulturala bultzatzea kultur eskaintza zabal eta garaikide baten bidez, unibertsitateko jarduera akademiko eta kulturala osatzeko eta unibertsitateko kideen eskakizunei erantzuteko. Horrez gain, EHUkulturak campusetako ikastegi, kolektibo eta kideei jarduera kulturalak eta eskolaz kanpokoak prestatzen laguntzen die.

Hortaz, EHUkulturak, Kulturgintzako zuzendaritza berriak koordinatuta, era denetako jarduerak antolatzen ditu ikasturtean. Araban, kasurako, zenbait kontzertu izango dira unibertsitateko pabiloian; urriaren 25ean hasiko dira, The Limboos taldearen emanaldiarekin. Gero, azaroan, Estatu Batuetako Quiet Hollers eta Los Hijos de La Montaña eta Madrilgo Hinds taldeak etorriko dira Arabako Campusera. Lauhileko honetan, gainera, pabiloiko erakustaretoan Vox veritatis lana egongo da ikusgai; horrez gain, Gasteizko film laburren CORTADA jaialdiaren beste edizio bat antolatuko da azaroaren bukaeran, eta fantasiazko ipuin laburren lehiaketa eta iritzi artikuluena ere egingo dira.

Kepa Sojo Gil Arabako Campuseko unibertsitate proiekziorako zuzendariaren hitzetan, "campus honetako jarduerak programazio dinamikoa du ardatz, joera musikal egungoenak kontzertuetako protagonista izanik eta CORTADA zinemaldia zinemaren, zehazkiago, film laburren ezinbesteko hitzordu bilakaturik, Espainiako Zinema Akademiak aintzatetsitako euskal bi zinemaldietako bat. Artista berrien erakusketak eta lehiaketak ere badira, unibertsitateko talentuak kausitzeko, bai eta diruz lagundutako kultur jarduera asko, kultura hirian barrena zabaltzeko asmoz. Euskara ezin ahazturik, EHUskARABAnda programak dakarren elkarrekintza kulturalaz".

Bizkaian, bestalde, antzezlanekin hasiak dira, EsZena proiektuaren barruan. Zehazki, aste honetan ‘Despierta! Retablos de la vergüenza' lana taularatu dute Bizkaia Aretoan, eta urrian eta azaroan, berriz, ‘Karramarroa' obra eta antzezlan labur bat aurkeztuko dituzte. Proiektuaren helburua da UPV/EHUko kideek bultzatutako jarduera eszenikoak dinamizatzea eta erakustea. Arte eszenikoetako elkarteek parte har dezakete EsZenan, betiere gutxienez elkartekideetako bat UPV/EHUko kide bada edo azken lau urteetan izan bada (ikaslea, irakasle eta ikertzailea edo AZPkoa). Antzezlanak eman ondoren, eztabaida saio bat edo mahai inguru bat egingo da, aurkeztutako gaian sakontzeko eta hala elkarteko kideek nola ikusleek elkarrekin parte hartzeko.

Bizkaiko Campuseko Unibertsitate Hedakuntzaren arloko zuzendari Nerea San Martín Albizurik dioenez, "interes orokorreko proiektu eta jarduera kultural eta zientifikoak prestatzen ari gara, diziplina askotako eta kalitatezko eskaintza batean oinarrituta: antzerkia, erakusketak, hitzaldiak, zinema, musika eta dantza, besteak beste. Laster, ikastaroak eta prestakuntza tailerrak sartuko ditugu egitarauan, UPV/EHUn aspaldidanik ematen ditugun Uda Ikastaroen eskaintza osatzeko".

Gipuzkoako Campusaren eskaintza kulturalean, hizkuntzak, pentsamendu kritikoa, zinema, arte eszenikoak eta oro har unibertsitateko bizitza hobetzen duen guztia ardatzak izan dira betidanik. Ildo horretatik, erakusketez, ekitaldiez eta ikastaroez osatutako eskaintza zabala egiten dugu, Donostiako hainbat eragilerekin elkarlanean. Jarduerak 6 gunetan antolatuta daude, gure bizimodua hobetzeko harremanak eta esperientziak sortzen dituzten 6 kultura gunetan: hizkuntzaGunea, literaGunea, eszenaGunea, bizitzaGunea, zinemaGunea, kritikaGunea.

 "Campusaren aurtengo indarguneak antzerkia, musika eta poesia eta argazkigintza ikastaroak dira. Gainera, gauza berriak ekarriko ditugu zinemaren atalera, eta hausnartzeko dinamika batekin osatuko dugu egitaraua, Carlos Santamarian erakusketa etengabeak jarriz", adierazi du Antonio Casado da Rochak, Gipuzkoako Campuseko Unibertsitateko Hedakuntzaren arloko zuzendariak.

Hala, martxan dira poesia ikastaroak Karmelo Iribarrenekin, argazkigintza ikastaroak Ikorkotxekin eta mindfulness ikastaroak Lourdes Elorzarekin. Horrez gain, Maite Agirreren antzerki ikastaroan, aztertuko dute nola muntatzen den XX. mendeko antzezlan handietako bat, hots, Peter Weissen Marat-Sade, Donostiako Zinemaldian bertsio zinematografia estreinatu zutenetik 50 urte igaro diren honetan.

Musikari dagokionez, Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzak eta Donostiako Udal Musika eta Dantza Eskolak bi musika talde jarriko dituzte martxan: alde batetik, Haizezko Taldea, instrumentu familia hauek osatua: haizea-zura, haizea-metala eta perkusioa; eta, bestetik, Sokazko Taldea, honako hauek osatua: biolinak, biolak, txeloak eta kontrabaxuak. Gainera, Musicampus lehiaketa kooperatiboa antolatu da Musikenerekin eta Tecnunekin batera, ikasleek osaturiko talde mistoek campusari hitzak eta musika jar diezazkioten.

Musika gehiago

Musikaren arloan ere, ez dugu ahaztekoa UPV/EHUko Abesbatzaren lana; 1977an sortu zen, eta, orduz geroztik, kultura zabaltzeko ahalegin izugarria egin du. Abesbatzak a capella polifonia jorratu du, euskal egileen eta egile garaikideen musikan oinarrituta, eta azken bolada honetan beste erregistro batzuei ere ekin die, adibidez, pop-rock edo musika latinoamerikarra. Bi disko kaleratu ditu Gorritiren, Goikoetxearen, Eslabaren eta Zubiaurreren abestiekin, besteak beste, eta beste bat David Fanshawe konpositore ingelesaren ‘African Sanctus' obrari buruzkoa. Lehen lauhileko honi amaiera emateko, Gabonetako ohiko kontzertua egingo du abenduaren 22an Bilboko Done Bikendi elizan.

Bestalde, EHUorkestra entseguak hasi da. UPV/EHUren orkestra sinfonikoa 2016an jarri zen martxan. Unibertsitateko edozein kidek parte har dezake, baina proiektuan esku hartu nahi duten unibertsitatetik kanpoko beste edonorentzat ere irekita dago. Interesatuak oraindik daude garaiz  eskaerak egiteko formulario honen bidez. Entseguak ostegunean dira, 17:00etatik 20:00etara,  Areto Nagusian (Leioa-Erandio eremua).