ostirala, 2017ko urriaren 6a

Ezkerren ratioa historiaurretik mantentzen da gizarte ehiztari-biltzaileetan

Eder Domínguezek bere tesian lateralitatea aztertu du industria litikoaren analisiaren bitartez

Eder Dominguez Ballesteros Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko nazioarteko doktoreak bere tesian historiaurreko populazioen lateralitatea aztertu du, industria litikoaren bitartez. UPV/EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko ikertzaile honen tesiaren izenburua da ‘Evaluación arqueológica del proceso de lateralización. Determinación cuantitativa de la lateralidad poblacional, desde los neandertales hasta la actualidad' (Lateralizazio prozesuaren ebaluazio arkeologikoa. Populazio lateralitatearen zehaztapen kuantitatiboa, neandertaletatik gaur egunera arte) eta Álvaro Arrizabalaga Sail bereko irakasleak eta Ignacio Martínez Alcala de Henaresko Unibertsitateko irakasleak zuzendu dute.

"Historiaurreko tresnak —azaldu du Eder Dominguezek— oso informazio iturri baliagarria dira gure arbasoen bizimodua nolakoa zen jakiteko, baita nola jokatzen zuten eta zer pentsatzen zuten jakiteko ere. Tresna horiek buruak asmatu dituenez gero, saia gaitezke industria litikoen azterketaren bitartez giza kognizioari buruzko informazioa lortzen". Hartara, historiaurreko tresnen azterketa osa daiteke ikuspegi etologikoak eta kognitiboak barnean hartuko dituzten analisiekin. Analisi horiek azterketa tipologiko hutsetik lor daitekeen informazioaz bestelako informazio gehigarria lortzeko aukera ematen dute. Arrazoibide horri jarraituta, azken hamarkadetan gehitu egin dira industria litikoaren bitartez historiaurreko populazioen lateralitatea aztertzen duten ikerketak.

Lateralitatea espezie batzuek duten kualitate bat da. Zeregin jakin bat egiteko unean, gorputzaren alde bakoitzari rol desberdinak esleitzean eta, hartara, alde horretako bati dominantzia handiagoa ematean datza. "Azterketa horiek saiatzen dira gure bilakaeran izan den buruko asimetrien ezagutzari eta hizkuntzaren garapenari buruzko informazioa gehitzen, lotura handia baitute lateralitatearekin" eman du aditzera doktore berriak.

Ikertzaile honek egindako azterketaren abiapuntua Neolitoko eta Eneolitoko historiaurreko gizarteen analisia izan da (gizarte produktoreak ziren), "aukera ematen dute aztertzeko kultur faktoreek zer eragin duten populazioaren lateralitatean". Gero, neandertalek, jada Paleolitoan, osatutako gizarteak aztertzen jarraitu du (gizarte ehiztariak-biltzaileak ziren). Ikerketa egiteko, bi metodo garatu ditu. "Lehenak aukera eman digu aizkora produktore baten lateralitatea ondorioztatzeko, betiere aizkora leundu baten ebaketaren morfologia abiapuntu izanik —material neolitikoei eta eneolitikoei aplikagarria—; bigarrenak, aukera eman digu tailugilearen lateralitatea ezartzeko, harri ezpalak abiapuntu izanik; horretarako, batzuetan perkusio puntuaren inguruan garatzen diren hausturak aztertu dira. Haustura paraboliko deritze (parabolic crack). Metodo horietan oinarrituta, finkatu ditugu lateralitateko populazio mailak  historiaurrearen zenbait unetan, eta gaur egungo zenbait gizartetako populazio mailekin alderatu ditugu. Horrek buruko asimetriak, horien bilakaera eta hizkuntzarekin duten lotura hobeto ulertzen lagundu digu" adierazi du UPV/EHUko ikertzaileak.

Aizkora leunduak eta harri ezpalak

Neolitorako eta Eneolitorako Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako zenbait hobitan bildutako tresna leundu kopuru handia aztertu da. Guztira, 36 hobitako aztarnak aztertu dira (14 Bizkaian, 21 Araban eta 1 Nafarroan). Legutioko (Araba) Urrunaga urtegiko hobietan eta Muskizko (Bizkaia) Pico Ramos hobian aztertu da historiaurreko aizkora gehien (24 eta 10, hurrenez hurren). Paleolitoko aztarna arkeologikoei dagokienez, Eder Dominguez ikertzaileak aztertu zituen Le Moustier aterpeko maila musterienseak (40.000 urte), Grotte Vaufrey haitzuloko VII. maila (200.000 urte gutxi gorabehera), eta Axlor aterpeko (Dima, Bizkaia) sekuentzia osoa.

Gizarte produktoreen kasuan —Neolito eta Eneolito aldiak—, 100 aizkora leundu aztertu zen, eta gizarte ehiztari-biltzaileen kasuan —Paleolito aldia—, 690 harri ezpal aztertu zen (412 Le Moustie aterpean, 28 Grotte Vaufrey haitzuloan eta 250 Axlor aterpean). Lortutako emaitzek agerian uzten dutenez, "lateralitateko populazio maila, ehiztari-biltzaileen kasuan, 3/7 ezker/eskuin ratiokoa da, eta gizarte produktoreak zertxobait lateralizatuagoak dira, ezker/eskuin ratioa 2,7/7,3koa da, eskuinen proportzioa beraz handixeagoa da".

«Populazio neandertalak hizkuntza sortzeko gauza zen buru antolamendua zuen»

Ratio horiek gizarte industrializatuetako ratioez zertxobait desberdinak dira, ezkerren ehunekoa % 5 eta % 15 artekoa baita, industrializazio mailaren arabera. Aitzitik, gaur egungo gizarte ehiztari-biltzaileen antzekoak dira. "Esku lateralitatearen kontrol genetikoa dagoen arren, kulturak, egoera sozioekonomikoak edota sexuak eta adinak eragin handia dute populazio mailetan eta gizabanakoaren esku dominantzian bertan. Lateralitatea neurtzeko erabiltzen ditugun zereginen motak, izaerak eta konplexutasunak ere eragina dute gure esku dominantziaren zentzuan eta intentsitatean. Horrenbestez, zuhurtziaz alderatu behar dugu historiaurreko populazio baten esku lateralitatea eta gaur egungo populazioena. Kontu handiz alderatu beharko ditugu gaur egun esku dominantzia neurtzeko erabiltzen diren zereginak (idazkera esate baterako) eta gure arbasoek egin zitzaketen zereginak" argitu du Domínguezek.

Hartara, historiaurreko gizarteetan —homo neandertal gizabanakoez osatuetan— hautemandako lateralitate mailak abiapuntu izanik, "ondoriozta dezakegu haien buru antolamendua egokia zela hizkuntza artikulatua sortzeko. Edonola ere, lateralitatearen eta hizkuntzaren arteko lotura ezaguna bada ere, ezin da baieztatu aztertutako populazioetako gizabanakoek hizkuntza zutela, soilik esan daiteke hizkuntza izateko gauza zen buru antolamendua zutela", azaldu du Eder Dominguezek.

Etorkizunean, metodo horrek aukera emango du, maila arkeologiko gehiagoko azterketaren bitartez, iraganeko populazioen lateralitatea ezagutzeko eta Paleolitoan izandako bilakaera ezagutzeko. Hartara, buru asimetrien bilakaera nolakoa izan den ulertu ahal izango da, eta gure generoan hizkuntzaren jatorriari eta garapenari buruzko informazioa lortuko da.