Eduki publikatzailea

Kanpoko espezieak ari dira Bilboko itsasadarraren biodibertsitatea handitzen

UPV/EHUko ikertzaile-talde batek bertatik bertara behatu du zooplanktonaren Bilboko itsasadarraren kolonizazioa azken 20 urteetan

Lehenengo argitaratze data: 2017/01/12

Irudia

1980ko hamarkadan Bilboko itsasadarraren uraren kalitatea hobetzen hasi zenetik, habitata berreskuratzen eta espeziez betetzen joan da. UPV/EHUko ikertzaile-talde batek 20 urte daramatza zooplanktonak ingurune hori nola kolonizatu duen behatzen. Azken hamar urteetan jatorri indopazifikoko espezieak nagusitu direla ikusi du, beste habitat batzuetan inbaditzaile diren espezieak. Aurrez hutsik zegoen habitat batean sartu direnez, ordea, biodibertsitatea handitzeak ekosistemari eragiten dion onura azpimarratu dute ikertzaileek.

1997. urtean ekin zioten UPV/EHUko Landare-biologia eta Ekologia saileko Zooplanktonaren ekologia ikerketa-taldean Bilboko estuarioa ikertzeari. "Bilbo berreskuratze- eta eraldatze-prozesuan zegoen, eta itsasadarra nola berreskuratzen zen ikusteko aukera genuen", azaldu du Ibon Uriarte ikertzaileak. Hilero laginketak eginez, estuarioaren aldaketaren lekuko dira. Batetik, aldagai abiotikoei erreparatzen diete, batez ere oxigenoari, eta, bestetik, zooplanktonari.

Honela deskribatu du Uriartek prozesua: "Gaur egun, esan daiteke nahiko egoera onean dagoela Bilboko itsasadarra; bai, behintzat, bizidunek ezinbestean behar duten oxigenoaren mailari dagokionez. Zalantzarik gabe, badago hobetzeko tartea, eta ez da inoiz izango behinola egon zen ekosistemaren parekoa, erabat eraldatuta dagoelako. Baina 1980ko hamarkadan sistema osoan nagusi zen oxigeno falta orain barne-barneko aldeko hondoan bakarrik dago. Izan ere, ur-masaren hondoa eta sedimentuak dira berreskuratzen zailenak, urteetan jasandako isurketak sedimentuetan metatuta gelditu baitziren".

Bizitzeko kondizioak hobetzearekin batera, "hasieran hutsik zeuden habitat gazikarak zooplankton-espeziez betetzen hasi ziren", dio ikertzaileak. Lehenengo iritsi zirenak berez habitat horietakoak ez ziren espezieak izan ziren, itsastarrak baizik, baina kondizio horietara moldatzeko gai zirenak, oportunistak. Ondotik, estuarioetako berezko espezieak iritsi ziren, eta aurrekoak ordezkatu dituzte. Haien berezitasuna da, ordea, "ez direla bertako espezieak, kanpokoak eta inbaditzaileak baizik", gaineratu du.

Kanpoko zein bertako, biodibertsitatea gora

Habitat jakin batean espezie inbaditzaileak sartzeak esangura negatiboa izan ohi du, biodibertsitatean galera eta ekosisteman estresa eragiten dituelako. Bilboko itsasadarraren kasuan, ordea, beste interpretazio bat egiten du Uriartek: "Kanpoko espezieak hutsik zegoen habitat batera iritsi dira. Hortaz, ezin da esan bertako espezieak kanporatu dituztenik; biodibertsitatea handitu besterik ez dute egin espezie horiek. Ekosisteman funtzio berriak dituzten komunitateak sortzeko aukera emango du horrek".

2001. urtean agertu ziren lehen aldiz bertakoak ez diren bi espezie: Oithona davisae eta Acartia tonsa. Indopazifikokoak dira, berez, eta ur epeletakoak, baina azken hamarkadetan mundu osoko estuario eta itsasaldeetan ari dira zabaltzen, itsasontziek garraiatuta, besteak beste. "Bi espezie horiek, Bilbon, iritsi bakarrik ez, finkatu eta espezie nagusi ere bihurtu ziren 2003-2004 urteetan, uda-sasoi bereziki beroak suertatu zirenean", azaldu du ikertzaielak.

2010. urtean bertakoa ez den hirugarren espezie baten agerpena hauteman dute:  Pseudodiaptomus marinus, ur gazikara eta epeletako kopepodoa, eta, jatorriz, Pazifikokoa. "Oraingoz, ordea, oso dentsitate txikietan dago. Hori dela eta, oraindik oso goiz da esateko estuarioan finkatuko den edo noizbehinkako agerpena baino ez duen izango", dio.

Hemendik aurrera, "gure helburua da bertakoak ez diren espezieek Bilboko estuarioan ekosistema mailan duten eragina aztertzea", zehaztu du Uriartek. Izan ere, Bilboko estuarioaren ingurumen-baldintzak hobetzeak zooplankton-espezieen kolonizazioa ahalbidetu du, "baina eragin zuzena izan dute, horrez gain, gertaera hidroklimatikoek eta giza jarduerek, hala nola bertakoak ez diren espezieak sartzeak".

Erreferentzia bibliografikoa