Shakespeareren sonetoak Juan Garziaren ahotsean
036. Etsi dut biok bi behar dugula
Etsi dut biok bi behar dugula,
nahiz maitasun bitanezinok bat:
ditudan tatxak dituzket nik, hala,
zure parte gabe, neure huts soilak.
Gure maitasun bi hauek alderik
ez dute, nahiz bereizgarririk bai:
aldendu ez arren maitagunetik,
horrek zapuzten zenbait maita-garai.
Ez zaitut neure aitortuko jada,
ez zaitzan ene erru galduak gal;
zuk, berdin, ez ni abegiz ohora,
hain bainaiz zure izenaren itzal.
Utikan, ordea: hain maite zaitut,
zurea neure, izen ona baitut.