Eduki publikatzailea

Europako Hizkuntza-Aniztasunaren Foroa (DSS2016)

Lehenengo argitaratze data: 2016/10/28

(Beste leiho bat zabalduko du)
Irudia

Datorren abenduaren 15ean eta 16an, DSS16ko programazioaren esparruan, ekimen garrantzitsu bat izango dugu Donostian: Europako Hizkuntza Aniztasunaren Foroa. Foroari buruzko informazioa zabaltzeko eta baita parte hartzeko izena emateko ere, martxan jarri zuten foroaren webgunea pasa den astean.

Bertan azaltzen den moduan, foroak gizarte zibileko eragileak, ikerketa eta kulturaren munduko erakundeak, gobernu-erakundeak eta adituak bilduko ditu Europako hizkuntza gutxituen garapenean eragiten duten alderdiei buruz hausnartzeko eta eztabaidatzeko. Helburua da, eskala handiko aukera bat sortzea, estrategia zehatzei buruzko akordioak ezartzeko eta horien bitartez arriskuan dauden hizkuntzak biziberritu eta normalizatu ahal izateko. Era berean, hizkuntza-aniztasunari kalte egiten dioten eta hizkuntza ez-hegemonikoek hiztunak galtzea eragiten duten jarrera eta diskurtsoei buruz ere arituko dira foroan, kontuan izanda hizkuntza-eskubideak norbanakoen eta beren komunitateen oinarrizko eskubideak direla.

Foroaren helburu zehatzak hiru dira:

1- Hizkuntza-aniztasuna aldarrikatu, funtsezkoa baita aniztasun hori kudeatzea eta etorkizunean gai hori lantzea Europa demokratikoagoa, elkartuagoa, irekiagoa, baketsuagoa eta iraunkorragoa izango baldin bada.
2- Europako hizkuntza-komunitateen jasangarritasunari eta biziraupenari eragin dioten aldaketak aztertu eta ebaluatu, Europako hizkuntza gutxituak zaintzeko eta sustatzeko ekimenak eta tresnak berrikusi, aurrera egiteko dauden zailtasunak aztertu eta egoera hobetzeko proposamenak egin.
3- Nazioarteko elkarlana sustatu eta aldarrikatu, Europako gizarte zibilaren eta ikerketa- eta kultura-eragileen artekoa eta estatuaz azpiko, estatu-mailako, Europako eta alde anitzeko erakundeen artekoa, elkarlan hori beharrezkoa baita hizkuntza-aniztasunari buruzko akordio eta itunak egiteko.

Foroaren antolatzaileak DSS16 eta UNESCO Etxea dira, Europako Kotseiluaren laguntzarekin. Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrak foroaren Batzorde Zientifikoan eta lantalde teknikoan hartu du parte.

Hona hemen foroaren programa eta izena emateko gunea.