Eduki publikatzailea

Prozedura errentagarri bat patentatu dute lignina balio erantsi handiko produktu bihurtzeko

Ikerketa UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako kideek egin dute

Lehenengo argitaratze data: 2017/01/20

Irudia
Xabier Erdocia, Marian Corcuera eta Jalel Labidi

UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako irakasle eta ikertzaileen talde batek, Jalel Labibik zuzenduta, metodo bat patentatu du paper-industriako hondakinetatik balio erantsi handiko konposatuak eskuratzeko (Novel method for the depolymerisation of lignin). Zura paper bihurtzeko prozesuan lortzen den ligninatik, hain zuzen.

Adituen arabera, etorkizun hurbil batean, ligninak (polimero organiko bat, landareetan den konposatu ugarienetako bat eta, zelulosarekin batera, haien zelulen pareta osatzen dutenak) petroliotik eratorritako material plastikoak ordezkatu ahal izango ditu beste ahalmen ugariren artean; gainera, farmakoen, agrokimikoen, elikagaien eta kosmetikaren industrian askotariko modutan erabili ahal izango da. 

Egun, hala ere, UPV-EHUko ‘BioRP  Biorefinery Processes ikerketa talde'ko zuzendari Jalel Labidik dioenez, zelulosako industriako hondakinetatik ateratako ligninak "ez du balio komertzialik, haren kalitatea oso eskasa delako".
UPV/EHUko ikerketa taldeak patentatutako metodoa baliatuz, berriz, hondakinetatik ateratako lignina horretatik, kostu txikiko olio fenoliko batzuk  eskuratzen dira. "Ateratako konposatu fenolikoek (katekola eta eratorriak) balio erantsi handia dute, askotariko moduetan aprobetxa baitaitezke industria kimikoan: plastikoa, farmakoak, agrokimika, elikagaiak eta abarreko sektoreetan", Jalel Labidik azaldu duenez.

Industriarako egokitzapena

Ikertzaileak zehaztu duenez, "patenteari esker, handitu egiten ditugu zelulosa industriaren lehiarako abantailak, zura zelulosa ore bihurtzeko prozesuan lortutako azpiproduktua edo ‘likore beltza' balioztatu egiten delako. Asmakuntzaren berritasuna da ez dela beharrezkoa gehiago ‘likore beltz' horretatik lignina (prozedura garestien bitartez) ateratzea konposatu fenolikoak lortzeko". 

«Patenteari esker, handitu egiten ditugu zelulosa industriaren lehiarako abantailak»

Halaber, patentatutako metodoak industriara egokitzeko ahalmen handia dauka, prozedura berritzaile hau "erraz egokitu" baitaiteke gure ingurunean dauden instalazioetara. Jalel Labidik argitu duenez, "metodoa erabat garatuta dago industrializatua izateko".

‘Novel method for the depolymerisation of lignin' patentea argitaratuta:

https://data.epo.org/publication-server/rest/v1.0/publication-dates/20160928/patents/EP3072874NWA1/document.pdf

Egileak:

Patentearen egileak Xabier Erdocia, Marian Corcuera eta Jalel Labidi ikertzaileak dira. Patentearen ideia Xabier Erdocia 'Study of lignin as high added value chemical compounds source' bere doktoretza tesia ontzen ari zela sortu zen. Lana "Biorefinery Processes" taldearen Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako laborategietan egin zen.