Eduki publikatzailea

Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Beatriz Plaza Inchausti eta Vitoria Ateca Amestoy irakasle eta ikertzaileak

«Kulturako parte hartzea ez bada inklusiboa, aberatsenen kultur kontsumoa denon zergekin finantzatzeko arriskua dago»

Lehenengo argitaratze data: 2017/10/13

Irudia
Beatriz Plaza eta Victoria Ateca. Argazkia: Tere ormazabal. UPV/EHU

Victoria Atecak eta Beatriz Plazak Springer-ek argitaraturiko Enhancing Participation in the Arts in the EU: Challenge and Methods liburuan parte hartu dute. Lanak hainbat ikuspegitatik jorratzen ditu, alde batetik, Europar Batasuneko kultur jardueretako parte hartzea eta, bestetik, parte hartze horren ondorio ekonomiko, sozial eta politikoak.

Liburuan, Europako proiektu batean diharduten akademikoen, politikarien eta kultur kudeatzaileen ikuspuntua eta analisia jasotzen da. «Kulturako parte hartzeak gizarte askotarikoagoak, inklusiboagoak eta burutsuagoak sortzen laguntzen du», esan du Victoria Atecak, liburuaren editoreetako batek.

1. Lehenik eta behin, kultur jarduerez hitz egiten duzuenean, zer-nolako jarduerez ari zarete?
Vitoria Ateca: Parte hartzeaz hitz egitean, jarduera multzo oso heterogeneo bat gauzatzeko aukeraz ari gara. Jarduera horiek guztiek, baina, elementu sinboliko eta kreatibo berberak dituzte. Istorio batzuk kontserbatu eta monumentuen bidez transmititzen dira; beste batzuk, berriz, sortu eta irudikapen eszenikoen bitartez zabaltzen dira; eta ospakizun batzuek bizirik irauten dute beren komunitateen inplikazioari esker. Kasu guztietan, kulturaren oinarri immateriala da garrantzitsuena.

Beatriz Plaza: Kontuan hartzen ditugu etxean egiten ditugun jarduerak, etxetik kanpo egiten ditugunak (kontzertuak…) eta geuk egiten ditugun sormenezko jarduerak (bakarrik edo osagai sozial nabarmen batekin, gastronomiaren kasuan bezala). Gainera, aintzat hartzen ditugu hala "goi" kultura (opera, antzerkia, etab.) nola "pop" kultura edo komertziala (bideo jokoak, zinema eta musika), turismo kulturala eta, are, kirola.

2. Zer berezitasun ditu Europar Batasuneko kultur jardueretako parte hartzeak?
V.A:
Nahiz eta herrialdeen artean aldeak dauden parte hartzeko tasetan, hau da, jarduerak egiten dituzten herritarren edo talde sozial jakin batzuen ehunekoan, badaude denentzat berdinak diren ezaugarriak ere.

Garrantzitsuena hezkuntzak kontsumo kulturala azaltzeko orduan daukan zeregina da. Benetako arazoa ez dira eskualdeen araberako edo errenta mailen araberako aldeak, baizik eta hezkuntza mailen araberako aldeak.

Gainera, gaur egun parte hartzeko dagoen oztopo handiena, kasu guztietan, ez da eskaintza falta, prezioa edo denboraren muga, baizik eta interes falta. Bestalde, parte hartze kulturala bereziki hiriko fenomeno bat da. Bitarteko inprimatu edo digitalen bidez egiten den kontsumo kulturala ere handiagoa izan ohi da hiriguneetan. Hortaz, artistaz eta sortzailez inguratuta egotea, ekoizpenerako ez ezik, ona da ohitura kulturalak sortzeko ere.

«Orain arte ekoitzitako kultur ondasun garestiena bideo joko bat da»

B.P: Gainerakoan, azpimarratzekoa da finantzaketa publikoak kultur sektore ugaritan daukan garrantza. Europar Batasuneko herrialdeetan, eredu desberdinak daude kultura publikoki hornitzeko eta finantzatzeko, baina, halere, onartu behar da kulturaren zati handi bat zergapeko guztion artean ordaintzen dugula eta zenbateko nahiko txikia ordaintzen dutela korporazio handiek (babesletza eta mezenasgoa) edo herritarrek (prezio bat ordainduta edo mikromezenasgo/crowdfunding egitasmoen bitartez).

