Eduki publikatzailea

Amaitu da web edukien kudeatzaile aldaketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/04/01

408 atariak 2013ko ekainetik 2015eko apirilera migratu dira eta gehienak 2014 urtean zehar migratu ziren
Migrazioaren bilakaera

IKT Gerenteordetzak web edukien kudeatzaile aldaketa amaitu du, etenik gabeko 22 hilabeteko lanaren ondoren. Denbora tarte horretan 408 web ataritako edukiak migratu dira: guztira 102.117 erantsi eta 38.493 html eduki zituzten. Bada, migrazioa egin artean, eduki zaharrak ezabatu edo UPV/EHUren irisgarritasunari eta sexismorik gabeko lengoaiari buruzko araudietara egokitu dira. Beraz, azkenean 23.437 fitxategi erantsi izan dira; bestalde, aurretik zeuden atariei denbora tarte horretan sortu diren 113ak gehituta, kudeatzaile berrian 521 dira guztira.

Lan horretarako, berezko baliabideak (Gerenteordetzako 14 pertsona) eta web garapenean eta edizioan homologatutako enpresenak baliatu dira. Zehazki, garapenerako enpresek laguntza eman dute, datuak lortzeko baliatzen diren aplikazioak (esaterako, GAUR) konektatzeko programak egokitzeko. Halaber, atarietako arduradunekin lankidetzan aritu dira, atariotako informazioa beharrizanen arabera egokitzeko.

Edukien kudeatzaile berrirako trantsizioa errazteko, ediziorako eta administraziorako prestakuntza programa bat egin da, Langileen, Ikasketa, Plangintza eta Prestakuntzako Kabinetearekin batera. Programan 76 ikastaro eman dira hiru campusetan: 51 edizioaren ingurukoak izan dira eta 25 administrazioaren ingurukoak. Guztira, prestakuntza eman zaie edukien 537 editoreri eta atarien 253 administratzaileri.

Edukien kudeatzaile berriak Liferay du oinarri (kode irekiko softwarea), eta aurrekoa ordezkatzen du (Eusko Jaurlaritzako Informatika Zerbitzuak sortutako eta UPV/EHUk 2006ko abenduaren 29an ezarritako tresna bat zuen oinarri). Bada, Liferayk erraztu egiten du eduki irisgarriak sortzea eta ahalbidetu egiten du erraz integratzea kode irekiko beste tresna batzuk, hala nola Alfresco, UPV/EHUn ezarritako dokumentu kudeatzailea.

Edukien kudeatzaileen trantsizioa amaitzeko, zenbait asteren buruan 11 zerbitzari amatatuko dira; zehazki, aurreko kudeatzailearen ekoizpen azpiegitura osatzen dutenak. Halaber, amatatu egingo dira aurre-ekoizpeneko eta garapeneko inguruak osatzen dituzten gainerako zerbitzariak.