ostirala, 2017ko urriaren 6a

Udala eta EHU elkarlanean arituko dira hezkuntzaren eta ikerkuntzaren alorrean

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek eta EHUko erretore Nekane Balluerkak lankidetzarako esparru-hitzarmena sinatu dute hurrengo urteetarako

Gasteizko Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateak lankidetzarako esparru-hitzarmena sinatu dute gaur, elkarren artean koordinatu eta elkarlanean aritzeko neurriak zehazteko, bi aldeentzat ez ezik herritarrentzat ere onuragarri izan dadin. Baterako jarduera-ildoak garatuko dira ikaskuntza eta ikerketaren alorrean, prestakuntza eta gaikuntzarenean, sentsibilizazioa eta zabalkundearenean, baita aholkularitzaren eta lantaldeen sorkuntzarenean ere.

Gasteizko Udalaren eta EHUren elkarlana orain arte oso onuragarria izan da; beraz, bi erakundeek horretan jarraitzea erabaki dute, lankidetza-hitzarmena sinatuz. Nekane Balluerka errektoreak adierazi duenez, "espero dugu hitzarmen honek aurrerantzean baterako beste ekimen batzuk bultzatzeko balio izatea. Unibertsitatean eta campusean bizi dugun nahia ere jasotzen du, zein baita herritarrei eskaintzen zaizkien prestakuntza- eta kultur-jardueretan gero eta gehiago inplikatzea, eta EHUtik egin ahal dugun neurrian, hiriaren garapen integralean laguntzea".

Gorka Urtaran alkateak, bere aldetik, nabarmendu du "Gasteiz balioak eta talentua dituen hiria dela. Balioak, hala nola iraunkortasuna, hezkuntza eta elkartasuna, horiek gidatzen baitute gure garapena. Eta talentua, zeinek jarduera ekonomikoa bultzatu, kalitateko enplegu sortu eta 4.0 industriarantz jotzeko aukera ematen baitu. Bi kontu horietan, funtsezko eragilea da unibertsitatea, eta horregatik da hain garrantzitsua eskutik hartuta joatea, eta elkarrekin lan egiten jarraitzea".

Lankidetza sistema horren helburu nagusia izango da bi erakundeen interesekin bat datozen jarduera-ildoak garatzea. Jarduera-eremu nagusiak —horietako batzuetan lehenago ere elkarlanean arituak dira bi erakundeak— hauek izango dira: hezkuntza, kultura, enplegua eta kirola.

Ekintza zehatzak bideratzeko, berariazko hitzarmen edo kontratuak egingo dira, horien izaeraren arabera eta EHUren estatutuak garatzeko araudiaren ildotik.