Eduki publikatzailea

Telekomunikazioen industria eta ikerkuntza UPV/EHUn bilduko dira

Lehenengo argitaratze data: 2017/02/21

Irudia

Ericsson, Huawei edo Nokia enpresek eta Deutsche Telecom, Orange edo Vodafone bezalako operadoreek telekomunikazioen estandarizazio jardunaldi batzuetan parte hartuko dute

Telekomunikazioen alorreko enpresa eta erakunde desberdinek UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolan bilduko dira otsailaren 20tik 24ra bitartean ETSIren (European Telecommunications Standards Institute) bi lantaldetan, NFV ISGan (Network Function Virtualization Industry Specification Group) eta ETSI OSMan (Open Source Mano).

Bilera honen helburua interneterako aplikazio eta zerbitzuen mekanismoen estandarizazioan lan egitea da. Horiek edozein fabrikatzaileren sare aplikazioak (suebakiak, pakete ikuskatzaileak, azeleragailuak…) edozein operadoreen zerbitzari zein sareetan exekutatzea ahalbidetzeko. Teknologia hauek Sare funtzioen birtualizazio (NFV) izena hartzen dute eta 5G teknologiaren oinarri dira.

Jardunaldi hauetan mundu osoko telekomunikazio sektoreko enpresek parte hartuko dute: Ekipoen fabrikatzaile diren Ericsson, Nokia, ZTE, Cisco, Huawei, NEC, Intel, IBM; software fabrikatzaileak RedHat, Canonical: eta Telefonica, Deutsche Telekom, Orange, Vodafone, China Mobile, Telecom Italia edo AT&T bezalako operadoreak. Bilera hauetan 200 pertsona inguruk, talde desberdinetan lan egingo dute.

Inaugurazio ekitaldian, astearte honetan, UPV/EHUko Errektore, Nekane Balluerka eta NFV kontzeptuaren sortzaileetako bat, eta orain dela gutxi ETSIko NFV talde industrial estandarizatzailearen zuzendari aukeratu duten Diego Lopez izango dira.

Jardunaldi hauek lehenengo aldiz unibertsitate batean egingo dira eta Bilboko Ingeniaritza Eskolako I2T ikerketa taldeko koordinatzaile, Eduardo Jacobek antolatu ditu. Ikerketa talde honek Europa eta Estatu mailako proiektu desberdinetan lanean dihardu, besteak beste softwarearen bidezko definiziozko sareetan (SDN) edo sareen birtualizazio eta sare funtzioen inguruko lanetan.

Zentzu horretan, Eduardo Jacoben arabera, "Unibertsitatean egiten ditugun ikerketak ez daude gizartetik at, estandarizazio lanetan ikertalde bezala aritzen garenean independentzia teknologiko eta komertziala bermatzen dugu. Gure ikuspegiak merkatal planak gainditzen ditu eta aldi berean ikerketaren difusioa eta emaitzen erabilera bultzatzen dugu zentzu industrialenean".