Eduki publikatzailea

Micaela Portilla Ikergunea 2016/2017 ikasturtean zabalduko da

Lehenengo argitaratze data: 2017/04/03

Irudia

 

Gizarte eta giza zientzien arloko Arabako Ikergunea, Micaela Portilla arabar ikertzailearen izen-abizenak daramatzana, 2016/2017 ikasturtean zabalduko da.

Ikergune hori eraikita, Arabako Campusak gizarte eta giza zientzien arloko ikerketa zientifikoan dihardutenei eman nahi die zerbitzu bat, jakintza arlo horrek garrantzi handia baitu arabar campusean. Gaur egun, Arabako Campusak  Lascaray Ikergunea du, Zientzia Esperimentalen eta Osasun Zientzien arloko ikerketara bideratua dagoena.

Ikergune berria abian jartzen denean, maila handiko ikerguneak izango ditu Gasteizek jakinzaren hainbat adarretan, inguruneko garapen ekonomiko eta kulturalentzat lagungarri izango direnak.

 

Behin ikergunea inauguratuta, Gasteiz Euskal Herriko ikerketaren erreferentzia bilakatuko da esandako arloetan, gaur egun ez baitago antzeko ezaugarririk biltzen duen ikergunerik. Horiek horrela, horrek aukera emango die zientzi diziplina horietako bikaintasun ikertaldeei hainbat baliabide haien esku izateko, kalitateko ikerketari ahalik eta erantzunik onena eman diezaioten, esaterako: gune bereziak,  giza azpiegiturak, laborategiak eta azpiegitura teknikoak. Ikergune horretan egongo da Arabako Campuseko UPV/EHUko Master eta Doktorego Eskola.

 

Eraikinaren ezaugarriak

Micaela Portilla Ikerguneak, guztira, 9.008m2 ditu: hiru gela, soto eta erdisotoa. Eraikina Lucio Lascaray ikergunearen ondoan dago eta sotoko solairuan lurpeko aparkaleku bat (3.194m2) du. Eraikinaren gainerakoa (5.814m2) hainbat gune biltzen dituzten lau solairutan dago banatuta. Besteak beste, bikaintasun ikertaldeak aritzeko lokalak ditu, graduondokorako balio anitzeko guneak, arkeologia eta historiaurrerako laborategi komunak, fonetika eta fonologia laborategiak bilera eta bideokonferentzietarako gelak.