Eduki publikatzailea

Abian da Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroa

Egitasmo publiko-pribatu bati esker, UPV/EHUk industria prozesuen arloan ikertu ahalko du, eta emaitzak zuzenean enpresei transferitu

Lehenengo argitaratze data: 2017/03/24

Irudia
Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroa. Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU

UPV/EHUk, SPRI-Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Euskal Herrian kokaturiko aeronautikako eta makina-erremintako 39 enpresak martxan jarri dute Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroa (CFAA), Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean, Zamudion. Proiektuak zazpi urteko epea du, eta 16 milioi eurotik gorako inbertsioa, hasierako inbertsioaren eta urteko gastuaren artean.

Egitasmo publiko-pribatu honi esker, UPV/EHUk industria prozesuen arloan ikertu ahalko du, eta emaitza horiek zuzenean enpresei transferitu. "Zentroak, oro har, motor aeronautikoaren osagaiak fabrikatzeko prozesu aurreratuak landuko ditu. Aeronautikaren sektoreak hazteko aukera izugarriak ditu, eta fabrikatzea funtsezkoa da kontratuak betetzen jarraitzeko. Eta fabrikazioaren barruan sartzen dira metalezko aleazio oso aurreratuetan eraldatzeko prozesuak –termoerresistenteetan eta titaniozkoetan, esaterako–. Prozesuotan, gainera, behar-beharrezkoa da seguru aritzea eta osagaiek akatsik ez izatea; horregatik, ikuskapen teknikak erabili behar dira, eta ekoizteko metodoak hobetu. Erabiltzen diren baliabideak edo makinak ezinbestekoak dira; hori dela eta, makina-erremintaren euskal sektorea oso presente dago", azaldu du Norberto López de Lacallek, Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroko zuzendariak eta UPV/EHUren Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakasleak.

«Eusko jaurlaritzak, ITP SAk, WECek eta DanobatGroupek Aldundiarekin lehenengo ideiak partekatu zituztenetik, zenbait urte eta ahalegin handiak behar izan dira»

"Eusko Jaurlaritzak, ITP SAk, WECek eta DanobatGroupek Bizkaiko Foru Aldundiarekin lehenengo ideiak partekatu zituztenetik, 2013 inguruan, eta 2014 aldera lehen albiste publikoa argitaratu zenetik, zenbait urte eta ahalegin handiak behar izan dira gaur errealitate bihurtu den hau pentsatu eta prestatzeko. Bide horretan, unibertsitateak eta beste enpresa batzuek, baita Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak ere, egitasmo honekin bat egin dute. Zentroari proiektuak agintzen dizkion enpresa elkartea, ITP SA eta DanobatGroup buru dituena, behar-beharrezkoa da zentroa arrakastatsua izan dadin. Ez dira bezero soil bat; bene-benetako bidaideak dira, haiekin batera eta ez bakarrik haientzat ikertzen den zentro honetan. Elkarte horretako lider eta teknikariak unibertsitatearekin lortzen ari diren konfiantza da orain arteko ezusteko atseginenetako bat", esan du Norberto López de Lacallek.

Erresuma Batuko aurrekaria

Zentro mota horien erreferentea Erresuma Batuko Catapult da, I+G+b eta fabrikazio aurreratua lantzeko enpresa eta unibertsitateak biltzen dituen programa. Britainia Handian, Norberto López de Lacalleren hitzetan, unibertsitateek "eraginkortasun handia" erakutsi dute fabrikazio prozesuetan ikertzeari eta emaitzak zuzenean enpresei transferitzeari dagokionez, eta ez du zalantzarik hemen ere funtziona dezakeela horrek.

"Unibertsitatean, berez, giza aurrerabidearen lau zutabeak uztartzen dira, hots, ikerkuntza, prestakuntza, transferentzia eta gaztetasuna. Batzuetan, gaztetasuna ahaztu egiten da ekuazio horretan, baina oso garrantzitsua da, ikertzaile gazteak indarra eta grina daukalako, eta egunez egun gaitasun handiagoa edozein motatako teknologia eta trebetasunetarako. CFAA proiektuaren MRL 6-7 (Manufacturing Readiness Level) garapen mailak aplikazioetatik gertu daude, eta, beraz, maila horietan aplikatzen dira aurretik beste proiektu batzuetan lortutako ezaguerak. Proiektuak eurak, era berean, teknologoak trebatzeko pieza garrantzitsuak izan daitezke. Unibertsitatea ekosistema nagusia da, eta CFAA hango habitatetako bat da. Garapen maila oinarrizkoagoetako ikerketa asko zentroaren aplikazioetara bideratuko dira, eta hortik enpresetara, baita doktorego tesiak, albo teknologietako proiektuak eta abar ere. Alegia, ikerketaren bidez, zuzenean barne produktu gordinean eragin nahi dugu, eta garapen industrial eta sozioekonomikoan", zehaztu du.

«Unibertsitatean, berez, giza aurrerabidearen lau zutabeak uztartzen dira, hots, ikerkuntza, prestakuntza, transferentzia eta gaztetasuna»

Zentroan UPV/EHUko langileak aritzen dira egunero, trebatzen ari diren ikertzaile gazteekin, irakasleekin eta 39 enpresetako langileekin batera. "Unibertsitateak I+G arloan duen ahalmen handia ekartzen du, eta enpresek, berriz, ikuspegi praktikoa, baliabideak eta probako piezak. Gainera, enpresek emaitza praktikoak behar dituzte euren emaitza kontuetan eta euskal BPGan eragiteko. Dudarik gabe, proiektuetarako jartzen den euro bakoitzak izugarri areagotuko du inbertsioa. Prozesuaren kostuetan aurreztuz gero, ustiapen kontua hobetuko da, eta, hala, lanpostuak eta inbertsioak ugarituko dira. CFAAren elkarteko enpresek, zentroaren emaitzez baliatuta, itzulkin sozial eta ekonomikoa ekarriko dute, eta Unibertsitateak aurrera egingo du ikerkuntzaren eta prestakuntzaren esparruan".