Eduki publikatzailea

Mugimendua berreziz aurrea hartzen zaie adimen desgaitasuna duten pertsonen zahartzeak ekarritako arazoei

UPV/EHUko ikertzaileek egiaztatu dute Feldenkrais metodoa eraginkorra dela pertsonen oreka eta mugikortasuna hobetzeko

Lehenengo argitaratze data: 2017/10/13

Irudia

Mugimenduaz ohartzen ikasteak hobetu egiten ditu desgaitasuna duten pertsonen gorputz oreka eta adimen mugikortasuna, UPV/EHUko Fisiologia Sailean egin eta Jon Irazusta doktoreak zuzendutako ikerketa baten arabera. Ikertaldeak, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailarekin lankidetzan, aztertu egin du azken sei hilean Lantegi Batuak enpresako 32 pertsonak (21 gizonek eta 11 emakumek) izandako bilakaera.

Adimen desgaitasuna da informazio berria edo konplexua ulertzeko eta gaitasun berriak ikasi eta aplikatzeko gaitasun oso urria izatea. Gainera, horrelako desgaitasuna duten pertsonek zahartze goiztiarreko zantzuak dituzte (adibidez, mugikortasuna eta oreka gutxitzea) eta, ondorioz, desgaitasuna handitu diezaieke, bizi kalitatea galdu, eta gizartean baztertuta geratzeko arriskua ekarri.

2015eko irailetik 2016ko maiatzera egindako azterlanak Feldenkrais metodoa baliatu zuen, mugimenduari buruzko arreta kontzientean oinarritutako sistema bat, ukraniar jatorriko Moshé Feldenkrais ingeniari eta fisika doktoreak garatua. Ikerketan parte hartu duten 32 pertsonek 40tik 60 urtera eta adimen desgaitasuna dute, eta 16 pertsona banako bi taldetan bereizi zituzten (bata interbentziokoa eta beste kontrolekoa). 30 astetan, lehendabiziko taldeak astero saio bat jaso zuen mugimenduaren bitartez beren burua ezagutu dezaten. Alegia, ahoz jarraibideak eman zitzaizkien eginkizun bat egin eta parte-hartzaile bakoitzak hura nola egin erabakitzeko; bakoitzak ekintza desberdinak egitea aztertzen zuen, egiten errazena zena eta ahalegin txikiena eskatzen zuena aukeratzeko. Kontrol taldeak, berriz, ez zuen batere klaserik jaso, ezta mugimenduan oinarritutako beste terapiarik ere.

Azterketa bukatutakoan, interbentzio taldea osatzen zuten pertsonek denbora laburragoan egin zituzten ebaluazio funtzionaleko eginkizunak, eta hobeto aritu ziren ere mugikortasuna zein oreka testatzen zituzten probetan, kontrol taldearen aldean. Zehazki, egonkortasunaren azterketa egiteko, plataforma estabilometriko bat baliatu zen, baita ondorengo proba funtzionalak egin ere: oinez ibiltzeko abiadura, aulkiko altuera eta zutikako oreka. Horiek egin ziren 30 saioen hasiera baino justu lehenago eta behin horiek amaitu eta berehala.

Ikerketa honek frogatu du, lehendabiziko aldiz, Feldenkrais metodoa eraginkorra dela adimen desgaitasuna duten adin ertaineko pertsonen gorputz egoera eta gaitasun funtzionala hobetzeko.

Erreferentzia bibliografikoa