Eduki publikatzailea

ENSGTI ingeniaritza eskolako ikasleen bisita

Lehenengo argitaratze data: 2017/02/20

Irudia

PYREN programaren barruan, Paueko eta Aturriko Herrialdeetako Unibertsitateko (École Nationale Supérieure en Génie des Technologies Industrielles) ENSGTIko hamahiru ikasle eta bi irakasle izan dira bisitan Gipuzkoako Ingenieritza Eskolan, Eibarko Atalan.

Bisitaren helburua izan da ezagutzea ikastegian dauden energia berriztagarrietako instalazioak. Era berean, praktikak egin dituzte energia berriztagarriekin zerikusia daukaten laborategi batzuetan. Zehatz esanda, laborategi hauek izan dira beren interesekoak: energia eolikoaren eta fotovoltaikoaren alorrekoak, eta energia sare elektrikora egokitzekoak.

Euskal Herrira etorri diren honetan uhinen energia instalazioa ere bisitatu dute Mutrikun. Instalazio hori 2011ko uztailean ireki zen, eta uhinen energia baliatuta energia elektrikoa sortzen duen lehenengo instalazio komertziala da Europa osoan.

PYREN programa diziplina anitzeko programa bat da, hirueleduna eta egoitza ugarikoa, eta mugaz gaindiko harremanak sustatzea du xede. Frantziako Goi Mailako Hezkuntza eta Ikerketa Ministerioak sustatzen du, IDEFI programaren baitan (etorkizuneko inbertsioak). Programan hartzen dute parte Paueko eta Aturriko Herrialdeetako Unibertsitateak, Zaragozako Unibertsitateak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak. Unibertsitate horiek bultzatzen duten ‘mugaz gaindiko campusari' dago lotuta akordioa, eta hainbat jarduera egiten dira ikasleen mugikortasuna, irakasleen mugikortasuna, hirueletasuna, eta irakaskuntzarako informazio eta komunikazio teknologien erabilera areagotze aldera.