Hainbat forma artistiko ez lirateke existituko finantzaketa publikorik gabe. Izan ere, merkatuko balioa dela-eta ez dira errentagarriak, edo oraindik ere ez dago ondasun horietarako merkaturik, baina horrek ez du esan nahi baliorik ez dutenik. Era berean, ez da nahikoa kultura jasotzeko eta gozatzeko eskubide bat onartzearekin; kultura modu efektiboan jaso behar da, hau da, jasotze horretan benetako "ekitatea" behar da. Bestela, kulturaren finantzaketa erregresiboa izateko arriskua dago: aberatsenen kontsumo kulturala denon zergekin finantzatzen da.

3. Liburuan, gazteenen ohitura kulturalen aldaketen gaineko kezka agertzen duzue.
V.A:
Ez da hainbeste aldaketengatik, aldaketak beti baitaude; kontsumo modu berriak nolakoak diren jakin nahi dugu. Halere, gazteak zenbait kultur adierazpenetatik desagertu direla-eta kezkatuta gaude, horregatik bai. Adinak gustuak aldarazten eta garatzen ditu. Esate baterako, ikusi denez, Espainian 30 urtera bitarte areagotzen da entzuten diren musika generoen kopurua, baina, adin horretatik aurrera, kopuru horrek behera egiten du.

"Natibo digitalek" oztopo gutxiago izan ohi dituzte kultur eduki digitalak eskuratzeko. Egia da jada ez dela hitz egiten "lehen mailako arrakala digitala" delakoaz bakarrik (hau da, kolektibo desberdinek duten sarbide tasa desberdina); "bigarren mailako arrakala digitala" ere hizpide dugu (digitalki egiten dena). Frogatuta dago jarduera digital batzuen bitartez baliabideak aprobetxatu eta gaitasunak garatzen direla eta, horrela, erabiltzaileak lehiakorrago eta produktiboago bihurtzen direla. Hor bai, hor garrantzitsua da gazteak modu kreatiboan hurbiltzea jarduera berri horietara (erabilera pasiboa saihestuz).

«Digitalizazioak dena aldatzen du. Fenomeno berriak sortzen ditu, esaterako, 'prosumitzaileak', aldi berean kultura produzitzen eta kontsumitzen duten horiek»

Ikerlerroetako bat bideo jokoen publikoa aztertzea izan da. Frogatuta dago gizonek eta emakumeek bideo jokoen genero desberdinak atsegin dituztela, eta frogatuta dago, era berean, bideo jokoen erabiltzaileen gustu eta ohitura kulturalak herritar gehienen gustu eta ohituren gainetik daudela eta bideo jokoen balio kulturala legitimatzen dela (bide batez, gaur arte ekoitzitako kultur ondasun garestiena bideo joko bat da, Destiny: 380 milioi euro kostatu da). Gure taldeak Espainian eta Danimarkan egin zituen lehenengo azterlanak, eta Erresuma Batuan ondoren. Han, emaitzek erakusten dutenez, "gamerrak" 43 bat urte ditu batez beste, eta emakumeak jada gizonak baino gehiago ibiltzen dira bideo jokoetan.

Gazteak forma artistiko batzuetatik desagertuko direlako kezka dela eta, arte eszenikoen gaineko kezka komuna azpimarratu behar da. Aspaldidanik frogatuta dago arte eszenikoen publikoak "gris" bihurtzen ari direla. EBk, gainera, ikusleak "ikusleen garapena" delakoaren bitartez gazteagotzea lortu nahi du. Liburuan, musika klasikoaren entzule berriak erakartzeko proposamen berri batzuk aurkezten dira. Proposamenetako bat da, adibidez, komunikatzeko sistemak dibertsifikatzea eta eremu tradizionaletako programazio ez-konbentzionala eremu ez-konbentzionaletako programazio tradizionalarekin konbinatzea. Azken gogoeta hori esparru akademikotik kanpoko parte hartzaileetako batek idatzi du, Michel Hambersin belgikarrak, "Ars Musika" Musika Garaikidearen Jaialdiaren zuzendariak.

