ostirala, 2017ko maiatzaren 26a

Lehen aldiz parte hartu dute SGIker zerbitzuek hedapen zientifikoari buruzko "Pint of Science" nazioarteko ekitaldian (2017/05/26)

Joan den asteartean, maiatzaren 16an, Bizkaiko Analisirako Zerbitzu Zentraleko kromatografiako gure teknikariak, Luis Bartolomé doktoreak, hizlari gonbidatu gisa parte hartu zuen Pint of Science (https://pintofscience.es/) nazioarteko ekitalditik antolatutako solasaldi zientifikoetako batean. Azkenaldiko ikerlan zientifikoei buruzko solasaldi interesgarriak, dibertigarriak, garrantzizkoak eskaintzea da Pint of Science jaialdiaren helburua, publikoarentzat hurbil-erraza den formatu batean. Eta hori dena taberna batean! Ekitaldi horretatik abiatuta plataforma bat eskaini nahi da, jendeari aukera emango diona ikerketari buruz eztabaidatzea arlo horretan diharduten pertsonekin. Irabazi asmorik ez duen erakunde bat da, boluntariek zuzendua, gradu ondoko eta doktorego ondoko ikerlari komunitate batek 2012an sortua. Urte hartan, Michael Motskin-ek eta Praveen Paul-ek –Londresko Imperial College-ko bi ikerlari– ‘Meet the Researchers' ("Ezagutu itzazu ikerlariak") deritzon ekitaldia abian jarri eta antolatu zuten, euren laborategietan hainbat pertsona bildu zituena, Parkinsonak, Alzheimerrak, neurona motorraren gaixotasunak eta esklerosi anizkoitzak erasandakoak, aurrera eramaten diharduten ikerlanak haiei erakusteko. Une hauetan, urtero ospatzen da jaialdia mundu osoko tabernetan aldi berean, hiru egunetan.

Gure teknikariak nahiko modernoak diren dokumentuen dataziorako orain dauden metodologia desberdinak azaldu zituen, eta horietatik guztietatik DATINK metodologia (%100 Euskadin garatua) nabarmendu zuen. DATINK metodologia horren oinarrian dauden prozesu kimikoak ezagutu ahal izan zituzten bertaratuek, baita dituen abantailak gainerako tekniken aldean eta eragozpenak ere, gainditu ahal izan direnak. Azkenik, teknika hori emaitza onekin erabili izan den kasu erreal batzuk erakutsi ziren eta ekitaldira bertaratutakoek egindako galderei erantzun zitzaien lagunarteko hizkera hurbila erabiliz.