asteazkena, 2016ko urtarrilaren 27a

SGIkerrek teknika forentseei buruzko ikastaro bat eman die Bilboko La Salle Ikastetxeko DBHko 3. mailako gazteei

Bilboko La Salle Ikastetxeko hiru ikaslek "El caso del boleto de lotería encontrado premiado" tailerrean parte hartu dute, Bizkaiko Analisirako Zerbitzu Zentralen "Gasen Kromatografia" unitatearen eta Genomikako Zerbitzu Nagusiaren "Sekuentziazio eta Genotipo Azterketa" eta "Gene Adierazpena" unitateen eskutik. Hiru unitateak UPV/EHUko Ikerketa Zerbitzu Nagusiei (SGIker) dagozkie.

Aurkitutako "ustezko txartelak" jabearen arrasto genetikoa eta tinta trazu bat zituen. Bada, Alaia Sasíak, Jon Rilobak eta Gaizka Monjek, teknika jakin batzuk erabilita, horiek aztertu behar zituzten, trazua zehazki noiz egin zen eta txartelean ageri zen arrasto biologikoa (odol arrastoa) nori zegokion zehazteko.

Hala, modu praktiko eta errazean, DBHko 3. mailako ikasleek laborategiko metodologia landu ahal izan dute. Gainera, aldez aurretik biologiako edo kimikako eskoletan jorratu dituzten kontzeptuetako batzuk sakondu dituzte; besteak beste, zientzia eta neurria; gasak eta presio atmosferikoa; lotura kimikoa; zer den zelula eta zer DNA; DNA nola erabili pertsonak bereizteko; eta, ildo horretatik, DNA nola erabili genetika forentsearen arloan kasuak ebazteko.

Egitasmo hori UPV/EHUko SGIkerrek sortutako jarduera lerroaren barruan antolatu dute, eta, beste jarduerek bezala, helburu du gazteenen artean karrera zientifikoetarako joera sustatzea, ikerkuntzaren hainbat alderdi erakutsita.