Eduki publikatzailea

In memoriam: Madame La Générale Madré eta Piarres Xarriton

Madame Madré, 94 urterekin Parisen, eta Piarres Xarriton,95 urtekin, hil dira

Lehenengo argitaratze data: 2017/03/22

Irudia

Negua hurrentzen ari den egunotan, André Madré jeneralak 1956an burututako Gure Sor Lekua euskarazko filma aurkitu eta Euskal Herrira ekartzeko funtsezko laguntza eman zidaten bi pertsonaren heriotzaren berri jakin dut. Batetik, Madame Madré pausatu da Parisen, hazpandar jeneral euskaltzalearen alarguna, 94 urte zituela. Bestetik, Piarres Xarriton lapurtar intelektual erraldoia joan zaigu, 95 urteak beteta, eritasun luze baten ondotik.

"Euskararen" eta "euskal unibertsitatearen" izenean EHUren kontrako erasoak ugaldu diren une honetan, agian ez da alperrekoa historiako euskarazko lehen filmaren aurkikuntza gogoraraztea. Abentura hartan, EHUko agintarien laguntza, eta konkretuki, Iñaki Goirizelaia errektoreak eta bere taldeak eskaini ziguten babesa eta inplikazio pertsonala, baitezpadakoa izan baitzen euskal kulturaren ondare inportante hau berreskuratu ahal izateko. Horrekin batera baina, berebizikoa izan zen ere, Piarres Xarriton eta Madame la Générale Madré bezalako pertsonen ekarpena, eta gizalegezkoa da eskertza eta gorazarre hitz batzuk eskaintzea.

2011an, inork gogoan ez zuen film haren arrastoa ikertzen hasi nintzelarik, lekuko guztiek, Piarres Xarritonengana bideratu ninduten hasieratik, "Galdetuiozu Xarritoni", "Zoaz Xarritonengana". Askok, "entziklopedia" deitzen zioten hazpandar idazle zaharrari, buruan gordetzen baitzuen 20. mende ia osoko Iparraldeko euskal kulturaren memoria. Orduak eta orduak pasa nituen Baionako bere etxean, eta zernahi datu eman zizkidan André Madré eta bere filmaz. Maleruski, orrialdeen ordena nahastutako "entziklopedia" zen ordurako, 271. orrialdearen ondoren, 135.-era salto egiten zuen, oroitzapen batetik bestera, urtxintxek arboletan nola. Baina bere eleketatik hitzik ez galtzea komeni zen. Izan ere, gutxien espero zenuenean, "ttak",ustegabeko datu ezezagun eta harrigarri bat oparituko zizun, intxaur bat bezala. Piarresek gainera, harreman intimoa zuen Gure Sor Lekua-rekin. Elkar ikusi genuen lehen egunean esan zidan, bertan, bere ama eta aita filmatu zituela André Madré-k. Egia esateko, nahastutako oroitzapen bat ote zen dudatu nuen. Baina filma aurkitu eta erakustera joan nintzenean, sekula ahaztuko ez dudan emozioarekin aurkitu zituen bere gurasoak Madré-ren irudi mututuetan. Gure Sor Lekuaren bila filman ageri da eszena. Xarriton nire ordenadoreari so, eta bat-batean, begiak zabaltzen zaizkio: "Ene ama da hori! Eta ene aita, gure etxe aitzinean! Eta gure xakurra! Eta gure etxe aitzineko platanondoa!!! Errana nautzun! Ene ama!".

Bere bizipen pertsonalez gain, Xarritonen ikerketak ere, lehen mailako iturri izan zitzaizkidan. Zerbitzari-ren paperen apailaketa, edo Pierre Broussain hazpandar abertzaleari buruzko bere lanak (maleruski ezezagunegiak gure artean) hutsegin ezinezko gakoak dira XX. mendearen lehen erdiko Ipar Euskal Herria ulertzeko.

Madame la Générale Madré-ren bizia ere, izugarri aberatsa izan zen, bere titulu ugariek erakusten duten gisan: Frantses Errepublikako Artearen eta letren "chevalier" zen, Alemaniar Errepublika Federelako Merituaren "officier", Val de Grace-ko memorialaren lehendakari-orde, eta Heidelbergeko unibertsitateko HAFR-eko lehendakari, besteak beste. Haren ezagutza nola egin nuen, idatziz eta irudiz kontatua dut honezkero, eta beraz, ez naiz horretan luzatuko. Haatik, balio du azpimarratzea, Pariseko goi zirkuluetan mugitzen zen emakume txiki eta dotore honek, bere senar zenaren herriari eta euskaldunei azken urteetan hartu zien miresmena.

Urte luzetan André Madré-ren ondarea zaindu ondotik, 2013an, jeneralak zuzendutako filma EHUri eskaintzea deliberatu zuen, eskuzabaltasun handiz, eta trukean ezer eskatu gabe. Urte hartan, Hazparneko Zinegin festibalean erakutsi genuen Gure Sor Lekua, 1956tik lehen aldiz, eta Madame La Générale Madré-k, Panamá-ra gabonak pasatzera joateko zuen bidaia aldatu zuen (semea, frantses enbaxadore zuen herrialde hartan) Hazparnen egon ahal izateko. Ondo gogoan dut haren hunkidura, herriko etxean omenaldi xume bat egin ziotelarik, bai eta ere, Paulo Iztueta, Josu Amezaga, Idoia Fernanez eta Juani Azurmendi irakasleekin, Belokeko monastegia ezagutzera eraman genuenean (André Madré bertan egona zen ezkutatuta, II. Mundu Gerran, alemanengandik ihesi).

Bidaia haren ondotik, Hazparneko ikastolaren alde dohaintza bat egin zuen, "Hazparneko haurrek euskaraz jakiten segi zezaten", eta 2014an, doktore tesia bukatu nuelarik, berriz ere Euskal Herrira etorri zen, Bilbora oraingoan, defentsa publikoan egoteko. Hilabete batzuk geroago, François Hollandek Frantses Errepublikako "Chevalier des Arts et des Lettres" izendatu zuelarik, ekitaldira EHUko agintariak gomitatu zituen, "euskaldunak ere present egon zitezen".

Oskorrik kantatzen zituen hitzak dabilzkit gogoan bueltaka: "Zaharra ez da izandakoa. Luzaroan dena baizik". Piarres Xarriton eta Madame Madré-ren heriotzarekin, gure herriaren historiaren lekuko handi bi joan zaizkigu. Oso gogoeta sinplea egin nahi nuke: 2012ean izan ordez, 2017an hasi banintz ni ikerketa lanetan (Zer dira bost urte?), Euskal Herriak betiko galduko zuen euskarazko lehen filma eta haren historia, bi funtsezko lekuko hauek gabe, ezinezkoa baitzatekeen aurkikuntza. Milesker beraz, bihotzez, Piarres eta Madame Madré.

Agur eta ohore.

 

Josu Martinez
UPV/EHUko irakaslea eta NOR ikerketa taldeko kidea