Ikerketa ildoak

Politika kriminala eta praktika penalak

Politika kriminalari bere alderdi teoriko eta praktikoetatik heltzen zaio IVAC-KREIn, funtsezkoak dituen alderdi asko kontuan hartuz. Esparru honetako puntu nabarmenak dira Zuzenbide Penalaren eta Giza Eskubideen arteko harremana, ezkontideen arteko eta familiako indarkeria, penalki legez kanpokoak diren trafikoak, teknologia berrien alderdi kriminologikoak, delitu ekologikoak, drogen arloko politika kriminala, nazioarteko krimenak eta nazioarteko justizia penala, zigor penalak eta Justizia Administrazioaren errealitatea Euskal Autonomia Erkidegoan.


Gazteen eta adingabeen delinkuentzia

Institutuak arreta berezia eskaini izan dio beti adingabe eta gazte delitugileen problematikari, eta esku-hartze sistemen, aplikagarri diren zigorren, ezarritako sistema prozesalen, esku-hartze judiziala saihesteko bideen, zigorren betearazpenaren eta delinkuentzia mota honen biktimei eskaintzen zaien arretaren ezaugarriak aztertu izan ditu.
 

Segurtasunik ezaren pertzepzioa, delituarekiko beldurra eta delinkuentziaren prebentzioa

Segurtasunari, segurtasun ezari, delituarekiko beldurrari eta delinkuentziaren prebentzioari eskainitako arretaren esparruan sartzen dira, besteak beste, kriminalitatearen irudikapen sozialen inguruan eta segurtasunik ezaren pertzepzioa ebaluatzeko tresnen garapenaren inguruan egiten diren azterketak eta ikerketak. Portaera eszenarioen azterketa izan da ikerketa ildo honen baitan garatutako ikuspegietako bat. Horrela, komunitateko identitate zentzuak edo auzo kohesioak segurtasunik ezaren pertzepzioarekin duten lotura izan dugu aztergai egin berri ditugun ikerketa batzuetan.
 

Zientzia poliziala eta forentsea

Zerbitzu poliziala hobetzeko hainbat ekimenetan dihardugu lanean, prestakuntzaren zein ikerketaren ikuspegietatik. Arlo forentsean, IVAC-KREIk interes berezia du profil genetikoari loturiko ikerketetan eta identifikazio genetikorako DNA analisiaren aplikazioetan. Bestalde, aurrerapen handiak egiten ari dira testigantzen psikologiaren eta ingurumen kriminologiaren arloan, baita larrialdi egoeretako negoziazio polizialean ere.

 

Biktimologia eta justizia leheneratzailea

Biktimei laguntza eskaintzeko eta biktimizazio prozesuak argitzeko kezka dago IVAC-KREIren ikerketa jardueraren muinean. Baita bitartekaritzarako, bateratzeko eta justizia lehengoratzaileko mekanismoen azterketa eta ebaluazioa ere. Hondamen naturaletako esku-hartze psikosoziala ere gure lan esparruetako bat da.
 

Zuzenbide penal sozioekonomikoa eta delinkuentzia berria

Institutuari ikerketa ildo berri hau interesatzen zaio, delinkuentzia berri gisa ezagutzen denaren arloan sakontzen baitu (delinkuentzia informatikoa, sozioekonomikoa, hirigintzakoa). Delinkuentzia berri hau enpresa esparru edo esparru profesional zehatzei edo gure garaiko errealitate berriei lotuta dago, eta desberdintasunak hauteman daitezke bai delituari eta egileari dagokienez bai erabili beharreko prebentzio teknikei eta gertaeraren ondorengo erantzunei dagokienez. Delinkuentziaren eta delinkuentzia horren aurreko erantzun juridiko-penalen globalizazioak, Espainiako erregulazioa nazioarte mailan hartutako konpromisoetara egokitzeak eta egungo arazoei aurre egiteko beharrak arlo hau ikertzera garamatzate.
 

Delinkuentziari, Marjinalitateari eta Gizarte Harremanei buruzko Ikerketaren Nazioarteko Zentroaren ikerketa ildo espezifikoak

Bestalde, Kriminologiaren Nazioarteko Elkarteak eta UPV/EHUk Kriminologiaren Euskal Institutuaren baitan elkarrekin adostuta sortutako Delinkuentziari, Marjinaltasunari eta Gizarte Harremanei buruzko Ikerketaren Nazioarteko Zentroaren, ikerketa ildo espezifikoak dira honako hauek ere:
 

  •  Kriminalitatearen aurka egitea Europako askatasun, segurtasun eta justizia eremuan: alderdi kriminologikoak, politiko-kriminalak eta sozialak.
  •  Kriminalitate modu berriak gizarte postindustrialetako fenomeno estruktural gisa: inplikazio kriminologikoak, sozialak eta politikoak.
  •  Indarkeriazko talde kriminalitatea gizarte aurreratuetan: baldintzatzaile kulturalak, sozialak eta kriminogenoak.
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.es