4. Zer ondorio atera dituzue jarduera kulturaletako parte hartzeak dituen eragin ekonomiko, sozial, politiko eta teknologikoei buruz?
V.A:
Proiektuan, honako hauek izan ditugu aztergai, batez ere: inplikazio indibidualak (parte hartzeak pertsonen garapen kognitiboan eta zoriontasunean duen eragina), inplikazio sozialak (balio partekatuen gaineko ondorioak; esaterako, dibertsitatea errazago uler eta onar daiteke; edo artea gizarte inklusiorako erabil daiteke), inplikazio politikoak (kulturako parte hartzea, azken batean, gizartean parte hartzeko modu bat da, politikako parte hartzea bezala, eta parte hartze horrek herritar hobe bihur gaitzake mundu askotarikoago eta konplexuago batean) eta inplikazio ekonomikoak (enpleguak eta errenta sortzeko, eta hobeto ulertzeko zer zentzu duen arteek finantzaketa publikoa jasotzeak). Zalantzarik gabe, kulturan parte hartuz gero, gizarte askotarikoagoak, inklusiboagoak eta zuhurragoak sortuko ditugu, eta horixe da Europar Batasunaren erronketako bat.

«Gastronomia, San Juan Gaztelugatxekoa, Zumaiako flyscha eta Arabako Errioxa dira gure kultur baliabideetako batzuk»

B.P: Teknologiari dagokionez, ondorioetako bat da digitalizazioak ez dakarrela arte eszenikoak eta zuzeneko arteak "kanibalizatzeko" mehatxurik. Aitzitik, aukera ematen du ikusleek esperientzia berriak izan ditzaten eta gerora sarriago joan daitezen espazio eszenikoetara. Ingalaterran, adibidez, zinema aretoetan antzezlanak streaming bidez emateagatik, jada gero eta jende gehiago joaten da antzokietara. Efektu onuragarri hori rockean hauteman zen duela zenbait urte; kontsumo digitalak (baita musikaren kontsumo "piratak" ere) jende asko erakartzen zuen gero kontzertu handietara eta musika jaialdietara. Horrela, rock talde handiek atzera errepidera atera behar izan zuten.

5. Biok parte hartu zenuten, alde batetik, kultur ekoizpenaren eta kulturarako sarbidearen digitalizazioari buruzko azterlanean eta, bestetik, arteetako parte hartzea eta turismo kulturala tresna digitalekin aztertzeko lanean.
B.P:
UPV/EHU izan zen EBko herrialde ugaritako kultur erakundeekin batera PUCK proiektuan (parte hartzea, unibertsitatea, hiria eta kultura, Europar Batasuneko KULTURA Programak finantzatua) parte hartu zuten 4 unibertsitateetako bat.

Ondorio garbia atera dugu hortik: digitalizazioak dena aldatzen du. Hainbat eta hainbat tresna digital ditugu kulturarako sarbidea ikertzeko: besteak beste, txioak aztertzen ditugu, zinemagintzako ospea eta ahoz ahoko efektua nola sortzen diren ulertzeko; museo bateko bisitariei jarraitzen diegu GPS bidez; eta kultur bidaiariek leku jakin batean egiten dituzten ibilbideak ikertzen ditugu.

Digitalizazioak ondasun eta zerbitzu kultural berriak sortzen ditu, fenomeno berriak (adibidez, "prosumitzaileak", aldi berean kultura produzitzen eta kontsumitzen duten horiek), eta negozio ereduak aldarazten ditu. Gaur egungo munduan, "lorratz luzearen" eredua finkatzen ari da; eredu horretan, kontsumoa artista eta eduki gutxi batzuetan kontzentratzen da (musikako superizarrengan eta pelikula arrakastatsuen ondorengoetan), eta artista eta eduki gutxi horiek merkatu nitxoetan bizi dira (digitalizazioari esker, zeuk ekoitz dezakezu zeure diskoa, eta entzuleengana iritsi). Eremu digitalean, gainera, edukiak "biral" bilakatzen dira. Gaur egun, kultura eta edukiak kontsumitzeko gure euskarri nagusia poltsikoan daramagun aparatu elektroniko txikia da.

