Eduki publikatzailea

Politika eta artearen arteko harremanak Euskadin, sakontasunez aztertuta liburu batean

Politikak euskal kulturaren adierazpen ezberdinengan izan duen eraginaren inguruko zenbait adituren hausnarketak jasotzen ditu "Autonomía e ideología: tensiones en el campo cultural vasco" liburuak

Lehenengo argitaratze data: 2017/03/22

Irudia
Jon Kortazar bere liburua eskuetan duela. Argazkia: Laura López UPV/EHU

Gatazka politikoa epe luzean zehar eta etengabean indarrean izan duten Europako herrialde horietako bat izan da Euskal Herria, ezbairik gabe, eta gatazkak bizitza sozial eta ekonomikoaren alderdi guztietan eragin du. Tentsio politikoko prozesu luze horrekin bat, halaber, euskal literatura eta kulturaren garapena eman da.

Zeintzuk izan dira politikak Euskadin garaturiko kulturaren adierazpen ezberdinengan izan dituen eraginak? Nola islatu dira tentsio ideologiko horiek arte, literatura, zinema edo kirolean?

Horiexek dira "Autonomía e ideología: tensiones en el campo cultural vasco" liburuak erantzun nahi dituen galderak. Iberoamericana-Vervuertek editatu eta UPV/EHUko literatura katedradun Jon Kortazarrek koordinatu duen liburukiak LAIDA Literatura eta Identitatea Ikerketa Taldeari loturiko hamar bat irakasle eta ikertzaileren ekarpenak bildu ditu.

Kortazar irakasleak lanaren hitzaurrean gogoratzen duenez, liburuaren jatorria literatura eta nazioaren arteko harremanen inguruko hausnarketa izan zen. Hausnarketa hori zabalduz joan zen denbora igaro ahala, beste kultura eta kirol adierazpenak alde batetik eta, bestetik, sorkuntza artistikoan eragiten duten osagai ideologiko ezberdinak (nazio mailaz haraindikoak ere) integratuz bere azterketan.

Liburukiak azken mendetako euskal kulturaren funtsezko osagaiak jorratzen ditu: euskarazko literaturaren garapen aipagarria; Txomin Agirre, Gabriel Aresti, Txillardegi edo Bernardo Atxaga bezalako egileen lana; arte plastikoen mugimenduak XX. mendeko une ezberdinetan; futbolak euskal nortasunaren ikur gisa izan duen papera; edo azken urtetako euskal zinemagintzaren arrakasta itzeleko fenomenoak ("Ocho apellidos vascos", esaterako).

Liburukia koordinatu duen Jon Kortazarren azterketarekin batera, ondoko egileen ekarpen bereziak ikus daitezke ere: Anton Figueroa, Karlos del Olmo, Miren Billelabeitia, Tomas S. Harrington, Ismael Manterola, Paulo Kortazar, Ander Delgado, Ekain Rojo-Labaien, David Colbert Goicoa eta Itamar Even-Zohar. Nabarmentzekoa da UPV/EHUri lotuta daudela gehienak.