MARIA JESUS ESTEBAN

MARIA JESUS ESTEBAN Frantziako CNRSko Directrice de Recherche classe exceptionnelle da Paris-Dauphine Unibertsitatean. Gainera, ICIAM erakundeko lehendakaria ere bada (The International Council for Industrial and Applied Mathematics), matematika aplikatuan eta industrialean diharduten mundu osoko elkarteak biltzen dituena.

Matematikako lizentzia atera zuen Bilboko Unibertsitatean, 1978an, eta doktoregoa egin zuen ondoren Parisko Pierre et Marie Curie Unibertsitatean, non 1991 arte egon baitzen CNRSko ikertzaile modura. Urte horretan, Directrice de Recherche izendatu zuten, eta Paris-Dauphine Unibertsitatean aritu da lanean orduz geroztik gaurdaino.

Ikertzaile gisa, aztergai izan ditu deribatu partzialetako ekuazio ez-linealak eta fisika matematikoa, eta nazioartearen aitorpena jaso du alor horietan. Gainera, lan handia egin du fisikako, mekanika kuantikoko eta kimikako problemen eredu matematikoetan. Hizlari gonbidatu izan da ehundik gora nazioarteko batzarretan eta mundu osoko unibertsitate eta ikerguneetan.

Kargu garrantzitsuak ditu eta izan ditu batzorde eta kontseilu zientifikoetan, Frantzian eta beste herrialde batzuetan. ICIAMen duen arduraz gainera, BCAMko (Basque Center for Applied Mathematics) Batzorde Zientifikoko burua ere bada. 2012an, Frantziako Errepublikako Presidenteak Chevalière de l´Ordre National du Mérite izendatu zuen, eta Jakiundeko kide da 2015az geroztik.

Euskaraz eginiko lehen matematikako tesinaren egilea izan zen unibertsitate honetan, eta kolaboratzaile lanetan aritu zen UEUk argitaratutako euskarazko matematika testuetan eta UZEIk 1982an argitaratu zuen Matematika hiztegian. UPV/EHUrekiko lotura aspaldikoa du: irakasle bisitari izan zen 2000an, hainbat ikerketa bisita egin ditu, lanak argitaratu ditu L. Vega eta J. Duoandikoetxea irakasleekin, UPV/EHUko doktorego aurreko eta ondoko bisitariak hartu ditu Parisen, etab.