Rudolf de Rijk hizkuntzalari holandarra, UPV/EHUko honoris causa doktore

Nazioarteko hizkuntzalarien artean itzal handieneko euskalariaren izendapen ekitaldia gaur ospatu da Amsterdamen


Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Filologia, Geografia eta Historia Fakultateak Rudolf de Rijk hizkuntzalari holandarra honoris causa doktore izendatu du gaur, hilak 29. Hizkuntzalaria oso gaixorik dagoenez, de Rijk jauna honoris causa doktore izendatzeko ekitaldia haren etxean izan da, Amsterdamen eta bertan UPV/EHUko ordezkari hauek izango dira bertan: errektore Manuel Montero, Pello Salaburu errektore ohia -Rijk-en aitabitxia ekitaldian- Arabako Campuseko errektoreorde Antonio Rivera eta Filologia Fakultateko dekano Joseba Lakarra.

Izendapen hau -Manuel Montero errektoreak gogoratu zuenez, Euskal Unibertsitatearen 66.urteurrenean egiten dena- de Rijk irakasleak ikerketan eta jardun akademikoan egin duen bide bikaina saritzera dator. Izan ere, nazioarteko hizkuntzalarien artean bera dugu euskalaririk izentsu eta estimatuena. Azken 30 urteotan euskal morfología, sintaxi eta gramatikari egin dizkion ekarpenak funtsezko mugarriak izan dira, bai eta euskararen filologia eta diakroniaren arloan egindako lanak ere.

Ekitaldian Universidad del País Vasco-Euskal Herriko Unibertsitateak berriki argitaratu duen 'Erramu boneta: Festschrift for Rudolf P.G. de Rijk' liburua eman zioten. Liburu hau Anuario del Seminario de Filología Vasca Julio de Urquijo-ren gehigarri bat da, Xabier Artiagoitia, Patxi Goenaga eta Joseba Lakarra UPV/EHUko irakasleek zuzendua. Bertan 42 egilek de Rijken ikerkuntza lerroen inguruan idatziriko 39 artikulu bildu dira.

Rudolf de Rijk-y buruz


Rudolf de Rijk (Amsterdam, 1937), Leyden-eko Unibertsitateko irakasle oraintsu erretiratua, Euskal Filologia eta Hizkuntzalaritzaren aurrerakuntza bultzatu duten europar hizkuntzalarien tradizio luzearen jarraitzailea da. Euskara aspalditik izan da Europako hizkuntzalari, historialari eta antropologoentzat erakargarri. Aipa ditzakegu, besteak beste, Humboldt, euskal hizkuntzaz arreta sortarazi zuen lehenbizikoa. Luis Luciano Bonaparte printzea, dialektologiaren aitzindaria, Julien Vinson bibliografo handia… Euskalari atzerritarren zerrenda luzean bi holandar daude: Willen Van Eys (1825-1914) gramatikalari, lexikografo eta filologo bikaina eta C.C. Uhlenbeck (1866-1950), de Rijken bezala Leyden-eko Unibertsitateko irakaslea. De Rijk irakaslearen aldeko izendapenarekin Eukal Filologia eta Linguistikaren alde lan egin duten euskalarien kate luze hori ohoratzen du UPV/EHUk.

De Rijk irakaslea euskara ikasten hasi zen bere Hizkuntzalaritzako ikasketen osagarri gisa. Jadanik 1969an Fontes Linguae Vasconum aldizkari sortu berrian hitz hurrenkeraz lan garrantzitsu bat argitaratu zuen Is Basque a SOV Language?, oraindik ere aipagarri eta aipatua gertatzen dena.

Rudolf de Rijk euskal sintaxiaren eta morfologiaren inguruan mugitu da, batez ere. Euskal Herrian sintaxiaz inor gutxi arduratzen zenean Massachusetts Institute of Technology-n euskal perpaus erlatiboen azterketa generatiboa burutu zuen, Studies in Basque Syntax: Relative Clauses. Bere doktorego tesia izan zen, 1972an defendatua, baita euskararen sarrera gramatika sortzailearen arloan ere. De Rijken lan hau mugarri izan da, ezin bazter utzizko erreferentzia puntua. De Rijk irakaslea UPV/EHUko Euskal Filologia sailarekin lankidetza izan du, hitzaldiak emateko orduan, kongresuak antolatzerakoan, tesiak burutzerakoan… Gaur egun A progressive Grammar of Standard Basque, euskal gramatika egiten dabil. Proiektu erraldoi horretan urteak daramatza.

Euskaltzaindiak de Rijk-en lan aitzindaria eta euskararen jakintza sakona omendu zuen urgazle lehenbizi eta ondoren euskaltzain ohorezko izendatuz