Aurkezpena

Erakunde publikoen kudeaketa zinez demokratikoa izan dadin, gardentasuna dugu giltzarrietako bat. Horregatik, UPV/EHUn konpromisoa hartu dugu unibertsitatearen gobernantza gardena, arduratsua eta hurbila izan dadin.
Gardentasun atari hau horretarako tresnetako bat da. Gure kudeaketaren berri eman nahi dugu luze eta zabal, eta zeregin  horretan darabiltzagun datuak eta dokumentuak jarri nahi ditugu  unibertsitateko kideen eta herritarren esku.
Ez dugu mugatu nahi legearen eskakizunak betetzera: bat egin gura dugu kudeaketa irekiaren filosofiarekin, eta gertu egon erantzuna emateko kanpotik eskatzen zaigunari eta informazio premia bidezkoei. Gizartearen aurrean erantzukizunez eta interes orokorraren alde jokatu nahi badugu, kudeaketa gardena da gure bermerik onena. Beraz, ezinbestekoa zen gardentasun atari hau sortzea eta unibertsitateko kideen eta herritarren esku jartzea.
Lehen bertsioa baino ez da. Tresna hau aldatuz eta hobetuz joango da, baina egokia iruditu zaigu gehiago itxaron barik abian jartzea.  Garrantzitsuena lehen pausoak egiten hastea da. Hortaz, ataria bisitatzera eta bere zerbitzuak ezagutzera gonbidatzen zaituztet. Gure esku dagoen guztia egingo dugu atari hau hobetzen jarraitzeko eta unibertsitatearen jardun osoaren erakusleiho bihurtzeko.

Nekane Balluerka Lasa
UPV/EHUko errektorea
 

 

Nodoa: liferay1.lgp.ehu.es