Aurkezpena

Kriminologiaren Euskal Institutoak (IVAC-KREI), 1976. urtean Antonio Beristain Ipiña irak. dok. jaunak sortutakoak, aitorpen formala jaso zuen, 1978ko uztailaren 14ko MAren bidez (BOE, 78-11-04).

IVAC-KREI Euskal Herriko Unibertsitatearen Ikerkuntzako Unibertsitate Institutua da, fakultate eta sail arteko izaera duena. Horren ondorioz, ez da fakultate edo sail baten menpekoa, eta Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuek eta bere Araudiak ematen dioten autonomia dauka.

Gaur egun, José Luis de la Cuesta Arzamendi irak. dk. jauna da Institutuaren zuzendaria.

Institutuak harreman zientifikoa du, NBEren organo aholku-emaile den Kriminologiako Nazioarteko Elkartearekin. Elkarte horrekin sinatutako lankidetza-hitzarmenean oinarrituta, Delinkuentzia, Bazterkeria eta Gizarte Harremanei buruzko Nazioarteko Ikerkuntza Zentroa sortu zen. 2006ko hasieraz geroztik, César San Juan Guillén Irak. dk. jaunak zuzentzen du, Carlos Suárez González irak. dk. jaunaren ordez.

Hogeita bost urteko ibilbide unibertsitarioan, Kriminologiaren Euskal Institutuak lan ugari eta askotarikoak egin ditu. Horrez gain, Institutu irekia da, bere argitalpenetan ikus daitekeen moduan. Hiru mailatan egiten du lana: goi mailako ikerkuntza, irakaskuntza eta unibertsitateko hedapena. Horren erakusgarri ditugu orain arte argitaratutako memoriak; hain zuzen, Estudios Vascos de Criminología (Bilbo, Mensajero, 1982, 709-789 or.) eta Jornadas de estudio de la legislación del Menor (Madril, 1985. 61 or. eta hur.). Bere jarduera jasota dago, halaber, Eguzkilore Kriminologiaren Euskal Institutuaren Aldizkarian 1987az gero argitaratutako urteko memorietan.
 

Nodoa: liferay2.lgp.ehu.es