osteguna, 2017ko otsailaren 2a

SGIker-ek Osagarri bitaminiko estimulatzaileak edo "legez kanpoko" drogak? tailerra eman zien Bilboko La Salle Ikastetxeko DBHko 4. mailako ikasleei (2017/02/02)

Bilboko La Salle Ikastetxeko hiru ikaslek Osagarri bitaminiko estimulatzaileak edo "legez kanpoko" drogak? tailerrean parte hartu zuten. Tailerra Leioan egin zen, 2017ko urtarrilaren 24an, UPV/EHUko Ikerkuntza Zerbitzu Orokorretako (SGIker) Bizkaiko Genomikako Zerbitzuen eta Analisirako Zerbitzu Zentralen eskutik.

Pertsonen patroi genetikoei lotutako droga mendekotasuna ikertzean erabiltzen diren teknika genomikoak hobeto ezagutzeko, zerbitzuetako teknikariek, Irantzu Bernales, Irati Miguel eta Fernando Rendo doktoreek, mendekotasunarekin lotutako markagailuen panelak Fluidigm-en Biomark plataformaren bitartez nola genotipatzen diren irakatsi zieten.

Tailerrean, agente fisiko batek, kasu honetan argi ultramoreak, DNAri zein kalte eragin diezaiokeen ikusi zuten. Horren bitartez, drogak bezalako agente kimikoek zein kalte eta aldaketa eragin ditzaketen irudikatu nahi izan zuten. Horretarako, bakoitzak bi DNA lagin prestatu zituen (jatorrizkoa eta erreplika), eta erreplika argi ultramorearen eraginpean jarri zuten. Ondoren, bi laginak fluorimetriaren bitartez zenbatu zituzten, kuantifikazioari dagozkion aldeak aztertzeko.

Era berean, Analisirako Zerbitzu Zentralean, Luis Bartolome doktoreak drogak eta droga nahasketak zein konplexuak diren azaldu zien, hala droga adimendunen nola legez kanpoko drogen kasuan. Horretarako, ustezko droga baten hondarrak aztertu zituzten, erabilitako ebaketa osagarri posibleak identifikatu zituzten, s/l erauzketa eginez eta ondoren GC/MS batean injektatuz, eta aurrez aurre ezagutu zituzten kromatografiaren eta masen espektrometriaren oinarriak.

Ikasleak bete-betean aritu ziren une oro, eta laginei eta azterketei buruzko zalantzak galdetu zituzten.

Egitasmo hau UPV/EHUko SGIkerrek sortutako jarduera lerroaren barruan antolatu da, bigarren urtez, eta helburu du gazteenen artean karrera zientifikoetarako joera sustatzea, ikerkuntzaren hainbat alderdi erakutsita.