«Euskadiko kultur turismoaren ehunekoa handia da, baina baliabideen eta emaitzen arteko harremana Espainiako batez bestekoaren azpitik dago»

Galdera asko daude irekita. Batzuentzat, eduki gehiegi izateak eta materiala pilatzeak hil egiten digu sormena; beste batzuentzat, kultur edukiek digitalera "migratzeak" eta gure "liburutegi" eta "diskoteka" familiarrak partekatu ezin ditugun gure banakako gailuen memoriara igarotzeak pobretu egiten gaitu.

Espainian, Europar Batasunean eta Estatu Batuetan egin diren hainbat inkesta handi aztertu ditugu UPV/EHUn, gaur egungo askotariko kultur kontsumoa azaltzen duten aldaketak eta faktoreak zein diren egiaztatzeko. Gainera, erabiltzaileek sortutako sare eta datu digitalak aztertu ditugu, hobeto ulertzeko zein motibazio eta jokabide dituzten herritarrek eta nolako eragina duten interkonexio digitalek lurraldeen kultur eta ekonomia garapenean.

6. Euskadiko hiri batzuk zerbitzuaren edo kulturaren hiri gisa aurkezten dira; burura datozkit, besteak beste, Donostia, Gasteiz eta Bilbo. Horrek eragin ekonomiko, sozial eta politiko handia du Euskadirentzat, ezta?
V.A:
Donostiaren kasuan, DSS2016 Europako Kultur Hiriburutzaren adibidea dugu, esaterako, baita Zinemaldia eta Musika Hamabostaldia ere; Gasteizen, Jazzaldia eta berriagoa den Telebista Jaialdia. Ekitaldi horiek aukera paregabeak dira herritarrek parte hartzeko, eta, era berean, hiriari sustatzen lagunduko dion kultur identitate bat osatzeko balio dute.

B. P: Azpiegituren eta kultur zerbitzuen garrantzia zehatz-mehatz aztertu dut Silke Haarich doktorearekin batera egin dudan lan batean. Arteek eta sormenak eragin handia dute lurraldeen garapen ekonomiko eta teknologikoan, herritarren gaitasun eta trebetasunak hobetzen baitituzte.

Halere, argi dago Bilboko Guggenheim bereziki arrakastatsua izan zela, ekonomia dibertsifikatzeko prozesu baten pieza bat izan zelako. Tamalez, azpiegitura handi asko "elefante zuri" bihurtu dira, hau da, eraikin erraldoi, izugarri garesti eta alferrikakoak. Azpiegitura batek arrakasta izan dezan, ezinbestekoa da "behetik gorako" programazioa eta ikuspegia izatea.

«Artistaz eta sortzailez inguratuta egotea, ekoizpenerako ez ezik, ona da ohitura kulturalak sortzeko ere»

V.A: 2016ko Eurobarometro baten arabera, europarrek bidaiatzeko dituzten hiru motibazio nagusietatik bi (eguzkia/hondartzarekin batera) hirietako turismoa eta kultur turismoa dira. Euskal hiriek interkonexio onak dituzte asteburuko turismoa egiteko, eta, hortaz, oraindik asko haz daiteke euskal hirien eredua askotariko kultur jarduerak konbinatzen dituzten helmuga gisa. Gastronomia kultura da; San Juan Gaztelugatxekoa ikono bihurtu da Game of Thrones telesailean, eta izugarrizko ospea lortu du munduan; horrez gain, Zumaiako flyscha eta Arabako Errioxako kultur paisaia ere kultur baliabideak ditugu, eta hiriko turismoaren inguruko jarduera dibertsifikatzen laguntzen dute.

