Info_MedioAmbiente-Filotron_protocolo-acceso

FITOTRONA ETA BEROTEGIA

Zerbitzua erabiltzeko arauak

SGIkerretara sartzeko arau orokorrak

Fitotroia eta Berotegia Zerbitzura sartzeko, SGIkerretara sartzeko eta bertako zerbitzuak erabiltzeko protokoloan zehaztutako baldintzak bete behar dira.

Sartzeko eta zerbitzua erabiltzeko arauak

  • Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile guztiak, beste unibertsitate batzuetakoak eta erakunde publiko eta pribatuetakoak sar daitezke Fitotroia eta Berotegia Zerbitzu Orokorrera, baldin eta horretarako eskaera egiten badute, arau hauei eta SGIkerretako araudiari jarraituz.
  • Landare espezieen hornikuntzarako, ganberak erabiltzeko eta anioien, katioien eta azukreen determinazio analitikoak egiteko eskaerak jasotako ordenan erantzungo dira. Dena den, ordena hori arrazoi teknikoengatik edo zerbitzuko arduradunak behar bezala justifikatutako premiazko lanengatik alda daiteke. Zerbitzuak ezin izango du bere urte osoko lanerako denboraren % 30 baino gehiago igaro UPV/EHUtik kanpo emateko zerbitzuekin.
  • Ekipoak erabiltzeko tarifak Ikerketa Batzordeak onartuko ditu urtero. Emandako zerbitzu guztiak (kanpokoak eta barnekoak) UPV/EHUren Kontabilitate Zerbitzuaren edo dagozkien aurrekontu prozeduren bidez fakturatuko dira. SGIkerrek zehaztutako eta argitaratutako tarifak gutxi gorabeherakoak dira, eta aurrekontua aldez aurretik egingo da kasu guztietan.
  • Fitotroia eta Berotegia unitateak egindako lanak ikerketa talde edo proiektu baten barnean sartzen direnean, argitalpenetan zerbitzu horren erabilera aipatu beharko da eta zerbitzuari argitaratutako emaitzen berri eman beharko zaio.

Hazkuntza Ganberak eta Berotegia Atala

  • Zerbitzuak ofizialki baimendutako hazkuntza eta mantentze zentroetako landareak, lurrak, etab. jaso ahal izango ditu. Gainerako kasuetan, dagokion unitateko Batzorde Zientifikoaren baimen zehatza behar izango da. Landare materialak, lurrek eta halakoek patogenorik ez dutela bermatu beharko da; alegia, ezin izango da izurriak dituen landarerik edo landare patogenorik sartu edo atera. Guztiz beharrezkoa den kasuetan, dagokion unitateko Batzorde Zientifikoaren baimena beharko da.
  • Zerbitzuak esperimentua egiteko espazio bat eta data bat esleituko dio eskatzaileari. Esperimentua amaitzeko epea igarotakoan, eskatzaileak materiala bertatik atera edo eskaera berritu beharko du, zerbitzuari horren berri ahalik eta azkarren emanez. Materiala bertatik atera ezean, zerbitzuak material hori nahi bezala erabiltzeko eskubidea izango du.
  • Barneko erabiltzaileen kasuan (UPV/EHU) hazkuntzen mantentze-lanak erabiltzaileek egin ahal izango dituzte, baldin eta zerbitzuko arduradunak erabiltzaile baimendu gisa onartu baditu aldez aurretik, eta gutxieneko prestakuntza aldi bat bete badute.
  • Tratamendu esperimental bereziak aplikatu ahal izateko, aldez aurretik kontsultatu egin beharko da, eta zerbitzuak kasua aztertu beharko du.
  • Berotegian edo fitotroien ganberetako batean tratamendu fitosanitarioren bat beharrezkoa bada, zerbitzuko teknikariak dagokion tratamendua aplikatzeko eskubidea izango du, ahal izanez gero erabiltzailea aldez aurretik jakinaren gainean jarriz.
  • Erabiltzaile guztiek, aurrekontua onartzean, honako konpromiso hauek hartuko dituzte:
    • Zerbitzuko instalazioak eta ekipamendua zaintzea eta arduraz erabiltzea.
    • Beren hazkuntzak kontrolatzeaz arduratzea, beharrezkoak iruditzen zaizkien bisita guztiak eginez.
    • Beren giltzak edo sartzeko txartela ez uztea erabiltzaile baimendu gisa alta eman gabeko pertsonaren bati, aurrez zerbitzuko teknikariari abisatu gabe.
    • Berotegiko eta fitotroien ganberetako erregistro liburuan izena ematea, baita zerbitzuak barne hartzen dituen aparatu desberdinen erabilera koadernoetan ere.
    • Instalazioak ordenatuta eta garbi edukitzea, eta erabilitako ekipamendu txikiak itzaltzea.
    • Instalazioaren parametroak kontrolatzeko agindurik ez manipulatzea.
    • Zerbitzuko teknikariari esperimentazio materialean egindako edozein aldaketaren berri ematea (ganberen eta berotegiaren arteko lekualdatzea, hazkuntzen epeak aldatzea, laginen bat kentzea, etab.).
    • Instalazioaren osasun egoeran eragin negatiboa izan dezakeen material gaixo edo hildako guztia kentzea, ahal den heinean.
    • Material zikinik ez uztea berotegiaren edo fitotroien barnealdean.
    • Ahal den neurrian, hautsa edo intsektuak sartzea saihestea. Ateak behar baino gehiago irekita egon ez daitezela zaintzea.
    • Erabilitako instalazioa garbi uztea esperimentua amaitutakoan, edukiontziak, erretiluak eta erabilitako bestelako materiala barne (dena garbituta eta desinfektatuta utzi beharko da).
    • Zerbitzuko teknikariari instalazioan gertatzen den edozein irregulartasunen edo arazoren berri ematea.

Kromatografia Ionikoa Atala

  • Nahitaezkoa izango da laginaren izaera, ateratzeko metodoa eta prestaketa eta beste datu interesgarri batzuk adieraztea, laginarekin gerta daitekeen edozein eragozpen saiheste aldera.
  • Analisia egiteko laginaren gutxieneko tamaina 2 ml-koa da; edo horren bolumen proportzionala, baldin eta diluzioak edo errepikapenak egin behar badira.
  • Laginaren diluzioak behar izanez gero, horiek beste analisi bat bezala landuko dira.
  • Ez da 0,2 μm-tik iragazi gabeko laginik analizatuko. Zerbitzuak analizatu beharreko laginentzako iragazkiak emango ditu; horien prezioa tarifaren barnean sartzen da. Laginak zerbitzuko teknikariak iragazi behar izango balitu, tarifari horretarako erabilitako denbora gehituko litzaioke.
  • Zerbitzuak ez du bere gain hartuko erabiltzeak lagina eskuratzeko erabilitako metodoaren erantzukizunik.