Egindakoak

 

 

Guatemalako Unibertsitate Publikoan Heziketa Elebidun eta Interkulturalaren erakundetzea
 

Guatemalako Unibertsitate Publikoak, Universidad San Carlos de Guatemalak (USAC), Mugen Gainetik GKE-ak eta Fundación Rigoberta Menchu Temuc Fundazioak eskatuta, Andoni Barreña katedrakideak Guatemalan ebaluaketa lana egin du urriaren 25etik azaroaren 10era hainbat unibertsitate erakundeetan, Heziketa Elebidun eta Interkulturalaren egoera aztertzeko eta ebaluatzeko.

 

Munduko hizkuntzen leihoak
 

AZKUE Fundazioarekin (www.azkuefundazioa.org) 2010.eko martxoak 29an sinatu zen hitzarmenaren ondorioz interneterako zenbait hizkuntza gutxituren berri zehatza eta eskuraerraza emango da sareko hainbat bideetatik. UNESCO Etxeak eta Katedrak osatutako datu basean oinarrituz, Euskal Herrian ere etorkinen bitartez aurkitu daitezkeen munduko zenbait hizkuntza gutxituren mapa osatzen joango gara.

 

Atzerritar haurrak euskara ikasten
 

Atzerritar haurrak Euskal Herriko eskoletan bertako hizkuntzak ikasten dituzte. Euskara ikasteak zailtasuna ekar lezake zenbait ingurutan, baina beste batzuetan, bertako haur erdaldunen parean ikasten dute euskara ere. UPV/EHUko elebilab laborategik (www.elebilab.com) HIJE hizkuntzen jabekuntza eta irakaskuntza taldearekin batera, eta MICINNen proiektu baten azpiatal gisara, inguru euskaldunean bizi eta eskolatu diren haur etorkinen euskararen jabekuntza aztertzen dihardugu.

 

Atzerritarren kultura eta hizkuntza aniztasuna Euskal Herrian: erronka berriak
 

UNESCO Etxearekin eta Ikuspegi-rekin batera Euskal Herrian etorkinek dakarten kultura eta hizkuntza aniztasuna nola irudikatzen eta bizi den jakite aldera ikerketa bat bideratzen ari gara Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntzarekin.

 

Colombiako embera hizkuntza eta haren idazte eta eskolatze ahaleginak
 

Embera Colombian eta inguruko herrietan hitz egiten den hizkuntza gutxitu bat da. Colombiako Chocó eskualdeko FUCLA Unibertsitatearen bitartez embera hiztun erkidego batek hizkuntza horren idazte prozesuaren bateratzeko eta eskolarako baliapideak prestatzeko eskari bat egin dio Katedrari. Egitasmo bat sortu dugu eta zenbait erakunderen laguntzak bitarteko 2010 urtean abiatuko da ikerketa hau.

 

"Euskarari buruzko Jarrerak" proiektua (Actitudes hacia el euskera)
 

UNESCO Etxearen eta Hizkuntza Politikako Sailburuordetzaren akordiotik (2006-2008) jaioa, euskarari buruzko hizkuntza jarrerei buruzko proiektua gauzatu da, Katedrak ere parte hartu duelarik. Proiektu hau 2009.ko martxoan burutu zen, gaurkotasun eta originaltasun handiko argitalpena sortu zelarik:

  •  Amorrortu, E.; Ortega, A.; Idiazabal, I.; Barreña, A. (2009). Erdaldunen euskararekiko aurreiritziak eta jarrerak. Bilbao: Eusko Jaurlaritza/Gobierno Vasco.

 

Hizkuntzak eta Inmigrazioa
 

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak UNESCO Etxeko "Hizkuntzen AMARAUNA" proiektuko Batzorde Teknikoaren laguntzarekin antolatu zuen "Hizkuntzak eta Immigrazioa" nazioarteko mintegia. Munduan zehar hizkuntza aniztasuna galtzen ari dela adierazten duten zenbait ahotsaren aurrean, "Hizkuntzak eta Immigrazioa" mintegiaren helburua Euskal Herrian bilakatzen ari diren inguru eleanitz berriak ezagutzea zen. Ildo horretan, etorkinen bertakotzea indartu nahi zen euskararen mundura hurbilduz, eta euskara ikastera animatu aldi berean jatorrizko hizkuntza ere mantenduz. Halaber, Euskal Herrian hizkuntza aniztasuna kudeatzeko balizko neurriak proposatu eta eztabaidatuko ziren, hizkuntza gutxitua duten komunitateen esperientziak aztertuz.

2007. urtean zehar, Ikuspegi eta UNESCO Etxeak egun Euskal Herrian immigrazioaren ondorioz hitz egiten diren hizkuntzei buruzko ikerketa egin zuten. Emaitzak Bilbon, 2008ko maiatzaren 23an ospatu zen kongresuan aurkeztu ziren.

  • Uranga, B.; Aierdi, X.; Idiazabal, I.; Barreña, A.; Amorrortu, E.; Ortega, A. (2008). Hizkuntzak eta immigrazioa. Lenguas e inmigración. Bilbao: IKUSPEGI, Amarauna UNESCO Etxea, Cátedra UNESCO Patrimonio Lingüístico. ISBN: 978-84-9860-086-5.
     

 

Amerikako hizkuntzei
 

Amerikako hizkuntzei buruz ere beste egitasmoa bat gauzatu zen Eusko Jaurlaritzaren Kultur Saileko dirulaguntzarekin eta haren ondorioz ondoko argitalpena egin zen:

  • Uranga, B; Barreña, A.; Idiazabal, I.; Amorrortu, E.; Ortega, A.; Izagirre, E.(2007). Amerikako hizkuntza aniztasuna. Mexikotik Hego Konoraino - La diversidad lingüística en América. De México al Cono Sur. Donostia: Erein ISBN: 978-84-9746-410-9. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako Sailaren dirulaguntzarekin / Con subvención del Departamento de Vivienda y Asuntos Sociales del Gobierno Vasco,

 

Munduko hizkuntzei buruzko txostenak
 

Munduko hizkuntzei buruzko txostenak Leioan 1996.urtean Hizkuntz Politikei buruz egin zen LINGUAPAX Nazioarteko Mintegian du iturburua. Mintegi hartan, Federico Mayor Zaragozak, orduko UNESCOko Zuzendari Nagusiak munduko hizkuntzen egoerari buruzko ikerketa egitea proposatu zuen. Hain zuzen ere, Mayor Zaragoza jaunak zera esan zuen:

Munduko hizkuntzen egoerari buruko UNESCOren lehen txosten baten premia dago, planetako hizkuntz aberastasuna deskribatu eta munduko lurralde guztietan hizkuntzek dituzten arazoak azalduko dituena, hizkuntz ondarearen kontzientzia sustatu, euren bilakaera behatzen lagundu eta hizkuntza biziak babesteko neurri gaurkotuak gomendatzeko helburuz.

Munduko hizkuntzei buruzko txostena izeneko proiektua UNESCOren 1997ko Biltzar Nagusian (29. bileran) onartu zen eta Euskal Herriak finantzatuta dago, Eusko Jaurlaritzaren (Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia eta Kultura Saila) eta Unescoren artean 1997ko uztailaren 23an sinatutako Akordio-Memorandumari jarraiki.
 

 

Nodoa: liferay2.lgp.ehu.es