Bestalde, aztertzen ari dira nolako eragina duten hiri sortzaileek bertako herritarrengan. 90eko hamarkadaren amaieran, Richard Floridak esan zuen kultur hiria "klase sortzailea" izenekoaren erakargarri izan zitekeela, eta ideia horrek arrakasta izan zuen, ematen baitzuen abantailak bakarrik ekarriko zituela. Gaur egun, ikuspegi hain baikor hori bere ondorio negatiboak kontuan hartuz aztertu da; esate baterako, "gentrifikazioa" (merkataritza lokalen eta etxebizitzen prezio garestiek eraginda herritarrak eta jarduera tradizionalak hiritik alde egin behar izatea). Bestelako eragin kaltegarriak ere izan ditzake, hala nola etxebizitzak turistentzat erabiltzeko gehiegizko presioa eta leku jakin batzuetan sor daitezkeen bizikidetza arazoak.

7. Barakaldoko BEC aretoan egingo da 2018ko MTV Europe Music Awards gala, 500 milioi ikusle inguru izan ohi dituena. Zer esan nahi du horrek? Mugarri bat al da?
V.A:
Esango nuke Bilbo ez dela musikaren hiri bat munduan, bereziki honako hauekin alderatuta: Viena, Liverpool, Menphis, Chicago, Montreaux… BBK-Live-k maila ona du, eta ibilbide finkatua du jada, baina, beste jaialdi batzuekin konparatura, ekitaldi txikia da. Gasteizko, Donostiako eta Getxoko jazzaldien konbinazioa, agian, ekitaldi handiena izan daiteke programazio aldetik, baina hori bai, musikaren merkatuko "nitxo" batentzat baino ez da. Ekitaldiaren antolaketa benetako "pop" ekosistema baten sormen eta finkatze prozesu baten emaitza izango balitz, gala mugarri izango litzateke. Baina, ez denez hala, ekitaldi bat baino ez da izango.

2018tik ikusita, ekitaldi hori hiri guztiek mundu globalizatuan ikusgarritasuna lortzeko nahi dituzten mega-ekitaldi horietako bat da: Joko Olinpikoak, Futboleko Mundialak, Europako Kultur Hiriburuak, Belaren Amerikako Koparen Egoitzak, 1 Formulako Hiri Zirkuituak… Argi dago hiriek komunikabideetan agertzea behar dutela, hau da, arreta gunetik ez desagertzea eta ahalik eta jende gehienarengana iristea.

«Europarrek bidaiatzeko dituzten hiru motibazio nagusietatik bi hirien turismoa eta kultur turismoa dira, eguzkiarekin eta hondartzarekin batera»

B.P: Hala ere, badu zentzua politikari batzuek prentsari eginiko adierazpenak, esan baitute ekitaldiaren bitartez Bilbo ezagutzen ez duten gazteengana iritsi nahi dutela (El Correo, 2017ko irailaren 30a). Ez dakiguna da Bilbok ba ote duen gaur egun, edo etorkizunean izan nahiko lukeen, publiko horri egokitutako aisialdi eskaintza. Orain arte, Bilbok turista talde jakin batzuen artean izan du arrakasta (adineko eta familia frantsesak, alemanak eta estatubatuarrak, hezkuntza eta ekonomia maila altua dutenak), eta, Guggenheim ireki eta 20 urtera, hiriak hainbat zerbitzu ditu segmentu horietara egokituak.

Hau da, hain zuzen ere, "kultur ekitaldi" batek dakartzan irabazi instrumentalen adibide argi bat. Baina liburuan zalantzan jartzen dira teknika eta ikerketa batzuk, azpimarratzen dutenak horrelako ekitaldiek balio handi biderkatzailea dutela. Izan ere, besteak beste honelako adierazpenak egiten dira ikerketa horien ondorioz: "gure erakunde bakoitzak jartzen duen euro bakoitzeko, X euro sortzen dira bisitarien gastuari esker". Askotan, oinarririk gabe eginiko baieztapenak izaten dira, ekitaldi horiek ordaintzen dituen erakundeari atsegin emateko eta legitimatzeko eginikoak. Gehienetan, teknika horien bitartez, ez da posible kultur jarduerarentzat kalkulatutako irabaziak lortzea. Hori dela eta, eragina ebaluatzeko modu berriak proposatu dira (esate baterako, baliabide digitalen bitartez): dimentsio batzuk identifikatzen dira, zeinetan ekitaldi eta azpiegitura horiek beren hirietarako irabaziak sortzen dituzten. Bilbok, adibidez, irabazi izugarria lortu zuen konektibitate digitalean, eta hori bai, Bilboko Guggenheim Museoari esker izan zen.

