Eduki publikatzailea

2016 URTEKO NAZIOARTEKO AMA HIZKUNTZAREN EGUNA

Lehenengo argitaratze data: 2016/02/24

Pasa den otsailaren 22an eta munduan zehar otsailaren 21ean ospatzen den Nazioarteko Ama Hizkuntzaren Eguna dela eta, Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrak, azken urteetan egin duen bezala, topaketa bat antolatu zuen Bilboko Azkue Fundazioaren egoitzan (Euskararen Etxean).

Aurtengo topaketaren helburua, alde batetik, Katedrak egin duen Europako Hizkuntzen Mapa aurkeztea zen eta bestetik, gure artean gutxi ezagutzen ditugun zenbait Europako hizkuntzetan hiztunak diren lagun batzuk gonbidatzea eta haiekin elkarrizketa bat sortzea.

Horrela, topaketaren lehenengo zatian mapa aurkeztu zen. Mapa hau Europako hizkuntzen egoerari buruzko hurbilketa bat da, kontinentean gaur egun existitzen diren hizkuntza gehienak biltzen baititu, haien izenak (euskaraz eta ingelesez), kokapena eta hiztun kopuruen berri emanez.

Topaketaren bigarren zatian, gonbidatuek (kurdu bat, lituaniar bat, esloveniar bat, bulgariar bat, poloniar bat eta aragoiar bat) euren ama hizkuntzetaz eta euren herrialdean hitz egiten diren beste hizkuntzetaz mintzatu ziren. Honek eztabaida ikaragarri aberatsa sortarazi zuen, hizkuntzen egoerak  gizarte eleanitzei buruz berba egitera eraman baikintuen, eta horrek, herrialde desberdinen egoera historiko eta politikoak aztertzera.