Aipamen historikoa

Bilboko Nautika Eskola hiriko udalaren ekimenez sortu zen, Kontsulatuaren eta Bizkaiko Jaurerriko Diputazio Nagusiaren laguntzarekin. Gernikako Batzar Nagusiek Bilbon Nautika Eskola jartzeko erabakia hartu zuten 1739. urtean, eta Joseph Vicente Ybañez de la Rentería jauna izendatzekoa. Nahiz eta fragatako kapitain lekeitiar honek argitaratuta zuen Baionan "Explicación del Círculo Astronómico Universal" izeneko lana (1738. urtea), izendapena behin-behinekoa izan zen. 1742. urtean Miguel Archer jaunak hartu zuen kargua, nautika eta matematika-irakasle ospetsuak (Bilbo, 1689). Bilboko Kontsulatuko artxibozaina izan zen, eta Bizkaiko jaurerri txit noble eta txit leialeko maisu hidrografoa. Esperientzia horren fruitua izan zen 1756. urtean argitaratu zuen lana: "Lecciones náuticas, explicadas en el Museo Mathemático de este M.N. y M.L. Señorío de Vizcaya, Villa de Bilbao y su Universidad y Casa de Contratación", Marqués de la Ensenada jaunari eskainia.

Une horretatik aurrera, gertaera hauek nabarmendu behar dira Bilboko Nautika Eskolak egindako bidean, bai eta bertan ematen diren irakasgaietan ere:

  • Karlos III.aren erregealdian zehar argitara eman zen errege-dekretuak honela zioen (1783. urtea): Itsas armadako pilotuen zuzendariek eta Nabigazio eskoletako irakasleek, lehenengo eta bigarren mailako pilotu eta "pilotin" izateko azterketak egin behar dizkiete itsasoko lanetan aritu eta untziak gidatu nahi dituztenei. Eta mende honen barruan, 1915eko maiatzaren 28ko E.D.ren bidez Nautikako hamabi eskola ofizial onartu ziren, besteak beste Bilbokoa. 1925eko otsailaren 7ko Errege Dekretuan jasotzen zenez, nautikako ikasketak bi adarretan bereiziko ziren: nautika alde batetik eta makinak bestetik.
  • Abenduaren 23ko 144/61 Legearen bidez egokitu egin zen ikasketa teknikoen egitura orokorra, eta horiekin parekatu ziren Nautika eskola ofizialetako ikasketak. Ikasketok hezkuntza-sistema orokorrean sartzeko prozesuak 1439/1975 dekretuan izan zuen amaiera, unibertsitate-ikasketen 2. zikloaren maila eman baitzien eskolako ikasketei. 1997ko urriaren 18ko M.A.ren bidez argitara eman ziren titulazio hauen ikasketa-planak: Nautikan diplomatua eta lizentziatua eta Itsasuntzi Makinetan diplomatua eta lizentziatua. 1980ko abenduaren 4ko E.D.k izena aldatu zien Nautika eskola ofizialei, Hiritar Itsasketaren Goi Eskola deitzera pasatu zirelarik.
  • Bilboko Hiritar Itsasketaren Goi Eskola Euskal Autonomia Erkidegora transferitu zuten eta, ondorioz, UPV/EHUn sartu zen 1994ko uztailaren 12an. Gure Unibertsitateko Gobernu Batzarrak, 1998ko martxoren 12an, eskolaren izena aldatzea erabaki zuen. Egun horretatik aurrera Nautikako eta Itsasuntzi Makinetako Goi Eskola Teknikoa deitzen da.
Nodoa: liferay2.lgp.ehu.es