asteazkena, 2015ko azaroaren 4a

SGIkerreko langileak eremu teknologikoetako ikerkuntzari, berrikuntzari eta ebaluazioari buruzko jardunaldian izan dira, Madrilen

UPV/EHUko Ikerketako Errektoreordetzaren Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorretako (SGIker) Maribel Arriortua eta Fátima Pastor doktoreak "La investigación, la innovación y la evaluación en los campos tecnológicos" jardunaldian izan ziren, joan den urriaren 20an, Madrilgo Carlos III.a Unibertsitatean. Instituto Interuniversitario de Investigación Avanzada sobre Evaluación de la Ciencia y la Universidad institutuak (INAECU) antolatu zuen.

Madrilgo unibertsitateko errektoreak eman zion hasiera ekitaldiari, eta hainbat arlotako hizlariak izan ziren: enpresa mundukoak (Arquimea, Antolín), unibertsitate arlokoak (Carlos III.a Unibertsitatea, Madrilgo Unibertsitate Autonomoa, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa, Zaragozako Unibertsitatea, Valentziako Unibertsitate Politeknikoa, Lisboako Unibertsitatea), erakundeetakoak (ANECA, CNEAI, Ikerbasque, Madrilgo Carlos III.a Osasun Institutuko Osasun Teknologiak Ebaluatzeko Agentzia), argitaletxeetakoak (Boletín de la Sociedad Española de Cerámica y Vidrio) eta lan arlokoak (Madrilgo Industria Ingeniarien Elkartea).

Honako gai hauek jorratu zituzten nagusiki: argitalpenek eta biltzarrek informazioaren teknologien arloan diharduten enpresentzat duten garrantzia; ikertzaileen eta enpresako langileen artean (edo, are, ikertzaileen eta enpresetako klusterren edo horien elkarteen artean) konfiantzazko harremanak izateko beharra; eta enpresa pribatuetan doktore gehiago sartzeko estrategia, balio erantsi handia ematen dutela eta. Ildo horretatik, nabarmendu zuten ikertaldeek gehiago sakondu behar dutela eragin sozioekonomikoa duten maila goreneko ikergaietan. Patenteei dagokienez, esan zuten ez dela komeni patenteen ekoizpena unibertsitate barruan sustatzea, baldin eta ez badago garbi ustiatu egin ahalko dela. Izan ere, kostu handiak saihesten dira horrela. Bestalde, enpresekin egiten diren kontratuak direla eta, informazio hori baliagarria izan liteke unibertsitatetik enpresetara eramandako berrikuntzaren adierazle gisa, kontratuak kategorizatu ondoren.