8. Zertan hobetu behar du Euskadik?
B.P:
Oro har, gehiago zaindu beharko litzateke haurrek kultur jardueretan duten partaidetza. Badakigu artean eta sormenean oinarritutako irakaskuntzaren bitartez etorkizunean erabakigarriak izango diren gaitasun eta trebetasunak lor daitezkeela. Eta hori ez genuke ahaztu behar irakaskuntza planak diseinatzean.

«Sakelako telefonoa da edukiak eta kultura kontsumitzeko euskarri nagusia»

Nazioarteko zenbait proiektutan, berrikuntza soziala eta kultur proiektuen eragina aztertzen duten Europa iparraldeko talde batzuekin lan egin dugu, eta esperientzia horretatik ikasi dugu ona dela erakunde publikoek kultur proiektu handien alde egitea, baina hori bezain ona dela oinarri sozial handiagoko kultur proiektu gehiago sortzeko baldintzak sortzea.

V. A: Hezkuntza politikak ez ezik, beste arlo batzuk ere kolektiboki hobetu ditzakegu eta abangoardian jar gaitezke, Beatriz Plazak esaten duten moduan. Eskualde txiki batean, ezinbestekoa da erakundeek baldintzak sortzea, gure mugen barruan zein kanpoan koordinazioan eta lankidetzan jardun dezagun. Halaber, garrantzitsua da sormen eta kultura industrien ekoizpen sarea osatzen duten mikro enpresak finantzatzeko baldintzak zaintzea.

9. Museo eta monumentuetara egiten diren bisitak kultur turismoari lotuta daude. Guggemheimeko bisitarien bi herenak, adibidez, atzerritarrak dira. Aztertu al duzue lotura hori?
V.A:
Bai, editoreok "kultur bidaiariei" buruzko atal batera eraman ditugu kultur baliabideak eta turismoa lotzen dituzten ekarpenak. Izan ere, museo eta monumentuak bisitatzeko ohiturak erabat lotuta daude bidaiekin.

B.P: Hala ere, Bilboko Guggenheim Museoak ekarritako onura bakarra ez da izan Bilbon eta inguruan aberastasuna sortu izana. Beste bi ere aipa genitzake, gutxienez. Lehenik eta behin, gizarte kohesio izugarria sortu du: identitate eta harrotasun sentimendua ekarri du, Bilbo metropolitarra birgaitu izanaren ikono bihurtu baita, eta Bilbo metropolitarra, gainera, mundu mailako marka komunikagarriaren irudia da. Bigarrenik, nabarmen areagotu dira Bilboren "konektibitate digitala" horrekin lotutako balio positiboak.

Gure kideetako batek kultur norakoen eraginkortasuna aztertu du autonomia erkidegoka. EAEko turismoaren ehunekoa handia da, baina baliabideen eta emaitzen arteko harremana, "eraginkortasuna" esaten zaiona, Espainiako batez bestekoaren azpitik dago, nahiz eta etengabe ari den hobetzen azken hamarkadan. Ondorio garrantzitsuena da gure aukerak hobeto erabil ditzakegula.

10. Kultur kudeatzaile eta planifikatzaileentzako mezu bat.
B.P:
Bai eta ibilbide profesionala arlo honetan egin nahi duten ikasleentzat ere! Etorkizuneko jarduerek digitaletik igaro behar dute, eta ez komunikazio tresna gisa soilik, baita kontsumitzailearekin batera sortzeko espazio gisa ere. Etorkizuneko erakundeak "multiproduktuak" izango dira, eta ikusleak garatzera bideratuta egongo dira. Ez dira arte adierazpen bakar batean zentratuko eta "maker" mugimenduari bide emango diote; aisialdirako eta elkarrekin egoteko espazioak izango dira. Ezinbestekoa izango da nazioartearekin lan egitea, eta erakunde sare eta elkarlan publiko/pribatu/sozialak sortzen eta kudeatzen ikastea.